2024-11-22
HomeFederazioakIndustriaTrenasako borroka ez da bukatu; enpleguaren alde mobilizatzen jarraitzera animatzen dugu

Trenasako borroka ez da bukatu; enpleguaren alde mobilizatzen jarraitzera animatzen dugu

Azken bi egunetan Castejongo Trenasa lantegiari dagokionez, EEE Enplegua Erregulatzeko Espedientea hurrengo hiru hilabeteetan eteteari dagokionez, LAB sindikatuak azpimarratu nahi du hasiera-hasieratik argi izan dugula EEE ez datorrela bat enpresaren errealitatearekin, haren funtzionamenduarekin eta esku artean dituen proiektu eta esleipen guztiekin jarraitzeko nahiko bideragarritasun baitu. Gure ustez, EEEren planteamendua desegokia eta onartezina izan da, eta, horregatik, hasiera-hasieratik erakutsi dugu eta erakusten jarraituko dugu Trenasako langileen kaleratze masiboa eragiten duten etorkizuneko planteamenduen aurka gaudela.

Aldi baterako etenaldia denez, eta ez erabaki irmoa, gobernuei eta enpresari eskatzen jarraitzen dugu 110 pertsona kaleratzea bezain tragikoa izanen litzatekeen erabakia berriz azter dezaten.

Jakin badakigu bataila ez dela bukatu eta honek jarraitzen duela. Eta argi daukagu enpresaren jarrerakjo parentesi hau ekarri duena langile borroka eta langileen arteko elkartasuna izan direla. Argi dugu hori gabe ez ginela gauden puntura ailegatuko, eta horregatik azpimarratu nahi dugu, bulego eta bileren gainetik, borroka txiki horren irabazlea —ez gerrarena— kalean eginiko borroka izan dela, jendearen presioa eta langile-klaseak bere lanpostuak defendatzeko duen borondatea eta nahia. LABetik, gure esker ona.

Trenasan ordezkari sindikalik ez dugun arren —bai, ordea, sail sindikal aktibo eta borrokalaria—, hasiera-hasieratik LABek bere ekarpena egin nahi izan dio langile-klasearena baino ez den borroka honi. Eta horrelako borroka dagoen lekuetan, LAB egonen da beti.

Azkenik, berriz azpimarratu nahi dugu hau ez dela bukatu eta, beraz, pertsona guztiak animatzen ditugu Trenasaren alde mobilizatzen jarrai dezaten. Era berean, Castejongo udaletxean sarturik jarraitzen duten pertsonei gure adorea bidali nahi diegu. LABetik gure maitasun guztia bidaltzen dizuegu, batzuek besoak jaitsi eta lanera itzultzeko duten ahaleginaren aurrean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.