Hainbat obratara bisitak egin ditu LABek lan-araudia betetzen dela bermatzeko. Ikusitakoen ondoren, Gipuzkoako lau obra salatu ditu Lan Ikuskaritzan, herrialdeko hitzarmena ez betetzeagatik.
Lau obra horietako bi obra publikoak dira, bat ArrasateElorrio-Bergara zatian Abiadura Handiko Trena eraikitzeko Eusko Jaurlaritzak sustatutakoa. Obra honetan jakin dugu langileak 8 ordu ari direla fitxatzen, baina egunero 11 ordu egiten ari direla astelehenetik ostiralera. Kasu honetan, gainera, dokumentuen faltsutze delitu baten aurrean egon gaitezke, eta hori oso larria iruditzen zaigu.
Salatutako bigarren obra publikoa Errotaburun dagoen Gipuzkoako Ogasuneko fatxada berritzeko obra da. Lan hori egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak Arabako enpresa bat kontratatu du, Indenort S.L., eta honek lan horiek Bizkaiko enpresa bati azpikontratatu dizkio, Euskogres S.L. enpresari. Azken honek, Bizkaiko eraikuntzaren hitzarmena aplikatzen baitie Errotaburuko obran lan egiten duten langileei.
Salatutako beste bi lanak, Igaran (Donostia) zaharren egoitza bat eta Astigarragan etxebizitza batzuk eraikitzea dira. Bertan, salatutako enpresak azpikontratatutakoak dira, eta langileei beren jatorrizko hitzarmenak aplikatzen ari zaizkie, Burgosko eta Madrilgo hitzarmenak, hurrenez hurren.
Salatutako 4 obretan izendatzaile komun bat dago, azpikontratazioa kostuak merkatzeko erabiltzea, langile horiei gutxieneko soldatak ez errespetatzea dakarrena. Administrazio publikoak, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Aldundia dira lurraldeko sektoreko hitzarmena betetzen ez dutenak. Oso larria iruditzen zaigu, eta, horregatik, salaketen kopia bat aurkeztu diegu bi erakundeei, egiten ari direnari erantzuteko.
Salaketa horiek erakusten dutenez, hitzarmena ez betetzea eguneko gai zerrendan dago eraikuntzan, eta sektore horretan ez dago lan-prekarietatearekin amaitzeko borondate politikorik. Ezin dugu onartu erakundeek beraiek arauak ez betetzea eta Gipuzkoa “low cost” lurralde baten irudia proiektatzea.
Hauteskunde autonomikoak laster izango direnez, alderdi politiko guztiei konpromiso argia eta aktiboa eskatzen diegu langileen eskubideak errespetatzeko, baita eraikuntzaren sektorean ere, era guztietako ez-betetzeak prebenituko dituzten benetako neurrien bidez.