2024-11-24
HomeIndustriaMetalgintzaBizkaiko Metalgintzako hitzarmenak indarrean dirau

Bizkaiko Metalgintzako hitzarmenak indarrean dirau

Lan Arloko 4 zenbakiko Epaitegiak arrazoia eman dio LABi. Bizkaiko Metalgintzako hitzarmena indarrean dirau eta hortaz, enpresek aurrerantzean ere berau hartu beharko dute kontutan, estatu mailako oinarrizko araudia zein Langileen Estatutuaren erabilpena baztertuz.

Uztailaren 7az geroztik FVEM patronalak oso argi adierazi zuen galdutzat jotzen zuela 2001-2003ko BIZKAIKO METALGINTZA HITZARMENA; modu honetan onura atera gura izan zion Rajoyren PPk egin Erreformari. Ordudanik, metalgintzako enpresa askok jakinarazi diete sektoreko beharginei aipatu hitzarmenean jasotako lan baldintzak ez zituela aurrerantzean erabiliko.

Egoera halakoa izanik eta beti jokatu dugun lez, LABek demanda bat aurkeztu zuen, aintzat har dadin 2001-2003ko Bizkaiko Metalgintza Hitzarmenak eraginkortasun orokorra duela, eta hortaz, nahitaez bete behar dela sektoreko enpresa guztietan eta eragin guztietarako indarrean dagoela. Demandaren oinarrian, hainbat arrazoi juridikoen artean, hitzarmenaren testu berean alderdiek huraxe adierazten zutela eta bertan jasotzen zela zegoen.

Patronalaren xantaiaz eta mehatxuez gain eta nahiz eta gaur egun uko egiten dion, iraganean, sindikatuegaz adostu ostean, agindu zuenari, azkenean, Lan Arloko 4 zenbakiko Epaitegiak ARRAZOIA EMAN DIGU. Honek esan gura du hitzarmenak indarrean irauten duela eta hortaz, enpresek erabili behar dutela aurrerantzean ere, estatu mailako oinarrizko araudia zein Langileen Estatutuaren erabilpena baztertuz.

LABen iritzian epaia positiboa da. Dena den, gogoratu gura dugu borroka ez dela honegaz amaitu, sektoreko hitzarmena bete dadin, baita enpresetan ere, jarraitu behar dugulako borrokan. Halaber, argi adierazi gura dugu gure helburua ez dela mugatzen hitzarmen hau luzaroan erabiltzera, baizik eta lan baldintza hauetatik abiatuz, egungoa hobetuko duen eta modu berean, gainontzeko lan erreformari aurre egingo dion HITZARMEN BERRIA LORTU GURA DUGU.

LABek oso ondo daki zein den bere lehentasuna: negoziazio kolektiborako eskubideari eustea Bizkaiko metalgintzako behargin guztientzat. Dagozkigun sektoreko eta enpresako hitzarmenei eutsi gura diegu.

Sektoreko hitzarmena berritzearen aldeko borroka lan gatazka edota gatazka juridikoa baino sakonagoa da. Arazo politiko eta sozial baten aurrean gaude eta honetan, erakundeek nahasi behar dute. Behargin guztientzat den sektoreko hitzarmen baten bitartez bakarrik berma daiteke aberastasunaren banaketa zuzena. Modu berean, gainontzeko sindikatuak deitzen ditugu borroka honetara batzera.
 

LAB sarean
{module[111]}

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.