“Ez gaude prest berriro ere krisiaren faktura gazteon bizkar gainean jartzeko; krisiaren faktura aberatsek ordain dezatela!”

627

Langileria eta bereziki gazteak pairatzen ari diren egoeraren aurrean, Ernairekin batera, enplegu duina aldarrikatzeko mobilizazioa egin dugu Gasteizen, Lanbideren egoitzaren aurrean, “Krisiaren faktura aberatsen kontura. Gazteok lan duina, bizi duina!” leloarekin.

Hauxe da, Ernai gazte erakundearekin batera, gaurko mobilizazioaren harira egin dugun irakurketa:

2008an krisiari erantzuteko ezarritako errezetek lan merkatua are eta gehiago desegituratu zuten, lehendik ere prekarietatea hedatuta zegoen arren, kapitalismo basatian sakondu eta gazteen enpleguarekin amaitu zuten.

Ondorengo urteetan, errekuperazio ekonomikoa gazteon eta langileon eskubideen bizkar egin da. Enpresak irabaziak metatzen hasi eta enplegua sortu zen, enplegu prekarioa ordea, pobreziatik ateratzeko enplegua izatea nahikoa ez izateraino, miseriazko soldata eta lan baldintza negargarrietan.

2010 eta 2012ko erreformak, Eusko Jaurlaritza eta Nafar Gobernuak ezarritako murrizketak… oraingo krisiari aurre egiteko arazo estruktural bilakatu dira eta argi geratu da hori Martxotik hona galdu den enplegua nolakoa izan den erreparatzen badugu. Elite ekonomikoaren eta merkatuaren beharrei solik erantzuten dien lan merkatua sortu zuten, erabili eta botatzeko enpleguarekin, flexibilitatea muturreraino eramanez. Lan baldintza kaxkarretan lan egiten ondoren, orain enplegu hori botatzeko garaia iritsi da.

Gazteok betetzen genituen lanpostu gehienak pandemian zehar desagertu edo suntsitu egin dira.

▪ Ostalaritzako gazte langileak izan gara pandemiaren lehen egunetik kaleratuak izan garenak

▪ Udalekuetan lan egin izan dugun gazteak, aurten asko eta asko gazteontzako sustengo ziren udako lanik gabe geratuko dira

▪ Kontraturik gabe eta beltzean lan egiten dugun gazteak gara asko eta asko (klase partikularrak ematen, lanik prekarioenak eta baldintzarik okerrenak dituztenak betetzen…)

Atzo kaleratutako langabezia datuek argi adierazten dute egoera hau:

▪ Langabeziaren zifra ofiziala Hego Euskal Herrian 184.912 langabetura igo da, eta horri beste 87.143 gehitu behar zaizkio. Izan ere, EABET (Enplegua Aldi Batera Erregulatzeko Txosten) egoeran daude eta ziurgabetasun handia dute etorkizunari begira.

▪ EAEri dagokionez %84 igo da gazteen langabezia, aurreko urteko ekaineko datuekin alderatuta. Datu hauek oso esanguratsuak dira, kontutan hartzen baldin badugu iazko datuek gazteriaren prekarizazo egoera bat islatzen zuten datuak zirela.

Gazteok kapitalismo heteropatriarkalaren ondorio bortitzenak bizitzen ari gara belaunaldi bezala, 2008ko krisiak eta baita oraingoak, gogor kolpatuko duen sektorea gara.

◦ Ongi ezagutzen ditugu krisiaren aitzakipean jarraitzen diren errezeta neoliberalak: Horren ondorio dira enplegu egoera prekarioak, emantzipatzeko ezintasun nabaria, hezkuntza publiko eta euskaldunaren pribatizazioa.

Eta orain, berriz ere elite ekonomikoen eta patronalaren interesen araberako politikak bultzatu edo herri eta langile klasearen alde, justizia sozialaren alde, migranteen, emakumeen, gazteen eta orohar bazterrean kokatzen diren langile guztien aldeko politikak martxan jartzea, horiek dira bi aukerak. Pobrezia eta prekarizazioa hedatzea hautu politiko bat da, eta Madriletik eta Gasteiz eta Iruñetik datozen haizeek ez dute ezer onik ekartzearen itxura. Asteazkenean bertan PSOEk EH Bildurekin izenpeturiko akordioaren aurka bozkatu eta lan erreforma bertan behera uztearen aurkako posizioa hartu zuen. Eta hemen ondoan, Gasteizen dugun Eusko Jaurlaritzako lehendakaria den Urkullu jauna ere hasia da esfortzua eskatzen langile publikoei. Gure agintariek dagoeneko hautua egina dutela dirudi, elite ekonomiko eta patronalaren aldeko hautua, herri honen gehiengoari bizkarra ematearen aldeko hautua.

Guk ere, Ernai eta LABek, aukera egina dugu. Bazterketa sozialarekin, pobreziarekin eta prekarizazioarekin amaitu nahi dugu, bizitza duinak nahi eta behar ditugu! Eta horretarako enplegua behar dugu, baina ez edozein enplegu, aberastasuna banatuko duen enplegua da behar duguna, soldata eta baldintza duinak bermatuko dizkigun enplegua, arrakalekin amaituko duena.

Madril, Gasteiz eta Iruñetik datozen haize txarrei aurre egingo diegu, modu kolektiboan. Ez gaude prest berriro ere krisiaren faktura gazteon bizkar gainean jartzeko; krisiaren faktura aberatsek ordain dezatela! Ez dugu utziko elite ekonomiko eta euren mesedetarako agintari autoritarioek gazteon eta oro har langile eta herritarron bizi baldintzak zapaltzea, krisi hau ez dugu guk ordainduko!

Eta bide horretan, gazteon eta langileon lan eta bizi baldintza duinak nahi baditugu nahitaezkoa izango da gaurdanik Euskal Errepublika Sozialistaren aldeko indarrak metatzen hastea.

Gora euskal gazteria! Gora euskal langileria! Gora Euskal Errepublika Sozialista!