Euskal Herrirako Lan Kode bat eta Gizarte Segurantza propio baterako lege bat proposatu ditugu Biltzar Arteko Batzarrean

4800

Biltzar Arteko Batzarra egin dugu Barakaldoko BEC-en, azken Biltzar Nagusian hartutako erabakien balantzea egin eta aurrera begirako ildoak zehazteko. Hain zuzen ere, Lan harremanetarako eta babes sozialerako ereduak aldaketa behar duela nabarmendu du Garbiñe Aranburuk bere hitzartzean, eta horretarako bi lege proposatu ditugu: Euskal Herrirako Lan Kode bat eta Gizarte Segurantza propio baterako lege bat. “Eredu zaharretik eredu berrirako trantsizioan, gure hirugarren lehentasuna zerbitzu publikoak indartu eta zaintza sistema publikoa eraikitzea da”, jakinarazi du idazkari nagusiak.

Hauxe da Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren hitzartzea osorik:

Biltzar Artekoaren aurkezpenean esan bezala, momentu hau xake partida batekin parekatu dezakegu. Taularen alde batean, kapitalaren interesak ordezkatzen dituztenak, eredu zaharra. Taularen beste aldean, langileok eredu berria ordezkatzen dugunak.

Partida gogorra, luzea izango da, baina xakea estrategia kontua da, norberaren fitxak ongi mugitzea bezain garrantzitsua da parekoaren mugimenduak aurrikustea eta horretan abantailarekin jokatzen dugu. Horregatik diogu aukera garaia bizi dugula.

Erori dira promesa neoliberalak, sistema kapitalista, heteropatriarkala, ekozida sozialki ez da jasangarria eta ekologikoki ez da bideragarria. Gero eta gehiago gara hori konpartitzen dugun herritarrak, baina garrantzitsuena gero eta gehiago gara bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baten alde borroka egiteko hautua egiten ari garenak. Piztuak dauden gatazkak horren lekuko.

Hilabete gutxi batzuk nahikoa izan dira, pandemiak azkartu eta areagotu duen krisiari gobernu – patronal binomioak nola erantzun nahi dion ikusteko, sistema berreraikiz. Eta zer da sistema berreraikitzea? Kapitalismoan sakontzea, aberastasuna eta boterea gero eta esku gutxiagotan pilatzen jarraitzea.

Krisiaren zama guztia langileon bizkar gainean utzi asmoz, patronalak, markatu du datozen urteetako erabaki enpresarialen zein politika publikoen norabidea eta aliatuak dituzte gobernuak bide horretan, elite ekonomikoetan pentsatuz egiten da politika.

Kapitalismoa da langileon benetako birusa, kapitalismoak langileak koma egoerara garamatza. Kapitalismoa da prekarietate eta pobreziara kondenatu nahi gaituena, kapitalismoa da gure osasun sistema zainketa intentsiboetan sartu duena, kapitalismoa da emakumeok zaintza lanetara kateatu nahi gaituena, kapitalismoa natura suntsitzen duena.

Kapitalismoak gaixotzen eta hiltzen gaitu. Aurten berriro eskandaluzko datuak ditugu, dagoeneko aurreko urtean boina langile gehiago hil dira lan istripuetan eta beste hainbat inon erregistratzen ez diren laneko gaixotasunen ondorioz.

Krisi sanitario, ekonomiko, sozial eta ekologikoaren handitasunak ispiluaren aurrean kokatu gaitu eta are agerikoagoa egin da indarrean dagoen sistema ekonomikoak bizitza Eduina eragozten duela. Kapitalismoa da langileriaren birusa, komara eraman gaitzakeena.

Ez dakigu noiz arte iraungo duen pandemia honek, baina baiezta dezakegu aro berri batean daudela, erabakiak hartu beharreko atakan jartzen gaituena. Premiazkoa da politika publikoen norabidea aldatzea, premiazkoa da norabidea aldatzea, premiazkoa da beste eredu ekonomiko eta sozial baterantz trantsizioa egitea. Trantsizio ekosozialista eta feminista.

Esparru sozioekonomikoak egin beharreko trantsizio hau ezin da banatu autonomismotik abiatuta soberanismorantz egin behar dugunarekin, Errepublika Sozialista eta Feminista eraikitzeko.

Ezin gara izan Madril edo Parisen hartuko diren erabakien ikusle soilak izaten jarraitu. Ezin gara egon ABEEEak nola konponduko diren, telelana edo riderren erregimena nola arautuko den esperoan, edo lan-errefomaren alderdiren bat ikutzen den ala ez.

Lan harremanak edo babes sozialarekin lotutako kontuak funtsezkoak dira jendeari bizitza duina bermatzeko. Horregatik jarraituko dugu aldarrikatzen eta lanean gai soziolaboraletan konpetentzia osoak izango diteun estatus berria lortzeko.

Lan harreman eta babes sozialaren ereduan aldaketa behar da. Eta horretarako bi lege proposatzen ditugu: Euskal Herriko lan kodea eta gizarte segurantza propiorako legea.

Horregatik, gaur eta hemen, lana eta babes soziala koma egoeratik ateratzeko bi lege berri proposatzen ditugu: Euskal Herriko lan kodea eta gizarte segurantzako legea.

Euskal Herriko lan kodea, enplegu suntsiketa geratu eta lana banatu eta duintzeko, lan erreformak albo batera utzi eta lan harremanek behar duten eraldaketa sakonerako proposamena.

– Lan guztiak aitortu behar ditu. Zaintza lanak berrantolatu eta banatu egin behar dira: asteko lan orduak murriztuz eta soldata galerarik suposatuko ez duten zaintzarako baimen bereziak sortuz. Eta sexuaren araberako lan banaketa gaindituz, lan guztiei balio bera eman behar die,

– Langile klase osoa aintzat hartuko du Euskal Herriko lan kodeak. Enplegua gainditzen duen lana ere erregulatuz eta erregimen orokorretik kanpo geratzen diren lancinen eskubideak ere arautuz. Etxeko langileak, riderrak, ekonomia ezkutuan ari direnak, ekonomikoki menpekoak diren langileak

– Enplegu duina bermatuko du: kontratu mugagabea izango da arau orokorra, gutxieneko eta gehieneko soldatak arautuko ditu, lanaldi partzialen erabilera mugatua izango da eta kalerapen librerik ez da egongo.

– Lan harremanak demokratizatzeko proposamena da. Patronalaren aldebakartasunarekin amaitu behar da, langileen ordezkarien eta negoziazio kolektiboaren papera indartuz. Bestalde, langileen hitza kontuan izango den elkarrizketa guneak sortuko dira. Eztabaida marko errealak aldarrikatzen ditugu, ez patronal edota gobernuen politikak zuritzea beste helbururik ez duten, edukirik gabeko kontzertazio markoak.

Gizarte segurantzako legea, pentsio eta babes sozial sistema hobetzeko. Azken urteetako erreformak atzera bota eta Euskal Herriko gizarte segurantza lege propioa aldarrikatzen dugu:

– Guztiontzat, pentsio sistema publiko duina bermatuko duen legea.

– Administrazioak herritar orori enplegu duina bermatzeko ardura du eta horrela egin ezean, oinarrizko errenta duina jasotzeko eskubidea izango dute herritarrek.

– Babes sozial sistemak: etxebizitza edota elikadura bezalako behar sozialak langile guztiei bermatu behar dizkie.

Eredu zaharretik – eredu berrirako trantsizio horretan, gure hirugarren lehentasuna zerbitzu publikoak indartu eta zaintza sistema publikoa eraikitzea da: herritarrek kalitatezko hezkuntza, osasungintza edota gizarte zerbitzu publikoak jasotzeko eskubidea ziurtatzea. Horretarako, azken urteetako murrizketak atzean utzi eta langileen lan baldintzak hobetuz, langileei egonkortasuna emanez, langile gehiago kontratatu eta ratioak hobetzeko lege berriak eginez. Edota azken urteetako pribatizazio eta merkantilizazio politikarekin amaitu eta publifikazio prozesuak bultzatuz.

Iñigo Urkullu eta María Chiviteren Gobernuek askoz gehiago egin dezakete eta egin behar dute politika publikoen erdigunean herritarren beharrizanak jartzeko. Badira Madrildik inposatzen dizkiguten kntuak baina ez dago aitzakiarik zerbitzu publikoak ez indartzeko, kalitatezko zaintza sistema eskaintzeko, prestazio sozialak hobetzeko. Kontzertua eta hitzarmenerako konpetentziek hori egitea ahalbidetzen dute.

Erreforma fiskalerako borondaterik ere ez dago. Gehiago jaso behar da eta modu progresiboagoan. Gehiago bildu behar da baina ez BEZa bezalako zeharkako zergekin. Gehiago bildu behar da, kapitalaren errentak eta irabazi enpresarialak are gehiago zergapetuz.

Azpiazu jaunak esaten digu aurrekontu ausartak izango direla, eta murrizketarik gabeak. Asko aldatu behar dira Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak, gu ez gaituzte engainatzen.

Herritarrek inbertsio gehiago ekarriko duten aurrekontuak behar ditu, osasungintzan, hezkuntzan, zerbitzu sozialetan, enpleguaren defentsan. Inolako kontrolik gabe dirá publikoa esku pribatuetan jartzeko politikarekin amaitu behar da, trukean ezer eskatu gabe, enplegua mantentzeko inolako konpromisorik eskatu gabe. Ezin da diri publikoa jartzen jarraitu irabazi enpresarialak salbatzeko. Hori da Jaurlaritzaren ez politika industriala, eta gero pasatzen den da multinationalen ez dutela kaleratzeko erreparorik.

Egun hauetan ari da erabakitzen Europako funtsen banaketa hori nola izango den. Batere gardentasunik gabe egiten ari da, langileon bizkarrera langileon bizi baldintzetan zuzen zuzenean eragina izango duten erabakiak. Filtrazio batzuk ezagutu ditugu eta eskandaluzkoa iruditzen zaigu, dirua AHTrako eta azpiegitura handietarako, elite ekonomikoak berriro ere erdigunean.

Erronkaz beteriko garaiak ditugu eta datorren fasearen nolakotasuna neurri handi batean indar harremanen araberakoa izango da. Sistemak behar dituen eraldaketa sakonak behartu egin behar ditugulako. Indarrak metatu behar ditugu.

– Eraldaketarako estrategia oso bat defendatzen dugunon artean, aldaketa sozialak eta aldaketak politikoak – burujabetza defendatzen ditugunon artean. Kartako eragileen artean eta ezker soberanismoaren eremua indartuz.

– Era berean, indarrak biltzen jarraitzeko Fronte soziosindikalak antolatzearen aldeko apustua egiten dugu:

Borrokan gaude, suak pizten ari gara, gaur hemen batzuk eta bihar, etzi jarraituko dugu.