2024-11-22
HomeOsasungintzaOsasungintzaSalatu dugu Gorlizko ospitalean babes neurririk hartu ez izana, duela aste batzuk...

Salatu dugu Gorlizko ospitalean babes neurririk hartu ez izana, duela aste batzuk egoeraren berri eman arren

Iritsi garen egoera orain dela aste batzuk salatu genuenaren emaitza baino ez da. Gorlizko ospitalearen ezaugarriak direla eta, logelek 4 paziente dituzte, eta beren patologiengatik ezin dute maskara eraman edo ez dute eraman behar. Paziente horietako bakoitzak bisita bat jasotzen zuen, eta, beraz, une askotan 8 pertsona elkartu dira espazio txiki eta gaizki aireztatu batean.

Urriaren hasieran, bigarren COVID bolada sumatzen hasi zenean, LABek jakinarazi zien bai Laneko Osasun Zerbitzuari bai ospitaleko Prebentzio Medikuntzari egoera hori gertatzen ari zela eta profesionalok pazienteak maskara kirurgiko batekin bakarrik tratatzen ari ginela. Erantzuna izan zen “pazienteak osasuntsuak” zirela eta maskara kirurgikoarekin nahikoa babes genuela.

Zoritxarrez, denborak arrazoia eman digu. Gaur egun 40 langile eta 30 paziente inguru daude kutsatuta.

LABen ustez, langileentzako babes nahikoak jarri izan balira eta bisiten gaineko kontrol apur bat handiagoa izan balitz, egoera hori saihestu egin zitekeen.

Une honetan, akatsetatik ikasteko garaia da, eta ez daitezela berriro errepikatu, baina ikusten dugu Gorlizko Zuzendaritzak ez duela autokritikarik egin, eta bai, ordea, langileak erruduntzat jotzen direla, langileak “kafea hartzeko orduan erlaxatu” direla argudiatuz. Zuzendaritzak mahai gainean jarritako neurri bakarra aurpegiko pantaila bat gehitzea da. Noiztik da aurpegiko pantaila arnas babesa?

Egoera horren aurrean, salatu nahi dugu langileok babesik gabe egon garela birusaren aurrean, eta haien erabakiek gaixotu egiten gaituztela. Ez diegu utziko gure osasunarekin jolasten, ezta gure zentroan artatzen ditugun pertsonen osasunarekin ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.