2024-11-22
HomeErrepresioaSalbuespen neurrien aurka ostiralean eta larunbatean egingo diren herri mobilizazioekin bat egiten...

Salbuespen neurrien aurka ostiralean eta larunbatean egingo diren herri mobilizazioekin bat egiten du LAB sindikatuak

Salbuespen neurrien aurka ostiralean eta larunbatean egingo diren herri mobilizazioarekin bat egiten du LAB sindikatuak, eta bertan parte hartzeko deia egiten die euskal langileei.

MOBILIZAZIOAK

Bihar, OSTIRALA, apirilak 5, eguerdian elkarretaratzeak.
Gasteiz (13:00etan Andra Mari Zurian
Bilbo (12:00etan Udaletxearen atarian)
Galdakao (13:00etan Udaletxe atarian)
Basauri (13:00etan Udaletxe atarian)
Iruñea (11:15etan Udaletxe plazan)
Baiona (19:00etan Herriko Etxearen aitzinean)
Donostian(12:00etan Udaletxe atarian).

LARUNBATA, apirilak 6, 17,30etan herri mobilizazioa BILBON, La Casillatik.

 

Ezer baino lehen, LABek bere elkartasuna eta sostengua helarazi nahi die Xabier Lopez Peñaren familia eta lagunei, momentu latz hauetan. 

Fleuryko espetxean, dispertsio politikaren eraginez etxetik 1.000 kilometrora, preso zelarik osasun egoerak okerrera egin eta hamabi egunera hil da Lopez Peña. Senide edo lagun baten heriotzak berez dakarren mina areago, larriago, latzago bihurtzen da, lagun edo senide hori preso denean, lagun edo senide horri salbuespeneko neurriak ezarri zaizkionean, bere egoeraren gaineko isiltasuna eta bisiten oztopatzea eman denean, eta finean, presoarekiko ez ezik bere familiarekiko mendekuzko jokabide ankerra azken muturrera eramana izan denean. 

Presoaren egoera familiari ezkutatu izana (ospitalizazioa eman eta 8 egun geroago, espetxeko beste presoen eskutik jakin zuen familiak gertaeren berri), mediku agiri bakar bat ere helarazi ez izana, bisitak eta harremana galarazi izana… Lopez Peñaren heriotzaren inguruko gertaerak ilunak eta oso larriak dira, eta heriotz honen atzean dauden erantzukizun guztiak, politikoak nahiz penalak, argitzea eskatzen dugu.

Jazoera larri honen aurrean, salbuespeneko neurriak eteteko eskatuz Herrirak deitutako mobilizazioekin bat egiten du LABek eta dei egiten die langileei bereziki eta euskal jendarteari orohar, deitutako protestetan parte hartzeko. Astean zehar hainbat herritan egingo diren elkarretaratzeez gain, azpimarratu nahi dugu bereziki, larunbatean Bilboko kaleak hartuko dituen herri mobilizazioa, Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak Eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea, lelopean egingo dena.

Behin ere gertatu behar ez zuketen, baina behin eta berriz errepikatzen diren oinarrizko giza eskubideen urraketak behin betiko amaitzea ezinbestekoa da. Martxoak balantze benetan beltza utzi digu: hildako bi euskal preso (Xabier López Peña eta Angel Figeroa Algortarra), dispertsioak eragindako istripuak (Jabi Martinez presoaren lagunek Jaenetik bueltan izandakoa), presoen kontrako jipioak eta tratu txarrak (azkenak, Oskar Barrerasen eta Arkaitz Bellonek salatutakoak)… Euskal jendarteak konponbidearen alde egiten duen aldarria gero eta ozenagoa den bitartean, Estatuak, espainiarra zein frantziarra, gero eta gorrago agertzen dira exijentzia horren aurrean.

Espetxe politika anker honek (dispertsioa, Parot Doktrina, salbuespen neurriak, osasun eskubidearen ukazioa etab.) sufrimendua dauka oinarri eta irauten duen bitartean atzera bueltarik ez duten ondorio lazgarriak pairatzen jarraituko du euskal jendarteak. Mendekuaz gain, bere oinarrian gatazka politikoari aurre ez egiteko determinazioa ere badago espetxe politika horren funtsean. Gatazkaren konponbiderako presoen aferari ekitea premiazkoa den heinean, Estatua (bata zein bestea) horren jakitun, antzinako errezetetan tematzen da, dagoeneko eutsiezinezkoa den blokeoari helduta.

Herri honek giza eskubide guztien errespetua exijitzen du. Herri honek bake eta konponbiderako bidea behingoz jorratzeko exijitzen du eta, Estatuek exijentzia hori ukatu arren, euskal jendarteak ez du etsiko.

Euskal Herrian, 2013ko apirilaren 3an 

 

LAB SAREAN
{module[111]}

    

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.