2024-07-06
HomeEkintza PolitikoaSektore feminizatuetan lan egiten duten emakumeek bat egin dute enpleguaren aldeko mobilizaioekin

Sektore feminizatuetan lan egiten duten emakumeek bat egin dute enpleguaren aldeko mobilizaioekin

Martxoaren 9rako enpleguaren defentsan antolatutako manifestazioen atarian, gaur sektore feminizatuetan lan egiten duten hainbat emakumek agerraldia eman dute enpleguaren aldeko manifestazioekin bat egiteko dituzten arrazoiak azaldu, eta ekimen horrekin bat egiten dezaten gainerako emakume guztiei deia luzatzeko. Enpresa eta eremu desberdinetako langileak izan dira bertan.

Sektore feminizatuetan lan egiten duten emakumeek emandako agerraldiko edukiak

EMAKUMEON ENPLEGUA DEFENDA DEZAGUN

«Une latzak bizi ditugu. Arlo sozialean zein ekonomikoan, langileriak urtetan lortutako eskubideen suntsiketaren lekuko izaten ari gara. Borroka kolektiboen bidez lortutako fruitu guztiak desagertzear daude kapitalismo aseezin honen erruz.

Lan postuen suntsiketa etengabea da, eta modu ezberdinetan ematen ari da sektore ezberdin bakoitzean. Industriako sektorean ez bezala, non EEE erraldoiak egunero albiste dira medio guztietan; zerbitzuetako sektorean, emakumeok nagusiki betetzen dugun sektorean, banan banan kaleratzen gaituzte, modu isilean, inolako oihartzun mediatikorik gabe ari dira gure lanpostuak suntsitzen.

Emakume langileak icebergaren beheko zatia gara, ikusten ez dena eta ikustaraztea komeni ez dena; baina zerbitzuetako sektorean ari dira suntsitzen lanpostu gehien.

Emakumeak gara, saltokietan, garbiketan, kolektibitateetan, erresidentzietan, telemarketinean… lan egiten dugu eta gure borrokak ez daukate ia oihartzunik gizartean. Kolektibo bezala mobilizatzeko zailtasun gehiago dauzkagu gure lanpostuetan jasaten dugun segregazioarengatik. Eta sistema kapitalistak, hain modu azkarrean, ezartzen dituen traba guztiak gaindituz borroka garrantzitsuak egitea lortzen dugunean, gure borrokak kriminalizatu egiten dira, gizartea gure kontra ipintzeko asmoz, jantokietako gatazkarekin gertatu zen bezala.

Emakumeok sektore prekarioenetan lan egiten jarraitzen dugu, sistema kapitalista patriarkal honek hala ezarri duelako, modu honetan soilik, emakume langileak zapalduz, bermatu baidezake bere etorkizuna sistema honek.

Sistema honek ezarritako lanaren banaketa sexualak, emakumeon lana lan osagarritzat hartzen duen ideia iraunarazten du. Etxeetan sartzen den soldata nagusiaren osagarritzat baino ez da hartzen emakumeon lana (honek gure bikoteekiko dependentzia ekonomiko eta estrukturala suposatzeaz aparte familia tradizionalaren irudia inposatzen du). Lanaren banaketa sexualak etxeko zein zaintza lanekiko mesprezua eta balorazio eza ere ekartzen du.

Aipatutako guztiari, sektore publikoaren inguruan hartutako erabakiak emakumeoi ekarri dizkiguten ondorioak gehitu behar zaizkio. Sektore publikoan egondako murrizketa guztiak eragin zuzena izaten ari dira gugan, bai langile bezala, emakumeen lanpostuak direlako galtzen ari direnak pribatizazio zein kaleratzeen ondorioz. Eta baita erabiltzaile moduan, zerbitzu publikoetan eta babes sozialean egondako murrizketek gure lanaldi bikoitza iraunarazten dutelako, kasu askotan lan merkatura sartzeko aukera kentzen digutelarik, eta zaintza lanak berriz ere gure esku hartzera behartu. Oinarrizko zerbitzu publikoak (haurreskolak, egoitzak, gizarte zerbitzuak…) murriztuz doazen neurrian emakumeak gara berriro ere lan hauek egitera behartuak izaten garenak.

Enpresa komite ezberdinek martxoaren 9rako deitutako manifestazioak, gure borrokak gure lurralde osoan zabaltzen diren gainontzeko borrokekin bat egiteko aukera ematen digu, baita kapitalaren erasoei aurre egiteko ere. Kapitalaren erasoak Madriletik datoz, baina EAEko zein Nafarroako gobernuak bat egiten ari dira hauekin. Horregatik, Euskal Herriko emakume langileak garen momentutik instituzio hauei eskatzen diegu ez dezatela gure dirua erabili lanpostu gehiago suntsitzeko.

Kontuan izanik mobilizazio hauek martxoaren 8ko testuinguruan burutuko direla, manifestazio hauek emakume irudia hartzea eta instituzioen papera salatzeko erabiltzea lortu behar dugu. Egun hauetan diskurtso ponpoxoak entzuteaz nazkatuta gaude, hauek ez baitute ezertarako balio gero egunerokoan hartzen dituzten neurri eta politika ezberdinek jazarpen patriarkala errotu baino egiten ez dutenean.

Guzti honegatik emakume guztiei deia luzatzen diegu martxoaren 9an, Bilbon zein Iruñean, burutuko diren manifestazioetan parte hartzeko.

Euskal Herrian, 2013ko martxoaren 6an» 

 

LAB SAREAN
{module[111]}

    

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mecanerretik makinak ateratzen hasi dira, eragileok eskaturiko alternatiba aztertu barik

Urdulizko lantegiaren etorkizuna bermatzeko trantsizio ekosozialaren aldeko eragileok mobilizazioa egin dugu gaur fabrikaren aurrean.

Hezkuntza Sail berriari eskatzen diogu kolektibo laboraletan martxan zeuden negoziazio mahaiak deitzeko eta akordio laborala betetzeko ikasturtea bukatu aurretik

Duela urtebeteko ekainaren 1ean LABek akordio laborala sinatu genuen Interinok sindikatuarekin eta Hezkuntza Sailarekin, bi aldeek akordioan jasotako edukiak mahai negoziatzaileetan depositatu eta garatu behar zirelarik.

EAEko osasun garraioa publifikatu behar dela aldarrikatu dugu

Araban eta Bizkaian diharduen La Pau enpresak indarrean dagoen hitzarmena betetzeari utziko diola iragarri duenetik ziurgabetasuna da nagusi langileen artean. Gasteizen mobilizazioa egin dugu gaur, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean.