2024-11-22
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakEz dugu babestu diru publikoarekin ordaindutako itunpeko ikastetxeetako langileak kaleratzeko akordiorik

Ez dugu babestu diru publikoarekin ordaindutako itunpeko ikastetxeetako langileak kaleratzeko akordiorik

LABek ez du sinatu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, itunpeko ikastetxeen sareetako langileen birkokatzea ezinezkoa denean, legezko kalte ordaina bere gain hartzerik. Hezkuntza Sailak, urtarrilean eta otsailean, itunpeko ikastetxeen sareekin eta sindikatuekin bi akordio ezberdin sinatu zituen.

Hezkuntza Sailak, jaitsiera demografikoaren aurrean, langileen birkokapena eta errelebu-kontratuaren finantziazioa laguntzeko akordio bana sinatu zituen patronal eta sindikatu ezberdinekin. LABek, hilabeteetako negoziazioen ondoren, ikastolen patronalekin eta Hezkuntza Sailarekin otsailean sinatu genuen akordioan, “birkokatzea ezinezkoa denean legezko kalte ordaina administrazioak bere gain ez hartzea” ezinbesteko baldintzatzat jarri zuen. Akordio horren baitan, hainbat langileri errelebo-kontratuen bidez erretiroa aurreratzeko bidea ireki zitzaien.

Gizarte ekimeneko patronalek, ELA, CCOO, STEILAS eta UGT sindikatuek eta Hezkuntza Sailak sinaturiko akordioak argi dio langileen birkokapena ezinezkoa den kasuetan (sinatzaileek kudeatuko duten jarraipen batzorde batek ikuskatuta) langileen kaleratzeen kalte-ordaina diru publikoz finantzatuko dela. LABentzat onartezina da hau, gure ikuskeran, langileak birkokatzea helburu duen akordio batek, ezin dituelako kaleratzeak aurreikusi, eta are gutxiago diru publikoarekin finantzatu.

Enplegua mantentzeko, itunpeko ikastetxeen sareetan langileen birkokapen prozesuak ezinbestekoak direla defendatu ditu LABek. Hala, ikastoletako patronalekin 2018-2019 ikasturtean sinaturiko lan hitzarmenean jasotzen zen ikastoletan kaleratzeak ekiditeko birkokapen prozedura, soberakin eta beharrak identifikatu eta zehaztuz gauzatzen dena.

Gizarte ekimenean bide beretik joan gara, eta LABek salatu egin zuen greba bukatzeko akordioak ez zuela jasotzen lanpostuak mantentzeko eta langileak birkokatzeko prozedura zehatza ezta konpromisoa ere, lan-poltsa bat osatzeko akordioa sinatu zuten soilik. Gaur gaurkoz, lan-poltsa oraingoz ez da sortu.

Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk ez dute inolako borondaterik langileak birkokatzeko. Are gutxiago langile bat kaleratzea dohainik aterako zaienean Eusko Jaurlaritza eta sindikatu sinatzaileei esker. Gaur egunera arte bezalaxe, diru publikoarekin nahi dituzten langileak kontratatzen jarraitu nahi dute eta gustuko ez dituztenak diru publikoa baliatuta kaleratu; diru publikoarekin eduki behar den berdintasun printzipioa urratuz.

Orain dela 3 urte, gizarte ekimeneko sindikatu guztiek “Zentroak krisian” akordioa salatu genuen, kaleratzeak diru publikoarekin finantzatzen zituelako. Orain aldiz, kaleratzeak diru-publikoarekin finantzatzea sinatu dute beste sindikatuek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.