2024-11-25
HomeIndustriaMetalgintzaMugak eta xantaiak salatu ditugu Gipuzkoako Metalgintzako hitzarmenaren negoziazio mahaian

Mugak eta xantaiak salatu ditugu Gipuzkoako Metalgintzako hitzarmenaren negoziazio mahaian

Gaur, irailaren 4an, Gipuzkoako Metalgintzako negoziazio mahaia bildu da berriro. Gaurkoa, ordea, ezin dezakegu inolaz ere negoziazio bilera moduan definitu, Adegik berriro ere mehatxatzeari eta negoziaketari mugak jartzeari ekin baitio.

Adegik berriz ere gai batzuei betoa ezarri die, eta uko egiten dio funtsezko gai garrantzitsuak negoziatzeari: lanaldia, bajen osagarriak, errelebu kontratua, aldibaterakotasuna eta gazteen kontratazioa duintzeaz, besteak beste, ez du ezer jakin nahi. Are gehiago, Adegi ez dator bat lanaldia jaitsita lana banatzeak enplegua babesten duela. Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bezalako gai garrantzitsuari dagokionez ere, orokorragoa den gizarteko arazoa dela esan du, eta ez metalgintzari dagokiona.

Adegik iraupen luzeegiko 4 urteko (2020-2023) proposamen bat besterik ez du egin: urtero KPIa soilik eguneratzea proposatzen du, taulatan zein soldatetan, eta baimenen testua legeak dioenera egokitzea proposatzen du. Soldata eskaintza lehenengoa eta azkena izan dela azaldu du Adegik, eta gainontzeko gaietan negoziatzeko tartea eskasa duela, “akordio orekatua” soilik onartuko duela.

Hitzarmenaren negoziaketaren etorkizunak kezkatzen gaitu, sindikatu guztien plataformetan dauden ezinbesteko gaiei betoa ezarri dielako Adegik, eta hori ez delako akordio bat eraikitzeko bidea. Hitzarmena legeak dioenera egokitzea ez da negoziatzea, hori legea betetzea da, ez besterik.

LABek bere kidegoarekin hausnarketa egingo du negoziaketaren bilakaeraz, eta, era berean, deia egiten diegu gainontzeko sindikatuei patronalaren xantaian ez erortzeko eta sindikatuen aldarrikapenak batera defendatzeko.

Hurrengo bilera irailaren 16an izango da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.