2024-11-22
HomeEuskal Gatazka"Aukera historiko berria dugu aurrean, Euskal Herriak bere bidea egiteko modua izan...

“Aukera historiko berria dugu aurrean, Euskal Herriak bere bidea egiteko modua izan behar du”

Eraiki beharreko akordioetan langileen arazoek beren tokia behar dutela adierazi dio LABek Lehendakariari.
LABen iritziz, Euskal Herriak bere bidea egiteko modua izan behar du, biolentziarik, ingerentziarik eta inposatutako mugarik gabe. Akordio politiko zabalak behar dira Euskal Herriari aukera hori emateko, akordio horiek eraikitzeko aukera historikoaren aurrean gaude. Ez dago aitzakiarik eta Euskal Herrian premia handia dago gainera. Norabide horretan konpromisoak bereganatu behar ditugu guztiok eta horrela eskatu diogu Patxi Lopezeri.

Instituzioek paper garrantzitsua jokatu dezakete eta jokatu behar dute konponbidearen garaian. Patxi Lopezek du, EAEko instituzio nagusiaren buru den heinean, hori bideratzeko aukera eta erantzukizuna. Horretarako konpromisoak bereganatu behar ditu, lehenenik eta behin, berak zuzentzen duen instituzioak duen gabezi demokratikoa gainditzeko urratsak emanez. Gatazka konpontzeko elkarrizketa nagusitu behar da, inolako bazterketarik gabeko elkarrizketa, hain zuzen ere. Lehendakariak bere ekimen politikoarekin urratsa eman behar du Euskal Herriko aukera politiko guztiak aitortzeko eta eztabaida politikoan eskubide osoz jardungo dutela ziurtatzeko.

Euskal herritarren parte hartzea ziurtatu behar da bai prozesuan baita prozesuaren emaitzan ere. Guzti-guztiok geureganatu behar dugu euskal herritarren hitza errespetatzeko konpromisoa, EAEko instituzio nagusiaren buruak lehenik. Patxi Lopezi eskatu diogu konpromiso argiak hartzeko honekin. Eta bide batez, emakumeen parte hartzea bideratzeko eta ziurtatzeko bitarteko bereziak behar direla adierazi diogu, horretan ere konpromisoak eskatuz. Prozesu honetan ezin da inor baztertu, eta ezin da onartu inor bazterrean geratzea zailtasun bereziak dituelako bizitza sozial eta politikoan benetan parte hartzeko. Hori da emakume asko eta askoren errealitatea eta horrek erantzunak eskatzen ditu, bide bereziak jarri behar dira, emakumeek benetan parte hartzea ziurtatuko dutenak.

Eraiki behar diren akordioetan langileon arazoek bere lekua izan behar dute. Aurrez aurre dugun aukera hau ez da edozein momentuan sortu. Inoiz ezagutu ez dugun dimentsioa duen krisi baten erdian sortu da Euskal Herriak behar dituen akordio politiko berriak eraikitzeko aukera. Langileok ez dugu eskubiderik benetako erabakiak hartzeko gure etorkizun ekonomiko eta sozialaren gainean. Ukatu egiten zaigu aukera hori eta Euskal Herriari ukatu egiten zaio eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzeko bitarteko nahikoak edukitzea. Hainbat eta hainbat erreforma inposatu zaizkigu, politika ekonomiko eta sozialak nolakoak diren definitzen duten egiturazko erabakietan parte hartzerik ez dugu, eredu ekonomikoa aldatzeko aukera ukatzen zaigu gehiengo bat horren alde egon arren. Egoera hauek gainditu behar dira gatazka politikoaren arrazoiak direlako ere. Lehendakariak egoera hauek gainditzeko urratsak eman behar ditu eta horrela eskatu diogu.

Gasteizen, 2011ko azaroaren 3an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.