2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaCovid-19aren krisian zehar Osasunbidean erabaki desegokiak hartu dira

Covid-19aren krisian zehar Osasunbidean erabaki desegokiak hartu dira

Covid-19aren krisiaren ondorioz Osasunbidean hartutako antolaketa-erabakiek arazo ugari sortu dituzte herritarrei arreta emateko orduan, eta zalantza handiak eragin dituzte langileengan; izan ere, covid-19aren estrategiaren aitzakiaz baliatuz, erabaki gehiegi hartzen ari dira langileekin adostu eta ondorioak egiaztatu gabe.


Osasunbideko kudeatzaileek azken hilabeteetan covid-19ak sortutako osasun-krisiari aurre egiteko hartu dituzten erabakiek UPNren gobernuen garaian diseinatutako eredu teorikoak aplikatzen dizkiote oraingo errealitateari. Oso eredu korporatibistak dira, benetako konponbide gutxi eskaintzen dituztenak. Gainera, gure kudeatzaileek esaten dutenari erreparatuz gero, badirudi geratzeko asmoz etorri direla.

Erabaki horiek funtsezko arlo batzuk ukitu dituzte, eta LABek hori salatu nahi du; izan ere, halako aldaketak, gure ustez, langileriarekin negoziatzeko dauden esparruetara eraman beharko lirateke.

– Oinarrizko osasun laguntza: oinarrizko osasun laguntzaren erreforma izaten ari da punturik gatazkatsuenetako bat. Egitura horren bunkerizazioa ondoeza sortzen ari da profesionalen eta herritarren artean. Ezohiko egoera bat aprobetxatu da Marta Veraren garaian diseinatutako eredu bat aplikatzeko, zerbitzu publikoen pribatizazioaren norabidean doana. Onartezina da plantillaren barruan gatazkak sortzea Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzak eta Ospitalez Kanpoko Larrialdietako Zuzendaritzak hartzen dituzten erabakiengatik.

Duela aste batzuk azaldu genuen bezala, oinarrizko osasun laguntzak eredu berri bat behar du, birdimentsionatua eta diziplina anitzekoa, herritarren eskaera nagusiei esparru publikotik estaldura emanen diena.

– Lan-osasuna: gaur egun, langileak muga-mugako egoeran daude, izan dituzten lan-osasuneko arazoengatik (kutsatuen kopuru handia) eta gure arduradunek emandako irizpide nahasien ondorioz.

Deskonfinamenduan zehar kutsatzeak ez dira gelditu, eta profesionalen artean ehunetik gora kasu dago. Onartezina da Covid-19a gaixotasun profesionaltzat hartu nahi ez izatea eta, hori gutxi balitz bezala, langileari kutsatze-bektore izatearen errua egozten saiatzea.

Sekulako desinformazio-ekaitza izan dugu, eta, horren ondorioz, egoera ezin bereziagoak sortu dira krisian zehar. Konparazio batera: gaur egun, maskaren erabilera komunitarioa ezarri da, baina aurreko faseetan murriztu egin zen ospitaleratze-solairuetan, kaltegarria zelakoan.

Espero dezagun, kutsatuen tasak berriz ere gora eginez gero, egoera horiek ez errepikatzea. Profesionalen artean gertatu diren kutsatze kasu asko gure arduradunek ezarritako irizpideen etengabeko aldaketaren ondorio izan dira.

– Kontratazio-politikak: Coviden krisiak eraginda, edozein gauza onartzen da. Eta horren ondorioz arazo ugari sortzen ari dira, Profesionalen Zuzendaritzak irizpide argirik ez duelako, kontratazio-protokoloak ez baitira bateratu indarrean dagoen araudiak ezartzen duen bezala.

Kontratazioen kudeaketa hainbat burutzatan eskuordetu izanak gatazka ugari sortu ditu, kontratatzeko eskumena modu arbitrarioan aplikatu baita, irizpide bateratu bati eta indarreko araudiari erantzun gabe.

Antzeko zerbait gertatzen ari da lanaldiko planillekin; izan ere, burutza batzuek uko egiten diote lanaldiaren berri emateari, langile guztiak etengabe prest izateko helburu bakarrarekin.

Gainera, kontuan izan behar dugu Osasunbideko profesionalen lana ez dela aintzat hartu edo konpentsatu, oso kasu puntualetan izan ezik.

Antolaketa faltaren ondorioz, aparteko orduengatik produktibitate asko eta asko ordaintzen ari zaizkio epe laburrean ondorioak izanen dituen lan-erritmo jasanezina daraman plantillari.

– Zuzendaritza krisia: osasun krisi honek utzi digun beste ondorioetako bat kargu-uzteen eta dimisioen ekaitza izan da. Nabarmenena, argi eta garbi, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailearena izan da, baina ez dugu ahaztu behar Ospitaleguneko Zainketen zuzendariarena. Azken hori Ospitaleguneko erizaintzako tarteko burutzetan izandako kargu-uzteen eta dimisioen ondoren gertatu da.

LABek bost urte daramatza Nafarroako Ospitaleguneko Zainketen Zuzendaritzak eraman duen kudeaketa-eredua kritikatzen; izan ere, agerian gelditu da egitura atzerakoia eta neurriz gainekoa dela, eta ez duela balio antolaketa-egitura eta plantillaren kudeaketa egokitzeko, parametro parte-hartzaile, demokratiko eta gardenak oinarri harturik.

LAB sindikatutik eskatzen dugu, beraz, covid-19aren krisia aprobetxa dadila osasun publikoaren benetako eraldaketa egiteko, modu horretan herritarrei arreta ezin hobea bermatzeko eta langile guztiei lan-baldintza duin eta seguruak bermatzeko, baldintza egokietan lan egin dezaten.

LAB osasun publikoaren alde.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.