2025-04-05
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaUsoako langileak gaur mobilizatu dira berriro, EAJren atzoko ekitaldian gertatutakoagatik suminduta

Usoako langileak gaur mobilizatu dira berriro, EAJren atzoko ekitaldian gertatutakoagatik suminduta

“Langileen botoarekin, altzairuzko EAJ!”. Andoni Ortuzarren hitzak entzuten ziren oraindik EAJren mitinean, Barakaldon, ertzainek, beren agindu zuzenei erantzunez, Usoako Enplegu Zentro Bereziko langileak bultzatzen eta identifikatzen zituzten bitartean. Atzo gertatu zen hori. Gaur, langileak berriro mobilizatu dira euren eskubideen defentsan, Barakaldoko udaletxe aurrean oraingoan. Hain zuzen ere, udal honen menpeko enplegu zentro berezia da USOA, 350 langile dituena.

Hau da Usoako enpresa batzordearen gaurko oharra:

USOAko langileak, beren lan baldintzen eta USOAren etorkizunaren eske, Barakaldoko Boulevardean kontzentratu ziren atzo. Turutak eta txistuak erabilita, EAJ eta PSOEri, gobernu talde gisa, langileen bizi-baldintzak bermatuko zituen hitzarmen duin bat negoziatzeko eskatu zieten.

Erantzun sendo eta errepresiboak argi uzten du EAJren jarrera USOA langileen eskubideen inguruan eta, oro har, euskal langileen eskarien inguruan. Ez gaituzte entzun nahi.
EAJk ez du langileok esan behar duguna entzun nahi, eta gainera, lan baldintza eta bizi baldintza duinen aldeko oihuak isilarazi nahi ditu.

USOAko enpresa batzordeak erabateko gaitzespena adierazi nahi dio atzoko elkarretaratzean gertatutakoari. Bestalde, azalpenak eskatzen dizkiegu gobernu taldeari, EAJren taldeari eta Amaia del Campo Barakaldoko alkateari. Atzo elkarretaratze horretan gertatutakoak, tailerrerako baldintza duinak eta etorkizuna eskatzeko, EAJk datozen hilabeteetan gizarteari eskainiko dionaren erakusgarri txiki bat dela dirudi.

Enpresa-batzordetik argi daukagu, ez gaituzte isilduko.
Usoa etorkizun eta hitzarmen duin baten aldeko borrokan!
Hurrengo ostegunean, uztailaren 9an, goizeko 11:30ean Barakaldoko Udalaren aurrean mobilizatuko gara.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

17. hildakoa 2025a hasi denetik Euskal Herrian, 10.a Nafarroan

Atzo, 55 urteko langile iruñear bat hil zen Agoitzen aldamiotik erorita. Tejados Aoiz enpresako langileak 10 metroko erorikoa izan zuen.

Langileen aldeko politika publikoen beharra partekatu du LABek EH Bildurekin

LABen eta EH Bilduren ordezkaritza banak, LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyo eta EH Bilduko EAEko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandiano buru, bilera izan dute gaur Donostian.

LABek salatu du Iruñeko alokairuko bizikleten zerbitzua kudeatzen duen enpresak atzerapenekin ordaintzen duela eta dagoeneko bi nomina oso zor dizkiela langileei

LAB sindikatuak salatu nahi du Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian daudela, sei hilabete baitaramatzate nominak berandu kobratzen eta egun enpresak bi nomina oso zor baitizkie. Lan baldintza duinak bermatuko dizkien eta zerbitzuaren jarraipena bermatuko duen berehalako irtenbidea eskatzen dute langileek.