2024-12-19
HomeIrakaskuntzaSukalde eta garbitzaileakJaurlaritzak ez du eskola-jangela eta garraioko langileen ordezkariekin bildu nahi datorren ikasturtea...

Jaurlaritzak ez du eskola-jangela eta garraioko langileen ordezkariekin bildu nahi datorren ikasturtea antolatzeko

Aldebakarreko erabaki arduragabea da. Joan den uztailaren 30ean, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari bilera bat eskatu genion, eta ikasturtea hasteko bi aste falta direla, erantzunik gabe jarraitzen dugu. Daukagun informazio guztia komunikabideetatik jasotakoa da edo Cristina Uriarteren sailak berak bere webgunean argitaratzen duena.

Era berean, EAEko hezkuntza-patronalei ere bilera zabaldu genien (Kristau eskola, AICE-IZEA, Ikastolen Elkartea…) baina gaur gaurkoz ez dugu inolako erantzunik jaso.

Uztailaren 21ean, protokolo-proposamen bat bidali zion LABek Hezkuntza Sailari. Proposamen horretan, jangela eta eskola-garraioko langileentzako prebentzio-neurriak zehaztu genituen, baita zerbitzu horiek ikasleen funtzionamendu onerako eta prebentziorako nola antolatu ere, baina ez dugu erantzunik jaso.

Ez dugu ahaztu behar jangela eta eskola-garraioko langileek behin-behineko kontratuak edo aldizkako kontratu finkoak dituztela, eta, ondorioz, enpresak aldizkako langile finko bati deituko ez balio, bidegabeko kaleratzetzat har liteke eta hori salatzeko 20 egun balioduneko epea izango lukete. Enpresa kontratatzaileek eta hezkuntzako patronalek kalte-ordain horiek beren gain hartzeko ardura izango lukete. Horrek 10.000 langile baino gehiagori eragingo lieke (begiraleak, sukaldariak, hezitzaileak eta garbiketa, sukalde nagusi eta administrazioetako langileak, …).

Hau esanda, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari eskatzen diogu behingoz eseri dadila sindikatuekin hitz egiteko, 2020-2021 ikasturterako jangela eta eskola-garraioko zerbitzuak antolatzeko, eta sektoreko langileen lanpostuak eta lan-baldintzak bermatzeko, murrizketarik gabe.

Ez dugu enplegu suntsiketarik onartuko, ezta langile zein ikasleon osasuna lehenesten ez duen funtzionamendurik ere. Bestela, aurrean izango gaituzte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatu diogu Portu Agintaritzari

LAB sindikatuak gutun bat erregistratu du Santurtziko Portuko Agintaritzan, honi eskatuz nazioarteko zuzenbideko arauak betetzeko erantzukizuna bere gain har dezan eta Palestinako genozidioa eta mundu osoko gerrak sostengatzen dituzten armak eta edozelango gerra materiala bidaltzea eragotz dezan eskatzeko.

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.