2024-11-23
HomeZerbitzu PribatuakSalgaien GarraioaLABek bere elkartasuna eta indarra adierazi nahi die NANUKeko grebalariei

LABek bere elkartasuna eta indarra adierazi nahi die NANUKeko grebalariei

Dagoeneko 3 aste baino gehiago daramazue greban, tarte honetan enpresa ixteko mehatxuak, zuen borroka nahiari erasoak edota zuekiko irainak jaso dituzue. Hala ere, gogor eta irmo jarraitzen duzue, zuen oinarrizko eskubideak defendatzen! 

Txindurriak zarete, bakarrik izuturik eta noraezean ibili arren, taldean suntsiezinak diren horietakoak. Zuekin borroka hau konpartitzeko aukera edukitzeak harrotu egiten gaitu, oraindik ere, borrokak merezi duela ikusten baitugu; Cementos Lemona, Odi Bakar, Bizkaiko Gasolindegiak… asko dira azken urte honetan borrokaren hautua egin dutenak eta, orain, zuek hartu duzue testigua.

Zabaldu nahi izan duten mezu maltzur eta gezur guztien aurrean, burua tinko duzue, norabidea galdu gabe. Badakizue, inork baino hobeto, bide honek dituen aukera eta arriskuak eta, hala ere, borrokatzea erabaki duzue. Ongi dakizue, orain amore emateak patronalaren “titere” bihurtuko zaituztela betirako eta ez zaudete hori onartzeko prest.

Enpresari, mahai gainean jartzen dituen “arazo ekonomikoak” konpontzeko akordioak eskaini dizkiozue; badakigu ez zenutela zertan, baina hori da zuen esku-zabaltasunaren eta enpresaren etorkizunarekiko konpromisoaren adierazle. Eta enpresak ordea, lan gatazka konpondu ez eta Hartzekodunen Lehiaketa batekin mehatxatu zaituzte. Zuen erantzuna argia izan da, eutsiko diogu, borrokan jarraituko dugu! Lanera itzuli nahi duzue, badakigu greba egiterik ere ez zenutela nahi, lehenago akordio bat egotea espero zenutela, baina gutxieneko eskubideak onartzea nahi duzue.

Iñaki Errastik, NANUKeko Gerenteak, inposaketaren kudeaketa ezagutzen du eta ez negoziazio eta akordioena; ezta legeak hala dioenean ere. Horren adibide, maiatzean langile batzuei egindako lan baldintza aldaketa; legeak jakinarazpena eta negoziazio prozesu bat egon behar dela badio ere, berak egun batetik beste lanerako formak aldatu zizkizueten, beraien abokatuak ere onartu du hori txarto eginda dagoela! Horrelakoak dira onartzen ez dituzuenak, forma horiek dira gehiago ikusi nahi ez dituzuenak.

Elefantea da Iñaki, bere handitasunean NANUKeko Gerente izateaz gain, ASETRAVIko Lehendakaria ere badelako. Bizkaiko Garraioko Patronalaren nagusitasuna defendatu behar du, nahiz eta horretarako NANUK itxi; eta ondo doan enpresa bateko 90 familia kale gorrian utzi. Euskal Herriak gehiengo osoz esan dio Espainiar Erreformari ezetz, eta orain NANUKeko grebalariek eutsi diote borroka horri, entzun dezatela bai Errastik baita gainerako bazkideek ere; errespetatu Euskal Herriaren hitza!

Elefanteak, ordea, badu izu bat, kontrolatu ezin duen beldurra. Zuei, txindurriei, baina ez zuen txikitasunari, ez! Zuen lanerako, antolaketarako eta borrokarako konpromisoari baizik, horrek handi egiten baitzaituzte!

Muxu bat, zelan ez, enpresaren jarrera bortitzena pairatu duen Xaguri eta familiari! Lanera bueltatuko zara! Bueltatu egin behar duzu! Enpresaren erabakia ez delako mendeku jarrera bat baizik, eta argi dugu borrokaren autua zigortzerik ez dugula ez gaur eta ez inoiz onartuko!

Guk, zer esan gutxi dugu, ondoan gaituzuela, bide lagun, lanerako eta borrokarako prest eta, batez ere, harro! Gure indar eta berotasun osoa zuei, eredu zarete guztiontzako-eta!

LAB Durangaldea  

LAB sarean
{module[111]}
 

       

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.