2025-01-09
HomeEkintza PolitikoaMobilizazioaren beharra azpimarratu dugu, salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko

Mobilizazioaren beharra azpimarratu dugu, salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko

LABen arabera, preso eta iheslarien egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa da, eta Espainiako Gobernuari salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko exijitzen dio. Sindikatuak dei egiten die langileei euskal presoen eskubideen alde indarrak bildu eta mobilizatzen jarraitzeko. Datorren larunbatean Donostian SAREk antolatu duen mobilizazioan parte hartuko du LABek, bertan egongo dira Garbiñe Aranburu idazkari nagusia eta Aiora Imaz Batzordeko Exekutiboko kidea.

Presoen eskubideen alde mobilizatzen jarraitzeko deia egin nahi du LABek, bizirik, osasuntsu eta etxean nahi ditugulako. Egun indarrean dagoen salbuespenezko espetxe politika erabat ankerra eta krudela da. Espetxe politika horrek gaixotu eta heriotzera eramaten ditu presoak, duela aste batzuk Igor Gonzalezen kasuan ikusi dugun bezala.

Espetxe politika anker honen ondorioz 20 preso hil egin dira espetxeetan, beste 13 preso gaixorik eta erabateko askatasuna berreskuratu gabe hil egin dira, 16 pertsona zendu dira dispertsio politikak eraildak eta sakabanaketak bere horretan dirau (Etxeratek gaur emandako datuen arabera, Espainiako Estatuko espetxeetan dauden kolektiboko 222 presoetatik 11 bakarrik daude Euskal Herrian, lekuz aldaketak lekuz aldaketa). Hortaz, bada momentua konponbideak eskatzeko, eta konponbidean erantzukizun zuzena du Espainiako Gobernuak. Horregatik, Espainiako Gobernuari dei zuzen eta argi bat egiten diogu: denborarik galdu gabe, indarrean dagoen salbuespenezko espetxe politika bertan behera utz dezala.

Bada garaia urrats sendoak emateko, eta, zentzu horretan, LABek presoen eskubideen aldeko mobilizazio desberdinak babesten jarraituko duela berretsi du, hala nola, Bilbon urriaren 23an beste sindikatu batzuekin egingo duena (11:30ean Plaza Eliptikoan), aurrerago aipatu dugun urriaren 24an Donostian SAREk deitu duena (Antigua, 17:00) edo herri eta auzoetan gaiaren inguruan aktibatuta dauden dinamika anitzetan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

2024ko azken lan heriotza salatu dugu Zornotzan

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa egin dugu Zornotzako Boroa enpresa-parkean, Forest Trafic enpresaren aurrean. Abenduaren 30ean I.P.C. 41 urteko langilea hil zen enpresan. Langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk gutxieneko soldata propio baten aldeko Herri Ekimen Legegileak erregistratu ditugu Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan

Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa eta sindikala isladatuko duen LGS berria burujabetzaren aldeko aurrerapausoa izango litzateke. Lanbidearteko Akordioa eta Herri Ekimen Legegilea bide osagarriak direla ulertuta, bi bide horiek lantzearen alde egiten dugu.

2025eko lehen lan heriotza eraikuntzan izan da

2025a hasi besterik egin ez denean, lanak eta patronalak eragindako prebentzio faltak lehen hildakoa utzi dute. Baskonia Alavesentzako lanean diharduen azpikontrata sare batek eragin du istripua. Zehazki, Construcciones Urrutiak azpikontratatutako Excavaciones Mendiola enpresarentzako lanean ari zen 51 urteko langilea, lurra mugitzeko makinak harrapatuta hil da Gasteizen, eraikuntza lanetan.