Irailaren 18an, Osakidetzako langileek protestak egingo dituzte berriro, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deituta. Gotzone Sagardui Osasun sailburu berriari ohartarazi diogu mobilizazioak areagotu egingo direla irtenbiderik proposatzen ez bada.
Mobilizazioek helburu izango dute gizarteari jakinaraztea zein den langileen muturreko egoera eta Osasun Sailari gure osasun-sistemaren arazo larrietarako konponbideak eskatzea: langile falta, behin-behinekotasun tasa altuak Osakidetzan, neke fisiko eta emozionala, lanaren gainkarga sistematikoa, estresa, errekonozimendu eza, babesgabetasuna, laneko osasunaren ardura falta, kontziliazio-beharren neurri gabezia eta lan-baldintzen narriadura etengabea.
Azken urteetako murrizketa-politikek osasun publikoaren ahultze progresibo eta kezkagarria eragin dute, eta hori agerian geratu da egungo osasun-krisian. Gure osasun-sistemak eguneroko bizitzan dituen giza baliabideen eta baliabide materialen eskasiaren adibide dira udan Lehen Mailako Arretako zentroetan bizi izandako egoerak.
Halaber, azken aldian Osakidetzarekin izan dugun elkarrizketa eza eta Osasun Sailak zuzendutako negoziazio kolektiboari buruzko politika negargarriak salatu nahi ditugu.
Gai horiek dira euskal osasun publikoko sektoreko langileei protestetara berriro ere indar handiz ekitera deitzeko legitimatzen gaituen bermea.
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok lan-baldintzen okertzeak osasunaren kalitatean izan duen eragina salatu nahi dugu, osasun-larrialdi bat deklaratu ondoren oso agerian geratu den arren, azken urteotan ere gertatu baita. Abian jarri diren politikak osasun-kudeaketaren filosofia aldaketa ekarri dute: pertsona, pazientea edo profesionala izan, garrantzitsuena izateari utzi dio.
– EAEk inbertsio gutxiago egiten du osasunean inguruko herrialdeekin alderatuta. Eusko Jaurlaritzak EAEren osasunean egindako gastu publikoaren bilakaera beheranzkoa izan da, eta hau giza baliabideen eta baliabide materialen murrizketan islatu da, batez ere lehen mailako arretan, lan-kargak nabarmen handituz.
– Plantilla ez da nahikoa dauden lan-kargak kudeatzeko, eta, beraz, ezinezkoa da kalitatezko arreta ematea. Aldi berean, itxaron-zerrendek gora egiten jarraitzen dute eta arreta atzeratu egiten da.
Osasun-sektorearen egoera honen aurrean, gure erantzuna, protesta gisa, arduradun politikoei, Osasuneko sailburu berriari eta dagokion gobernuari zuzenduta dago.
Beraiek dira osasunaren eta gure lan-baldintzen narriaduraren erantzule bakarrak. Osasunean gehiago inbertitzeko borondate politikorik ez izateak honako hauek eragin ditu: murrizketak, arretaren kalitatearen galerak eta 11 urte lan-baldintzen akordio arautzailerik gabe igarotzeak.
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok iragartzen dugu euskal osasuna gero eta gatazka handiagoan sartuko dela arazo sakonei aurre egin arte.
Osasuneko sailburu berriari zuzentzen gara argi eta garbi, jakin behar baitu sektore mobilizatu batera iritsi dela eta konpondu beharreko arazo handiak dituela. Arazo horiei aurre egiteko irtenbiderik proposatzen ez den heinean, guk mobilizazioekin jarraituko dugu.
EUSKO JAURLARITZARI ESKATZEN DIOGU:
• Osasun publikorako aurrekontu-partida bat, Europa Batasuneko batez bestekoarekin parekatzen dena, %25-a lehen mailako arretara bideratuz.
• Enpleguaren arloan
â—¦ Plantilla handitzea, iruzurrean ezkutatuta dauden enpleguak egiturazko plantillan txertatuta.
â—¦ Plantilla egonkortuko duten behin-behineko langileen finkapena, Osakidetzak diru publikoarekin prestatutako profesionalen ihesa saihesteko.
• Murrizketa guztien berrikuspena: erosteko ahalmena berreskuratzea, Itzarri, garapen profesionala, erretiro aurreratuaren primak eta 2009tik iraungitako akordio arautzaile berri baten negoziazioa.
• Egindako pribatizazioak atzera egitea enplegua mantenduz.
• Langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak, bai koronabirusaren berragertze baten aurrean, baita haien eguneroko lanean ere: kategoria guztietarako babes-material nahikoa eta egokia; laneko arriskuen balorazioa asistentzia-maila guztietan eta prebentzio eta babes-neurriak hartzea; arrisku psikosozialen ebaluazioa, lan-kargen ondoriozkoak barne, eta neurri zuzentzaileak hartzea.
MOBILIZAZIOEN KRONOGRAMA
• Irailaren 18an, kontzentrazioak 13:00etan, lehen mailako arretako lantoki guztietan.
• Irailaren 25ean, 11:00etan, kontzentrazioa ospitale guztietako sarreran.
• Urriaren 3an, 12:00etan, manifestazioa Bilbon.