Gaur Espainiako Kongresuan onartua izan da LOMCE hezkuntza erreforma PPk duen erabateko gehiengoaz baliaturik. Legeari oraindik Senatuko tramitea falta zaion arren, ganbera honetan ere Partido Popularrak duen gehiengoa ikusirik, hezkuntza erreforma basati hau behin betiko onartua izango dela aurreikus daiteke. Erreforma honek dakarrenari ezetz esateko eta "Euskal Herrian gure Hezkuntza eraiki" behar eta nahi dugula aldarrikatzeko elkarretaratzeak izan dira Bilbo eta Iruñean.
Gure desadostasuna agertzeaz gain, ordea, legeak onarzeko bidea hartu duela ikusirik, Euskal Herriko alderdi politikoei eta Nafarroa eta EAEko legebiltzar eta gobernuei eskatzen diegu LOMCEa gur herriko ikastetxeetan inola ere ez dezatela aplika eta horretarako bitarteko guztiak erabil ditzatela. Modu berean, azken hilabeteetan adierazi moduan, hezkuntza eragileok gure konpromisoa berresten dugu LOMCEri aurre egi eta gure herrian aplika ez dadin estrategia komunak lantzeko.
Behin eta berriro gure hezkuntza sistema baldintzatzen duten honelako erasoei behin betikoz aurre egin asmoz eta azken hamarkada luzeetako bideari jarraituz, hezkuntzako eragile ezberdinok, beste behin konpromisoa adierazten dugu Euskal Herrian behar den eta nahi dugun hezkuntzari erantzungo dion hezkuntza sistema propioa eraikitze bidean pauso berriak emateko.
Hau guztia honela, gaurkoan indar bereziz, dei egiten diegu ikasle, familia, hezkuntzako langile ea herritar orori LOMCEri aurkakotasuna adierazi eta aurre egiteko eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko. Datorren larunbatean, urriaren 12an, arratsaldeko 17:30etan Jesusen Bihotzetik abiatuta, Bilboko kaleak bete eta ozen esan dezagun: EUSKAL HERRIAN, GURE HEZKUNTZA ERAIKI! LOMCE EZ!
{module[111]}