2024-11-23
HomeOharrakZerbitzu PublikoakMahai orokorrak zerbitzu publikoak garatzearen mesedetan jarri behar ditugu

Mahai orokorrak zerbitzu publikoak garatzearen mesedetan jarri behar ditugu

Bi urte igaro dira Nafarroan zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zerbitzu publikoetako langileon lan baldintza orokorrak negoziatzeko Mahai Orokorren azken negoziazioak izan zirela.

Bi urte hauetan zehar zerbitzu publikoekin eta zerbitzu publikoetan lan egiten dugunon lan baldintzekin zer gertatu den sobera ezaguna zaigu, zerbitzu publikoen pribatizatzen ari dira, zerbitzu publikoen sistemaren desmantelamendua egunez egun gauzatzen ari dira eta honekin bat lan baldintzak asko kaskartzen ari dira:

– Langileoi soldata murriztu zaigu lehenik ondoren izozteko gure eroste ahalmenean %13 inguruko kaltea eraginez.
– Zerbitzuak murriztu egin dira: anbulatorioak, etxez etxeko laguntza zerbitzua, euskera administrazioan normalizatzeko zerbitzuak, euskaltegiak, osasun zerbitzuetan itxaron zerrendak handitu dira, …
– Aldi baterako kontratazioak (bajak, eginkizunen pilaketa, …) eten egin dira gure gain lan zamak biderkatuz.
– Lanpostuak suntsitu egin dira .
– Zerbitzuak pribatizatzen jarraitu dute (Osasunbideako sukaldeak eta laborategiak, Osakidetzan pazienteak erreabilitatzeko anbulatorio-zerbitzua…).
– Zerbitzu publikoetarako aurrekontu ezarpenak gutxitu egin dira zerbitzuak kaltetuz eta gutxituz.
– Europako bataz besteko BPGarekiko gastu sozialarekiko aldea gero eta handiagoa da osasun, hezkuntza, eta zerbitzu sozial inbertsioari begiratuz gero. Hau da, sortzen dugun aberastasunaren (BPG) gero eta diru gutxiago bideratzen dugu zerbitzu publikoak hornitzeko, aitzitik, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen doa.
– …

Bestelakorik esaten duten arren Iruñea zein Gasteizko gobernuak zerbitzu publikoak suntsitzen ari dira, haien asmoa zerbitzu publikoei eustea dela esaten dutenean GEZURRETAN ARI DIRA, nola uler liteke bestela urterik urtera zerbitzu publikoetan gero eta inbertsio gutxiago egitea?, nola uler liteke bestela urterik urtera gero eta zerbitzu publiko gehiago pribatizatzea?, nola uler liteke bestela urteri urtera zerbitzu publikoetan gero eta lanpostu gehiago suntsitzea?, …

Zenbakiak zenbakiak direla, eta beste irtenbiderik ez dagoela esaten dutenean ere GEZURRETAN ARI DIRA, alegia, dirurik ez dagoela esaten dutenean GEZURRETAN ARI DIRA, dirua egon badago, baina haiek hautatu dute diru hori Ogasun Publikoetan egon beharrean elite ekonomiko eta bankaren eskuetan egotea, baina dirua egon badago, gakoa diru hori nola banatzen den da. PSOE eta bere sukurtsalek zerga sistema aldatu behar dela diote, ADOS GAUDE, baina nolatan uler daiteke gobernu arduran egonik orain arte egin ez izana edota larriagoa dena, kontrakoa egin izana, zeren gogoratu egin behar da haiek (PSOE, PSE eta PSN) bultzatu dutela zerga sistema atzerakoi eta injustua (Sozietateen Zerga merkatzea, lan errentak kaltetzea, …). Beraz, nola uler liteke orain oso bestelako diskurtsoa izatea? Bada, azalpen erreza du honek, GEZURRETAN ARI DIRA!

Orain berriro ere Mahai Orokorretan gure lan baldintzak negoziatzeko garaia da. Nafarroan lehenengo bilera burutu da eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan oraindik ez dugu inolako berririk.

Bestalde Iruñea zein Gasteizko Gobernuek 2012rako aurrekontu publikoen egitasmoak aurkeztu berri dituzte, eta biek ala biek berdina proposatzen digute: zerbitzu publikoetan, Osasun, Hezkuntza, Politika Sozial eta gainerako zerbitzu publikoetan inbertsioa gutxitzea eta soldatak izoztea. Hala, bide beretik jarraitzeko asmoa dute: zerbitzu publikoetarako gero eta inbertsio gutxiago, desmantelamenduaren bidea azken batean.

Hala, zera salatu nahi dugu: aurrekontuak aurkeztuta eta aurrekontuetan zenbaki hauek ikusita EZ DAGO NEGOZIAZIO KOLEKTIBORAKO MARJENIK, azken batean LABek zerbitzu publikoei zer bultzada emango zaien, lan baldintzak nola hobetuko ditugun eta enplegu publiko berria non sortuko dugun negoziatu nahi baitugu, baina inolaz ere ez baitugu negoziatuko zer zerbitzu publiko pribatizatuko den ezta zer murrizketa berri aplikatuko den. Eta honetarako zerbitzu publikoetan inbertsioa egin ahal izateko moduko aurrekontuak behar dira, bestelako aurrekontuak behar dira.

Zerbitzu publikoak babestu eta indartu egin behar dira jendartearen oinarrizko eskubideak asebeteko baditugu, baina EZ HORI BAKARRIK, ekonomian susperraldia eragin nahi badugu zerbitzu publikoak indartu egin behar dira kalitatezko enplegua sortzeko, pertsonen bizi baldintzak hobetzeko eta hala, barne eskaria zein ekoizpena sustatuz ekonomiaren egoera orokorrari bultzada emateko. Gaur Gasteiz eta Iruñeako gobernuetan errezeta hau ezagutzen dute baina ez daude prest dirua eta boterea benetan dutenei eragozpenik sortzeko (gure gizartean %10ak du sortzen dugun aberastasun osoaren %90).

Hala, LABen ZERA EXIJITZEN DUGU:

– EAEko Mahai Orokorra berehala deitu dezatela (LABek formalki gaur bertan aurkeztuko dugu horretarako eskaria)
– Baina Mahai Orokorretan benetako negoziazioa egiteko aurkeztu dituzten aurrekontuak ez daitezela aintzat hartu. Bestela esan bezala negoziaziorik ez dagoela ulertuko dugu.
Mahai Orokorretan LABek mahai gainean jarriko dituen aldarrikapen nagusiak hauek izango dira:
– Nafarroan zein EAEn zerbitzu publikoak garatzeko eta zerbitzuotan kalitatezko enplegua sortzeko plana.
– Hemen negoziatzen duguna blindatzea gure negoziazio markoetan erdiesten diren akordioak Estatuan ezartzen diren dekretu eta legeek aldatuak izan ez daitezen.
– Administrazio eta zerbitzu publikoetan lan egiten duten pertsona guztien lan baldintzak hobetzea eta soldaten eroste ahalmena berreskuratzea.

Aldarrikapen hauei babesa emateko jada zera iragartzen dugu, LABek MOBILIZAZIOEI EKINGO DIEGU azken baten jada zerbitzuak murrizten ari baitira eta gure lan baldintzak kaskartzen ari baitira, dagoeneko mobilizatzen ari gara eta Mahai Orokorrak zerbitzu publikoak garatzearen mesedetan jartzen direla garantiarik ez dugun artean mobilizazioekin aurrera jarraituko dugu, mobilizazioak indartu ere egingo ditugu eta baita zerbitzu publikoetan gertatzen ari denaren berri zuzena kaleratu eta salatu ere egingo dugu.

Hala, dei egiten diegu administrazio eta zerbitzu publiko guztietako langileei indarrak batzera, Nafarroa eta EAEko osasun, hezkuntza, zerbitzu sozial eta abarretako langile guztiei aldarrikapen hauei indarra emateko mobiliza daitezela, ez dezagun beste urte bat pasatzen utzi, mobilizazioa baita egoera aldatzeko dugun aktibo bakarra, bakarra baina uste baino indartsuagoa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.