2024-11-22
HomeEkintza PolitikoaGaizka Uharte: «Nafarroako Gobernuak Sakana bazter utzi du, ez da inplikatu»

Gaizka Uharte: «Nafarroako Gobernuak Sakana bazter utzi du, ez da inplikatu»


 Iraia OIARZABAL | ALTSASU
Hamarka eragile sindikal, sozial, politiko eta instituzionalekin batera, greba orokorra deitu du LABek gaur Sakanan. Eskualdearen desindustrializazioak eta Nafarroako Gobernuaren konpromiso faltak langabeziara kondenatzen ditu gero eta herritar gehiago eta belaunaldi berriek esperantzarako arrazoi gutxi dituzte. Horregatik, Sakana ez dela ixten aldarrikatuko dute Iruñean.

Gamesa, Arfe, Isphording Hispania, Refinsa, Inasa, Ufesa… Azken urteetan Sakanan itxitako eta, zenbait kasutan, deslokalizatutako enpresen izenak dira. Ondorioz, langabeziak nabarmen egin du gora eta paisaian ugariak dira abandonatutako lantegiak. «Sakana ez da ixten» lema Iruñera eramango dute gaur eskualdeko herritarrek, 12.00etan egingo duten mobilizazioan. Arratsaldean, manifestazioa egingo dute Altsasun. Helburu nagusia: Nafarroako Gobernuari «ahaztuta» daukan eskualde hau berpizteko benetako konpromisoa har dezala eskatzea.

Sakanako langabezia tasa altuaz eta desindustrializazioaz hitz egiten da. Zein da egoeraren argazki orokorra?
Sakanan, 2008an krisia hasi zenean, 708 langabe zeuden eta 2012an 1.972 langabe daude. Industria eta zerbitzuak izan dira sektore kaltetuenak, hirukoiztu egin da langabezia tasa sektore horietan. Gaur egun gazteen erdiak langabezian daude, eta emakume langabeak gehiago dira.

Zein da gainbehera horren iturburua?
Sakana beti izan da industria arloko eskualdea. Aspalditik, Nafarroako Gobernua eredu aldaketa bat egiten ari da, non Sakana zerbitzu gune bilakatu nahi izan duen, Iruñean kontzentratzen den garapen hori indartzeko edo zerbitzatzeko.

Eredu aldaketa horrek eragin handia izan du, batez ere, krisiak eztanda egin duenean. Ehun industriala nahiko ahula zen eta ez da inongo apusturik egin beste industriarik sartzeko edo inbertsiorik egiteko. Enpresek irabaziak etxera eraman dituzte eta ehun industriala zaharkitua geratu da; garapen eredu horrek porrot egin du. Ondorioz, Iruñetik kanpoko eremu asko hutsik geratzen ari dira, langabezia tasa altuekin.

Zerk bultzatu zaituzte greba deialdia egitera?
Greba 2010ean abiatu genuen bide baten baitan kokatzen da. Urte horretan bi orduko lanuztea egin zen orduan zeuden enpresa itxien aurrean: Arfe, Gamesa, eta abar. Deialdi nahiko zabala izan zen eta inoiz izan den mobilizazio handienetakoa egitea lortu zen.

Horren ondorioz, Krisi Mahai bat martxan jarri zen, non adostasunak sortu ziren eragile sindikal, sozial eta politiko guztiekin. Esanguratsua da ere UPNren abstentzioa. Krisi mahai horretan sei puntu onartu ziren, horietako bi Nafarroako Gobernuari zuzenean eragiten ziotenak. Batetik, Sakana berrindustrializaziorako zona izendatzea eta, bestetik, hemen sartzen diren proiektuetarako finantziazio partida bat ezartzea 2012ko aurrekontuetan.

Nafarroako Gobernuak bete al du bere konpromisoa?
Oraingoz, partida hori ez da inondik ageri, ez dute dirurik eman hemengo proiekturik egiteko eta ez zaio eman lehentasunik Sakanari mesede egiteari.

Orain, gainera, egoera larritu egin da. Joan den udan Inasak itxi egin zuen, momentu honetan Sunsudegik arriskuan dauzka 427 lanpostu zuzen eta azpikontratazioan eta tailerretan beste 100 lanpostu.

Enpresen itxierak arrazoi objektiboek eragindakoak dira?
Kasu batzuetan deslokalizazioak izan dira, Gamesa eta Refinsa esaterako. Gamesaren kasuan gainera, Nafarroako Gobernuak parte-hartzea zuen eta, hala ere, nahiz eta ezagutu eskualde honetan zegoen egoera, hemen zegoen produkzioa deslokalizatu egin zuten.

Beste batzuetan- Inasarena da kasu esanguratsuena- arrisku-kapital entitate batek hartu zituen bere gain eta Nafarroatik urrun zeuden interes espekulatibo batzuen baitan ixtea erabaki zen. Nafarroako Gobernuak ez zuen izan gaitasunik ezer planteatzeko, nahiz eta ikusten zen enpresak produktua eta merkatua zuela.

Sunsudegirena da azkeneko kasua. Produktua eta merkatua baditu, eta, arazo ekonomikoak izan dituen arren, Nafarroako Gobernua berau kudeatzen ari denetik zuloa handiagoa izan da. Hartzekodunen lehiaketa aurkeztu eta produkzioa gelditu denetik gainera, lan karga galdu du eta ez dakigu zer gertatuko den aurrerantzean.

Argi dago Sakanarekin ez dutela inplikatu nahi izan eta ez dela babestu inongo apusturik. Esanguratsua da enpresek hazkunde garaietan diru asko irabazi dutela, baina diru hori enpresarien poltsikoetara joan da, ez da produkzioa hobetu, ez da inbertsiorik egin, ez da berrikuntza eta ikerketaren aldeko apusturik egin… eta Nafarroako Gobernuak beste alde batera begiratu du.

Herritarren artean zer sumatzen da egoera honetan?
Hemen dagoen sentipena da, baita UPNren oinarriena ere, Nafarroako Gobernuak bazterrean utzi gaituela, ez duela apusturik egin, eta hori argi ageri da Krisi Mahaiaren ondorioetan.

Ze erantzun espero duzue gaurko greba egunean?
Nahiz eta sindikatu guztiek ez duten babestu, instituzio eta alderdi politikoen aldetik babes handia jaso du eta eskualde osoa kalera aterako gara. Ez dugu zalantzarik aurrera begira ere babes zabala izaten jarraituko duela egitasmoak Sakanari alternatiba bat emateko.
 

LAB SAREAN
{module[111]}

    


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.