2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaELAk arriskuan jarri du Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioa

ELAk arriskuan jarri du Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioa

LABek komunikabideen bidez jakin du ELA sindikatuak ADEGIren Gipuzkoa metalaren hitzarmenaren negoziazioan egindako azken proposamena sinatzeko prest dagoela. ELAk urrats hau negoziaketa mahaiko bileraren bezperan eman du. Gainera, alde bakarrez emaniko urratsa izan da, gainontzeko sindikatuekin kontatu gabe eta gehiengoaren akordioa bilatu gabe. Bilera baino 24 ordu lehenago uko egin diote mahai gainean dagoen proposamena hobetzeari. Zer interes du ELAk negoziaketa gelditzeko?

LABek ez du bat egiten ELAk erakutsitako presa eta erabakiarekin. LABen iritziz negoziaketa irekita dago. Uztailaren 7an negoziaketa ireki zenetik 6 bilera besterik ez dira egin. Azken bileran aurkeztu du Adegik lehen aldiz proposamen idatzi bat, guztiz zehaztasunik gabea, gainera.

Edonork ulertuko lukeenez, 9 urtez berritu ez den hitzarmena berritzea oso konplexua da, eta hainbat lege aldaketa eta epaien arabera egokitu beharra dago testua. Oraindik ez da horrelakorik egin.

Gainera, enpresarien proposamenak alderdi oso positiboak dituen arren, esaterako, langile batzuen subrogazio eskubidea, soldaten eguneraketa %8,8koa, hitzarmenari berme juridikoak emateko klausula, proposamenak gabezia garrantzitsuak ere baditu:

– Soldata igoerak hobetu daitezke hitzarmenak zehazten duen gutxiengoa aplikatzen zaien langileentzat.

– Ez dago berdintasuna bultzatzeko inolako neurririk. Hitzarmenean batzorde bat izendatua dagoen arren, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko, LABek edukiz betetzea eta akordioa egin bezain laister martxan jartzea eskatu du. Adegik ez du onartu gaur gaurkoz. Onartezina da. Adegiren traineran ez da emakumerik, antza.

– Lan Osasunaren aipamenik ere ez dago.

– Baimenei dagokionean, Auzitegi Gorenak epaietan ezarritako ez da onartzen, baimenak lehen lan egunetik has daitezen.

– ABLEei dagokienez, proposatutako testuan ez dago bermerik euren erabilera benetan mugatuko denik.

Argi dugu sektoreko langileak egiten ari diren borrokak eta LABek egin dituen mobilizazioek fruituak ematen ari dela negoziaketa mahaian. Bihar LAB negoziaketa mahaira joango da sektore hitzarmen on bat lortzeko. ELAk gaurko albistearekin hitzarmenaren negoziaketa arriskuan ez jartzea espero dugu.
Hitzarmen duina lortuko dugu metalgintzan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.