2024-11-22
HomeEkintza SozialaEkosozialismoaSindikatu eta gizarte eragileek elkartasuna adierazi die "Tartalariei"

Sindikatu eta gizarte eragileek elkartasuna adierazi die “Tartalariei”

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CGT, CNT, HIRU eta EHNE sindikatuek, beste hainbat gizarte erakunde eta eragilekin batera, elkartasuna adierazi nahi izan die Bilbon hil honen 18an, Madrileko Auzitegi Nazionalean Yolanda Barcinari emandako tartakadengatik epaituko dituzten lau lagunei.  Eusko Jaurlaritzari ere AHTren lanak berehala bertan behera utz ditzala eskatu diote.

SINDIKATU ETA ERAGILE SOZIALEN IRAKURKETA

Gaurko honetan, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren ateetan, hainbat sindikaturen ordezkariak elkartu gara: ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CGT, CNT, HIRU eta EHNE. Beste hainbat gizarte erakunde eta eragile ere hemen dira gurekin.

Honako eskaera dugu Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari esateko: utz itzazue bertan behera AHTren lanak berehala. Era berean, elkartasuna adierazi nahi diegu hil honen 18an, Madrileko Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten lau lagunei. Lau horiek bost eta bederatzi urteko kartzela zigor eskaerari egin beharko diote aurre, Foru Gobernuko presidente Yolanda Barcinari emandako tartakadengatik.

Zigor horiek neurrigabeak dira, erabat. Mendebaldean tankera horretako ekintzek gutxitan izan ohi dituzte lege-ondorioak, eta gehienetan isun txikiak izaten dira.
Joan den ostegunean, elkarrekin ikusi genituen Iñigo Urkullu eta Yolanda Barcina, CTPren (Pirinioetako Lan Elkartearen) XXXI. Osoko Kontseiluan. Lan Elkarte horretan bertan tartakatu zuten Foru Gobernuko presidentea, Frantziako Tolosan egindako aurreko osoko kontseiluan; bera baitzen, han zeudenen artean, Euskal Herriko AHTren arduradun nagusia.

Joan den astean, 2014rako aurrekontuen zirriborroaren berri izan dugu. Bertan ageri denez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ehunka milioi euro xahutzen jarraitu nahi dute Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanetan. Zeinek bere proiektua du buruan, baina ez batak ez besteak ez dute ez hanka, ez buru. Euskal Y grekoak 140km ditu guztira, eta Nafarroako korridoreak 70. Ez dute loturarik elkarrekin, ezta beste inongo biderekin ere.

Abiadura Handiko Trena ekologikoki proiektu suntsitzailea da eta ekonomikoki hondagania. Energia xahutzaile itzela da eta ingurunearen txikitzailea. AHTk lurraldearen zentralizazioa herri erraldoien inguruan areagotzen du herri txiki eta hiri ertainen kaltetan. Hiper mugikortasuna sustatzen du eta elitista hutsa da. Gainera, AHT bezalako lan erraldoiek baliabide publikoen xahuketa izugarria suposatzen dute eta gaur egun pairatzen ditugun murrizketa sozialen erantzule zuzenak dira.
Buruzagi klaseak 25 urte daramatza proiektu honen kostu ekonomiko, sozial eta ekologikoak ezkutatuz. Proiektuaren ustezko ontasunez gezurretan aritu da, AHTren aurkaritza kriminalizatu du eta kasu gehiegitan jukutriaz aberastu da.

Agintariek, gure ustez, gizartearen oinarrizko beharrizanak asetu beharko lituzkete –hala nola, hezkuntzarako eskubidea segurtatu, osasuna, gizarte-zerbitzuak, lan eta diru-laguntza duinak, eta abar-.
Gaur egun, milaka dira langabezian daudenak –hauetako askok ez dute, gainera, inolako diru-laguntzarik jasotzen-; pobrezia neurrigabe ari da gora egiten, eta diru-murrizketak etengabeak dira osasunean, hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan. Egoera larri honetan, AHT egiteko dirua xahutzea, hori da benetan salatzeko modukoa!

Gaur eta hemen, Iñigo Urkulluri eta Yolanda Barcinari, hauxe eskatu nahi diegu: jaitsi zaitezte AHTtik, astotzar horretatik, eta erabil ezazue diru hori guztia geure gizarteak dituen arazo larriak konpontzeko.
Era berean, manifestaziorako deia egiten dizuegu. AHTri ezetz esateko, eta tartalariei elkartasuna adierazteko, egin ezazue bat gurekin larunbat honetako manifestaldian, Iruñeako Antoniuttin, 17:00etan.

Bilbon, 2013ko azaroaren 12an  

 

LAB sarean
{module[111]}
      

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.