2025-04-19
HomeEkintza SozialaPandemia eta iraganeko akatsak koktel hilgarria dira langile-klasearentzat: enpleguari emandako kolpe gogorraren...

Pandemia eta iraganeko akatsak koktel hilgarria dira langile-klasearentzat: enpleguari emandako kolpe gogorraren ondoren EAJk soldatak murriztea proposatu du

Osasun krisiak, ekonomia gelditzeak eta muturreko ziurgabetasunak bortizki jo dute jendartea eta ehun produktiboa, aurrekaririk gabeko enplegu suntsiketa eraginez eta ondorioz, pobrezia zabaltzea.

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, urteko bigarren hiruhilekoan 43.200 lanpostu garbi suntsitu ziren Hego Euskal Herrian, besteren kontura ari ziren 32.900 eta 23.500ek aldi baterako soldatapeko enplegua zeukaten.

Gainera, enpleguak jasotako kolpeari ABEEEen erabilera masiboa gehitu behar zaio. Unerik gogorrenean aldi baterako enplegu erregulazioan zeudenak 202.630 izan ziren eta hauei ere murriztu egin zaizkie soldata bidezko diru-sarrerak.

Mekanismo honek lehen kolpea leundu eta enplegu galera handiagoa ekiditea ahalbidetu du. Hala ere, ekaina amaieran 87.140 langile zegoen oraindik ABEEEan eta euren lanera itzulera inkognita bat da.

Era berean, nabarmendu beharrekoa da gazteen langabeziak %31,6raino egin duela gora (aurreko hiruhilekoan baino 10 puntu gehiago) 25 urtetik beherakoen okupazioak 8.500 pertsonetan behera egin ondoren, aurreko hiruhilekoan baino %16,7 gehiago eta duela urtebete baino %27,4 gutxiago.

Beste behin ere egiaztatzen dugu krisiaren ondorioek gogorrago kolpatzen dituztela gazteria eta kolektibo prekarioenak eta soldata apalenak dituztenak, euren esplotazio eta zaurgarritasun baldintzengatik.

Beste alde batetik, hilabete baino pixka bat gehiago pasatu da alarma egoeraren indarraldia amaitu zenetik eta “inor atzean ez gelditzearen” erretorikak klase enpresarialarekin erabat lerrokatuta dauden adierazpenei leku egin die.

2008ko krisian egin zuen bezala, Arantxa Tapia funtzioetan dagoen sailburuak soldatak murriztera animatu du, talka-terapia bezala.

Egoera honetan benetako arriskua dago politika publikoek eta patronalaren jarrerak bat egiteko iraganeko akatsak errepikatzeko helburuarekin; pandemia aurretik jasan behar genituen arazo estrukturalak larritzera baino ez garamatzan bide ezaguna: soldata desberdintasunak eta lan-prekarietatea.

Hortaz, enpleguei eta soldatei eustea borroka berdinaren parte izan behar dira.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.