Igor Gonzalez Sola euskal preso politikoa hil da Martutenen. 15 urte zeramatzan kartzelan. LABek bere heriotza salatzen du eta babesa eta elkartasuna adierazi nahi dizkio bere familiari. Gonzalez Sola kalean egon beharko zen, zigorraren 3/4ak martxoan beteta. Kartzela politikak beste preso bat hil du. Hau onartezina da.
Euskal presoak hiltzen dituen kartzela-politika honekin amaitu behar dugu. Euskal presoak etxean eta bizirik nahi ditugu lehenbailehen, denborarik galdu gabe, eta gobernuak interpelatzen ditugu espetxe politika anker honekin amaitzeko.
Salbuespen neurriak eten behar dira lehenbailehen. Aldarrikapen hauek gehiengo zabalaren babesa dute sindikatuen artean eta euskal jendartearen artean:
– Larriki gaixorik daudenak eta 65 urtetik gorakoak berehala askatzea.
– Zigorraren 3/4ak bere dituztenak etxeratzea.
– Preso guztiak Euskal Herriratzea.
– Gradu aldaketak ahalbidetzea eta baldintzak betetzen dituzten presoak etxean egotea.
Euskal presoak etxeratze bidean jarri behar ditugu, adostasun zabalak eraiki eta langile eta herritarrak honen inguruan aktibatuz.
Horrela, LABek bat egiten du igandean Bilbon SAREk eta Baionan Bakearen Artisauek deitu dituzten mobilizazioekin. Bilboko manifestazioa 12:00etan hasiko da Plaza Eliptikotik eta Baionakoa ordu berean izango da Espainiako Kontsulatuaren aurrean. Bertan egongo da sindikatuaren ordezkaritza bana eta dei egiten diegu langileei euretan parte har dezaten.