2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaOlaberriako Arcelor Mittal-eko langileak lanuzteekin hasi dira enpresak euren eskakizunei jaramonik egin...

Olaberriako Arcelor Mittal-eko langileak lanuzteekin hasi dira enpresak euren eskakizunei jaramonik egin gabe jarraitzen duelako

Zuzendaritzak orain arte izandako jarrerak ez du mobilizaziora jo beste aterabiderik utzi. Horregatik langileek batzarrean adostutako presio neurriak martxan jarri dituzte. Errelebo bakoitzaren azken orduan paroak burutu dituzte gaur eta sarreraren aurrean mobilizatu dira. Larunbatean gauza bera egingo dute.

Duela bi aste buruturiko langileon batzarrean ELA eta UGTk gutxiengoan sinaturiko aurreakordioari ezezkoa eman genion. Horrez gain, LAB eta CCOOen artean adostutako plataforma eta plangintzari baiezkoa eman genion. Modu horretan 16 hilabeteko prozesu negoziatzaile luzean zehar defendatzen aritu garen edukiak hitzarmenean txertatu daitezen negoziatzen jarraitzeari eman zitzaion baiezkoa, eta enpresako zuzendaritzak erakutsitako borondate eskasari buelta emateko presio egiteko neurriak adostu genituen.

Batzarraren emaitzak eskuetan, uztailak 3 ostiralean bertan, enpresa-batzordeak, gehiengoz, langileon eskaera zuzendaritzari komunikatu eta lehenbailen negoziatzera eseritzeko eskaera egin zion, asteartea, uztailak 7, data bezala proposatuz. Irmoki salatu nahi dugu zuzendaritzak erakutsitako jarrera, benetan kezkagarria baita. Erantzun argirik eman gabe eta “agenda” konplikatuari erreferentzia eginik mahai negoziatzailea biltzeari muzin egin dio. Are gehiago, jakinik, jarrera horrek langileok batzarrean adostu genuen plangintza mobilizatzailea martxan jartzera eramango gintuela. Ez du bildu nahi izan proposatutako egunean eta beste proposamenik ere ez du egin. Horregatik galdera luzatu nahi diogu: ez ahal zaio zuzendaritza honi urgentziazkoa iruditzen, langileok hala eskatu ondoren, negoziatzen jarraitzea? Edo batzarreko emaitza gustatu ez eta berdin zaizkio negoziatzeko borondate faltak eragin ditzakeen eszenatoki gatazkatsuak?

Gure ustetan prozesu osoan zehar Zuzendaritzaren helburua langileok behin eta berriz mahaigaineratu ditugun aldarrikapen zeinbaiti aterabiderik ematen ez dien hitzarmena inposatzea da. Kontestu horretan kokatzen dira lehen ere publikoki salatu ditugun hainbat trikimailu: estatu mailako ABEEEaz egiten dabilen erabilera interesatua (Lan ikuskaritzan salatu duguna) edo aurrez egitekoak ginen langile asanblada galaraztea. Batzarrarren emaitzaren aurrean ordea, uste dugu zuzendaritza behartuta dagoela hitzarmen duin bat negoziatzen jarraitzera. Soldata igoera duinak, egutegian aldaketak adostuak izatea, bajak osagarritzen dituen sorospen kutxaren biziraupena, errelebo kontratua egingo dela bermatzea…

Beraz, Olaberriako ArcelorMittaleko LABek publikoki dei egin nahi dio zuzendaritzari hitzarmena negoziatzen jarraitu dezan, langileok batzarrean erabakitakoari kasu eginez eta aldarrikatu ditugun edukiei aterabidea emateko borondatearekin. Aldi berean, batzarrean adostutako aldarrikapenak bururaino eramateko konpromisoa adierazi nahi dugu eta langileei borrokara batu eta mobilizazioetan parte hartzeko eskua luzatu nahi diegu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.