2024-11-22
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaLABek euskarak Nafarroan bizi duen diskriminazioa salatu du

LABek euskarak Nafarroan bizi duen diskriminazioa salatu du

LABek agerraldia egin du gaur Iruñean euskarak Nafarroan bizi duen egoeraren inguruan. Vascuencearen legearen ondorioez eta honen aurrean LABek duen jarreraz hitz egin da bertan, besteak beste. Horrekin batera, apirilaren 21ean Bilatortan, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuz egingo den jaialdian parte hartzera deitu du LABek. Agerraldian izan dira LABeko Nafarroako bozemale Igor Arroyo, Edurne Larrañaga euskara idazkaria eta Aitziber Perez irakaskuntzako arduraduna.

EUSKAL HERRI EUSKALDUNERANTZ , VASCUENCE LEGEA INDARGABETU, EUSKARA OFIZIALA EUSKAL HERRI OSOAN!!

Euskara ez da ofiziala Euskal Herri osoan. Hortaz, euskarak ez ditu beharrezko tresnak berezko hizkuntza gisa biziraun dezan nahiz garatu dadin. Ondorioz, euskal herritarrok eskubide ezberdinak ditugu norbere jaioterriaren arabera.

Aitortza eza. Tresna edota baliabide falta. Diskriminazioa.

Euskarak aipatu errealitatea jasaten duen neurri berean, euskal herritarrok egoera horren kaltetu zuzenak gara eta dagozkigun hizkuntza eskubideak ez aitortzeaz gain, egunerokoan urratzen zaizkigu.

Indarrean dauden legeek, beren lurraldean, berezkoak eta ofizialak diren hizkuntzak babestea, sustatzea eta horretarako baliabidez hornitzea, administrazio zein instituzioen erantzukizuna dela zehazten dute. Euskal Herrian indarrean dauden Hizkuntza Politikek, ordea, bi hizkuntzen arteko ezberdintasunetan sakontzen dute, euskara hizkuntzen berezkoak funtzioetatik kanpo uzten dute eta hizkuntza eskubideak mailakatu zein urratzen dituzte, herritarrak diskriminatuz, besteak beste.

Hori guztia kasualitatea ote? LAB sindikatuak argi du ezetz. Euskararen normalizazioari galga jartzea eta Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesua oztopatzea kapitalaren interesen aldeko alderdien erabaki politikoa izan da eta gaur egunean horrela izaten jarraitzen du. Eremu administratibo ezberdinetan indarrean dauden Hizkuntza Politikek (edo Hizkuntza Politikarik ez egoteak berak) ez dute euskararen normalizazioa helburu, horretarako borondate politikorik ez dagoelako, egungo diskriminazio zein gutxitasun egoera iraunaraztea baizik.

Nola uler daiteke bestela Barañainen euskara ofiziala izatea eta Bilatortan ez? Nola da posible Arbizun herritarrok hizkuntza eskubideak legez aitortuak edukitzea eta Lizarraldean erabat ukatuak? Ez al da guztia Euskal Herria, euskararen herria? Are eta gehiago esango dugu: nola uler daiteke euskara ofiziala izan arren, hizkuntza eskubideak modu sistematikoan urratzea?

Zonifikazioak eragin lazgarriak ditu egunerokoan, esparru anitzetan eta herritar guztiengan. Nafarroako zonalde ez euskaldunean euskara ez da ofiziala; ondorioz, bertako herritarrek ez dituzte hizkuntza eskubideak aitortuak. Zonalde ez euskaldunean bizi diren euskaldunek ez dute sendagilearekin euskaraz hitz egiteko eskubiderik, gaixoak ez du bere sendagilearekin euskaraz komunikatzeko eskubiderik; Udalek ez dute zertan zerbitzua euskaraz eskaini, herritarrek ez baitute eskubidea administrazioaren arreta zein harrera euskaraz jasotzeko; langileek ez dute lan jarduera zein lan harremanak euskaraz garatzeko eskubiderik eta lan munduaren euskalduntzea kinka larrian dago, emergentzia egoeran.

Belaunaldi berriak: hizkuntza eta hezkuntza eskubiderik gabe!
Zerrenda amaigabea osatu dezakegu, baina gaurkoan arreta berezia jarri nahi diegu gure herriaren etorkizuna diren belaunaldi berriei. Izan ere, zonifikazioak, besteak beste, ikasle askok euren herri zein eskualdeko eskolatan euskaraz ikasteko ezintasuna edukitzea dakar. Belaunaldi berriek hizkuntza eta hezkuntza eskubideak ez dituzte aitortuak ezta bermatuak ere. Ondorioz, familiek euren hizkuntza eskubideak urratuak eta hizkuntza aukeraketa bermatu gabe dituzte. Nafarroako zonalde askotan, aukera bakarra, euren seme-alabak herri edo eskualdetik kanpoko eskoletara bidaltzea da, horrek suposatzen duen koste ekonomiko, sozial eta psikologikoarekin, eskualdearen garapenaren kalterako.

Nafarroan aldaketa beharra, aldaketa euskaratik eta euskararentzat.
Euskarak ere aldaketa beharra du Nafarroan eta Euskal Herri osoan. Nafarroan, Barcina, eredu kapitalista, espainol eta baztertzailearen erreferentzia izanik, zonifikazioaren erantzule zuzena da. Herritarrok aldaketaren aldeko jarrera hartu eta hamaika borroka piztu dira. Horien artean, euskararen ofizialtasuna aldarrikapen bateratzaile eta nagusia nagusia izan arren, Barcina eta bere aldekoak entzungor mantendu dira. Nafarroan estatu paktua egin zen, Nafarroa Espainiaren barnean mantendu nahi zuten alderdi espainolisten artean, eta elkarlan horren baitan Vascuencearen legea onartu zuten.

Berriro ere nafar herritarron nahia errespetatu ez duelako, Barcina GO HOME!!

LAB sindikatuaren jarrera.
Honengatik guztiagatik, Vascuenceren Legea berehalakoan indargabetzea, Euskal Herri osoan euskara ofiziala eta berezko hizkuntza izendatzea eta hori gauzatu dadin Hizkuntza Politika Nazional, berri eta egingarria martxan jartzea exijitzen dugu.

Jakin badakigu egungo ordenamendu juridiko zein administratiboak euskararen normalizazioa ezinezko bilakatzen duela, marko politikoaren mugak estrukturalak direlako. Hori dela eta, euskara normalizatu garatu dadin tresnak zein baliabideak eskainiko dituen Euskal Estatua aldarrikatzen dugu.

Egunez egun sortzen ditugun baldintzak Euskal Estatuaren eraikuntzarako bultzada izateaz gain, gure eguneroko jardunbidearekin etorkizuneko eredua ezaugarritzen ari gara. Hori dela eta, gaurdanik, euskaldun eleanitzez osaturiko Euskal Herri euskalduna eta Hezkuntza Sistema Propioa lortzeko bidea marraztu eta ibili behar dugu. Lehen geltokia, Euskara ofiziala izendatzea Euskal Herri osoan. Horretarako, ezinbestez, Vascuenceren legea urgenteki indargabetu behar da. Bigarrena, euskal herritarron hizkuntza zein hezkuntza eskubide guztiak aitortuak bermatuak izatea. Bidean indarrak berreskuratzeko aukera ere izango dugu, Bilatortan.

Apirilak 21ean, Bilatortan egingo den Jaialdian parte hartzeko deialdia luzatzen dio euskal jendarteari.
Euskal Herritarrok, aspalditxo, Arronizen, Itsasun, Mutrikun, Milagron, Getxon, Trebinun…ematen den egoera ez dela norbanakoaren arazo isolatua ulertu genuen eta eskubide kolektiboak eskuratu ahala, norbanakoaren eskubideak eskuratuko direla.

Hori dela eta, bidea guztion artean egingo dugulako, hitzordu garrantzitsua dugu datorren igandean, apirilaren 21ean, Nafarroako Bilatorta herrian.

Zonifikazio eta Vascuencearen legea INDARGABETU ORAIN!!!!
Euskal Herri euskalduna, Hezkuntza Sistema Nazionala!!!!

 

 

LAB SAREAN
{module[111]}

    

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.