LAB Irakaskuntza, Hezkuntza-Komunitateko Foroko kide izaki, duela gutxi bildu da gainerako eragileekin (sindikatuak, ikasleen elkarteak eta gurasoen plataformak), ikasgeletara itzultzeari buruzko xehetasunak jorratzeko. Bihar, ikasturtearen hasieraren atarian, elkarretaratzea egingo dugu eragileok, 19:00etan, Nafarroako jauregiaren aurrean.
LABek honako hau adierazi nahi du:
-Oraindik ere ziurgabetasun eta desinformazio handia dago hezkuntza-komunitateko eremu guztietan; familiek, irakasleek, irakasle ez diren langileek eta ikasleek ez dute behar adinako informaziorik.
-Hezkuntza Departamentuak gure kezka areagotu egin du, kontingentzia-planaren ezarpenari buruzko alderdiak argitu beharrean. Izan ere, jakin dugu irakasleen kopurua indartzeko iragarri zituzten 666 kontratazioak gaur egun 173 bakante izatera murriztu direla, gaurko datuen arabera.
-Jantoki eta garbiketa zerbitzuak indartzeko iragarri zuten 200 pertsonen kontratazioa ere baieztatzekoa dago orandik orain. Are gehiago, arlo horietan murrizketak izan direlako salaketak iristen ari zaizkigu forora.
-Ez dute argitzen nola ezarriko diren kontingentzia-planak, ezta ikastetxeek zer baliabide izango dituzten ere.
Beraz, honako hauek eskatzen ditugu:
-Benetako negoziazioa hastea hezkuntza-komunitate osoarekin, orain arte bazter utzitako alderdi pedagogikoak, funtzionalak eta emozionalak kontuan hartu eta errefortzuei zentzua emango dien plan integral bat osatze aldera.
-Irakasleen eta irakasle ez diren langileen kontratazioen datuei buruzko azalpenak ematea.
-Sortuko diren premia errealei erantzungo dieten kontratazioen kopurua egiazki handitzea, bai irakasleei dagokiena eta baita irakasle ez diren langileei dagokiena ere: garraioa, garbiketa, jantokiak…
-Ratioak jaistea eta azpiegitura-zerbitzuaren espazioei buruzko txostena argitara ematea.
-Kontingentzia-protokolo espezifikoak diseinatzea irakasle ez diren langileentzat.
-Izan ditzala ikastetxe bakoitzak osasun-langileak eta lan-osasuneko figura bat.
-Ezar daitezela kontziliazio-neurriak eta aurreikuspenak, etorriko zaizkigun berrogeialdiei behar bezala erantzuteko.
-Familia eta lana bateragarri egiteko beharrezkoak diren zerbitzu osagarri guztiak bermatzea, hala nola goiztiarren gela, espazioak zentro bakoitzaren beharretara egokituz.
-Unibertsitate-eremua kontingentzia-protokolo guztietan sartzea.
-Pertsona zaurgarri guztiak modu berezian aintzat hartuak izan daitezela, ikasleak eta langileak, ikastetxeetara itzultzean haien segurtasuna bermatuz.
Aurkeztu dizkiguten erabakiak berandu iritsi dira eta ez dira nahikoak; beraz, datorren asterako ondorengo ekintzak iragartzen ditugu:
-Sinadura bilketa masiboa eta kartelak ikastetxeetan.
-Kanpaina bat sare sozialetan.
-Hezkuntza Komunitate osoaren kontzentrazioa irailaren 2an,
-Nafarroako Jauregiaren aurrean.
Ikasturte osorako itzulera hitzartu, seguru eta aurrez aurrekoa. Osasuna bermatu eskoletan!