2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaGipuzkoako metalgintzako hitzarmen duina aldarrikatu dugu, mehatxuen gainetik

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmen duina aldarrikatu dugu, mehatxuen gainetik

Gipuzkoako Metalgintzarako hitzarmen duin bat aldarrikatu dugu Donostian, Adegiren egoitzaren aurrean. Patronalaren xantaiaren aurrean ez dugula men egingo eta negoziazioak aurrera egin behar duela adierazi dugu, patronalak mahai gainean jarritako proposamena hobetzeko.

Gipuzkoako metalgintzako seigarren bileran negoziazioak bukatutzat eman nahi izan ditu patronalak. LABek gaur kontzentrazioa egin dugu ADEGIn eta, argi eta garbi esan nahi dugu, mahai gainean dagoena ez dela nahikoa eta ez dugula onartzen. Ondorioz, borrokan jarraituko dugu.

Soldatetan badago gako bat, garrantzitsua, ez dira atzerapenak kobratuko (batzuk horrela esan badute ere), soldata taulen eguneratze bat egongo da urte luze hauetan inolako igoerarik izan ez dutenentzako. Garrantzitsua, baina 50.000 langile baino gehiagotatik, zenbati eragingo dio? ADEGIk berak esan du, behin eta berriro, Gipuzkoako metaleko enpresek aldebakarrez igo izan dituztela soldatak. Beraz, ADEGIk gezurra esan du orain arte edo kolektibo txikiari eragingo dio?

Badago, ordea, soldatetan esanguratsua den gauza bat; tauletan eta errealetan igoera berdina onartzea. Beti izan dira tauletan soldata igoera handiagoak, gutxien irabazten duenari laguntzea du xede garrantzitsu herrialdeko hitzarmenak. Kasu honetan ez? Gainera, datozen 3 urteetan KPI-a 0 edo gutxiago izanez gero, langile guzti horiek inolako igoerarik gabe geldituko lirateke.

Horrekin batera, gogorarazi nahi dugu 14 urte daramatzala lan jardunak bere horretan. Negoziazio propioa duten enpresetan hobetu da baldintza hori, baina zenbat milaka langile, batez ere, enpresa txikietan daude orain 14 urteko lan jardunarekin?

Berdintasunean urratsak ezinbestekoak dira, helburu zehatzak, neurgarriak eta denboretan ongi zehaztuak. Edukiz ongi jantzia behar du, ez “asmo” eta “intentzio hutsez” beteriko paragrafo bat; batzorde bat sortzea bere funtzio zehatzekin eta epe konkretuetan, berdintasun planak 50 langile baino gehiago enpresetan, diagnostikoa egiteko neurriak… 2020ko hitzarmen batek ezin ditu emakumeak baztertu, ezta Gipuzkoako metalekoak ere.

ABLEen proposamenean urrats garrantzitsua dago, hauen kontratazioa mugatuz, baina urtebete asko da. Hala ere, larriagoa iruditzen zaigu, urte bete pasa ostean, enpresaren aldebakarreko erabakia izatea pertsona hori kontratatu edo ez. Hau da, urtebete lanean egon eta gero, ABLE bidezko kontratu hori hautsi eta beste pertsona bati beste urte betez ABLE bidezko kontratua egiteko aukera ematen du. Prekarietatearen erruleta ezin dugu sortu eta onartu. Urte betez enpresa batean ABLE bidez lanean egon bada eta lanpostu horrek jarraituko badu, enpresak langile hori kontratu zuzenera pasa beharko luke. Eta kontraturik egingo ez balio, ABLE bidez urte betez kontratatzeko debekua eduki beharko luke, gutxienez.

Lizentzietan ulertezina da ADEGIk mahai gainean jarri duena; lizentzia batean onartzen duena ez du hurrengo lizentzian onartzen (bizikidetasunaren adibidea dugu) edota lizentzia egunak nola konputatu behar diren ere ez dago onartzeko prest, nahiz eta LAB sindikatuak aldeko jurisprudentzia aurkeztu dion. Hitzarmena negoziatzen gaudenean, gauzak argi uzteko momentua denean, jurisprudentziak argi eta garbi diotenean; langileak epaitegietan nahi gaituzte.

Lan osasunean, bizi eta sufritzen ari garen urtearekin, prebentzio, laneko gaixotasunak edota osagarriak bezalako gai garrantzitsuetan ez dute ezer ere jarri mahaiaren gainean.

Esan dugu, argi eta ozen, garrantzitsuak direla Hitzarmen honetan lortzen ari garen babes juridikoa (ultraaktibitatea, blindajea…); subrogazioan emandako urratsa edota taulen eguneratzea. Halere, argi dugu oraindik ere ez nahikoa dela. Ez nahikoa dela, gainera, gehiengoarentzako. LABen anbizioa, ordea, ez da gehiengo eta gutxiengoez hitz egitea.

Une honetan ez dago hitzarmenik, eta ADEGIk ez duela negoziatzeko borondaterik esan du. Hori da errealitatea eta denon ardura da, denon erantzukizuna. Horregatik, datozen ordu eta egunetan, LAB-ek erronda abiatuko dugu gainerako sindikatuekin, guztiekin. Berdintasunagatik, ABLEtako kontratazio prekarioekin bukatzeko, soldata igoera duinak lortzeko… sindikatu guztiak elkartzea eta borrokatzea merezi duelako.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.