2024-11-26
HomeUncategorizedMaiatzaren 30eko grebak erantzuna, desobedientzia eta konpromisoa erakusteko ez ezik, martxan dagoen...

Maiatzaren 30eko grebak erantzuna, desobedientzia eta konpromisoa erakusteko ez ezik, martxan dagoen prozesu sozialari bultzada erabakigarria emateko balioko digu

Egin dugun bideak bere emaitzak izan ditu. Krisialdiaren hasieratik Euskal Herriak erantzun egin du. Eraso ezberdinei erantzun izan diegu, greba orokorrak tarteko, baina garrantzitsuena, egunez egun, enpresa, sektore eta herrietan. 

Iruñea zein Gasteizeko gobernuek badakite Euskal Herrian ez daukatela bidea zabalik, hemen nahiko lituzketen murrizketa eta pribatizazio guztiak ezin dituztela burutu. Nafarroako gobernua bere ustelkerian itota eta ahulezia sakonean dago sartuta. Gasteizeko gobernuak 1.200 miloiko murrizketak egin nahi zituen euren aurrekontuetan eta atzera bota behar izan ditu. Herritarrengandik gero eta urrunago eta gero eta sinesgarritasun gutxiagoz, herri presioaz krisi instituzional sakonetan daude sartuta.

Patronalak ere uste zuen Madrilen oparitutako lan erreformarekin bidea zabal-zabalik edukiko zuela. Hala ere, aurre egin diogu eta enpresa zein sektoreetan burutzen ari garen borrokak bere emaitzak izan ditu: gure hitzarmenak erreformaren aurrean blindatzen ari gara. Greba honek borroka horretan ere lagundu behar du. Beste eredu bat eraiki nahi dugu, baina beste eredu sozial eta laboral bat ez da posible ez badaukagu negoziazio kolektiboa bezalako tresnarik, eta ez dago beste eredurik ez badaukagu lan eskubiderik.

Emerjentzia egoerak beste erantzun indartsu bat ematera behartzen gaitu
Langabezia maila jasanezina da, gero eta lagun gehiagok ez dute inolako prestaziorik jasotzen; pribatizazio politiketan jarraitzen dute, bai Madriletik bai Iruñea eta Gasteiztik; euskal langileria pobretzeko estrategia martxan daukate eta soldatak, pentsioak eta babes soziala jo puntuan daude.

Madriletik eraso gogorrak datoz, eta hemengo gobernuek, herriak aldarrikatzen duenari uko eta kapitalari men egiten diote. Beharturik daudela esaten dute batzuetan, baina besteetan, datorren pentsio erreforman bezala, euren babes osoa eskaintzen dute bai UPNk bai PNVk.

Politika horiek gutxi batzuk are gehiago aberastea daukate helburu eta emerjentzia egoera honetara ekarri gaituzte: ez da krisiaren emaitza, baizik eta krisiaren aitzakiaz aplikatzen ari diren politiken ondorio zuzena. Hondamendira garamatzate eta, gainera, badakite. Euskal Herriko gobernuak lehentasunak aldatzera behartu behar ditugu: banka eta multinazional handiak –eta, Nafarroan eskandaluzkoa denez, norberaren probetxu pertsonala- izatetik euskal gehiengo langilea izatera.

Erantzun hutsetik haratago
Gure esku dagoen erantzunik gogorrena eman behar dugu eta hori greba orokorra da. Erantzunak emaitzak izaten ditu, baina ez da nahikoa, horregatik plan oso bat abiarazi behar dugu, plan oso bat indarrak biltzeko, jendartea batzeko eta aktibatzeko eta Euskal Herrirako alternatiba denon artean eraikitzen hasteko.

Ez dugu aurreko sasoietara bueltatu nahi, horrek ere ez zigun balio. Benetako aldaketa soziala ezinbestekoa daukagu Euskal Herrian eta denon artean erabaki eta finkatu behar dugu zertan oinarritu behar den aldaketa hori. Langile klasearentzat hondamendia baino ez dakarren Madrileri begiratzeari utzi eta euskal jendarteak hartzen dituen erabakietan oinarritu behar den alternatiba.

Prozesu sozial indartsua dago martxan eta indartuko dugu. Lehen pausua Euskal Herrirako gutun sozialaren osaketa izango da, Euskal Herriko eredua denon artean erabakitzeko. Eta greba honek, erantzuna, desobedientzia eta konpromisoa erakusteko ez ezik, prozesu sozial honi bultzada erabakigarria emateko balioko digu.

maiatzak 30
GREBA OROKORRA

 

 

LAB SAREAN
{module[111]}

    

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Elgoibarko Egondoko langileek mobilizazioei ekin diete enpresa-itunaren negoziaketaren blokeoa dela eta

Azaroaren 18an, Elgoibarko Egondo enpresako langileek mobilizazio ziklo bat jarri zuten martxan euren enpresa–itunaren negoziaketaren blokeoa dela eta. Gaur ere mobilizazioa egin dute, eta beste horrenbeste egingo dute aste honetako asteazken eta ostiralean ere.

EAEko aurrekontuak zehazterako orduan langileen parte hartzea bermatzeko eskatu diogu Jaurlaritzari

Gaur goizean egin den Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bileran, LABeko ordezkariek salatu dute EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu direla. Honetaz gain, proposamen zehatzak jasotzen dituen txosten bat helarazi diote Nöel D’Anjou Ogasun sailburuari.

Aldarrikatuko dugu Euskal Herriak ahots propioa izan behar duela CAF taldeko Enpresa Batzorde Europarrean

Azaroaren 27an bilduko da lehen aldiz CAF taldearen Europako Enpresa Batzordea izango denaren oinarriak adostu beharko lituzkeen negoziazio-mahaia. Bilera hau Beasaingo lantegian egingo da, 10:00etatik aurrera.