Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailburuak adierazi du Gasteizko bi Haurreskola ixteko asmoaren arrazoi nagusi gisa, Haurreskola horietan eskari gutxi dagoela. Arrazoi hori LABentzat aitzakia faltsua da.
Baieztapen honen aurrean, LAB sindikatuak adierazi nahi du Sailburu andereak zentro hauek ixteko emandako arrazoi hori aitzakia faltsua baino ez dela, hurrengo ikasturteko matrikulazio epea oraindik zabalik ez dagoelako eta ezin baita horrelako informazioa izan datu errealik eduki ezean. Gaur egungo datuek esaten digute, alde batetik Txirrinbil beteta dagoela eta Almudena Cid-en dauden bi gelak beteta daudela; aldiz, hirugarrena ez da bete, ikasturte hasieratik egon diren matrikulak Gasteizko udaletik auzoko beste Haurreskola batera desbideratu dituztelako.
Halaber, Abetxukon dagoen Andra Mari Zuriaren Haurreskola da salabatu izan den bakarra, herritarron mobilizazioei esker eta presio bidez, auzo hau eskaintza publiko eta euskaldunik gabe geratzen baitzen, eraikinean sekulako inbertsioa egin ondoren.
Aitzakiak besterik ez, beraz. Erabakia hartzeko garaian dena ezkutuan egin dute, alde sozialarekin kontrastatu gabe eta egun desberdinetan arrazoi desberdinak emanez. Argi dago auzo hauetan galduko den plazen kopurua nekez berreskuratuko dela eta argi daukagu planifikazio kaskar baten ondorioz izan dela. LABetik 0-3 zikloaren garrantzia azpimarratzen jarraituko dugu eta zerbitzu publikoak garatzearen aldeko lana egiten, horregatik Haurreskolak unibertsalak, doakoak, publikoak eta euskaldunak izan behar direla uste dugu.
{module[111]}