2024-11-22
HomeFederazioakZerbitzu PublikoakLABek bere gutxienekoak zehaztu ditu Mahai Orokorreko negoziazioan

LABek bere gutxienekoak zehaztu ditu Mahai Orokorreko negoziazioan

Gaur eman duen agerraldiaren bitartez Eusko Jaurlaritzaren menpeko sektore publikoko Mahai Orokorreko deialdiaren aurrean LAB sindikatuak egiten duen irakurketa eta bertan mahai gaineratuko duen planteamenduaren berri eman du.

Lehenik gogoratu nahi dugu mahai honek duen aurrekari hurbilena 2009an Patxi Lopezek zuzendutako Gobernuak ELA, CCOO eta UGT sindikatuekin sinatutako hitzarmena dela. LABek ez zuen sinatu, batetik, zerbitzu publikoak garatu eta enplegua sortzeko neurririk ez zegoelako, eta bestetik, aurrekontu nahikotasunaren bermerik ez zegoenez, hitzez jasotzen ziren konpromisoak gauzatzeko ere inolako bermerik ez zegoelako. Gerora hitzarmen hau adostutako terminoetan ere ez zen bete, PSEko gobernuak egindako hainbat urraketengatik.

Oraingoan, Josu Erkoreka funtzio publikoko sailburuaren eskutik helduko zaio negoziazio berriari. Lau urteotan EAEko sektore publikoaren garapenean eta bertako langileen lan baldintzetan emandako atzerapausuek ordea, erabat aldatu dute negoziazioaren testuinguruaren: ordezkapenak ez betetzeak eta honek ekarritako lanpostuen suntsiketa, lan zamen eta ratioen handitzeak, bertako langileen eros-ahalmenean egondako galera, lan eskaintza publikoak ezin deitzea, bajen ordainketetan egondako galerak… murrizketen zerrenda oso luzea bilakatu zaigu lau urte hauetan. Murrizketa horietako batzuk Madriletik (hasiera batean PSOEko gobernuaren eskutik eta gerora Rajoyk zuzendutako PPko gobernuaren eskutik) inposatzen joan zaizkigu sektore publikoko euskal langileoi, Patxi Lopezen gobernuak bata bestearen atzetik aplikatzen joan delarik. Baina beste batzuk Jaurlaritzaren iniziatibaz eta ekimenez aplikatu dira, gaixotasun bajetan kendutako osagarrien kasuan bezala. Murrizketa hauek, bateko ala besteko izan, ondorio berdinak izan dituzte:
• lanpostu publikoen suntsiketa eta langabeziaren hazkundea;
• langileekin adostutako konpromisoak apurtu eta bermeak izango dituen negoziazio eskubidearen urraketa;
• eta sektore publikoko langileen lan baldintzen okertzea.

Ikusteko dago PNVren gobernuaren jarrera zein izango den baina komunikabideen bitartez jaso ditugun albisteek ez digute ezer onik opa. 1.200 miloi euro gutxiago izango dituzte aurtengo aurrekontuek eta jakin badakigu sail eta eremu guztietan murriztuko dituztela, baita osasungintza eta irakaskuntza bezalako sektore estrategikoetan ere. Hauetan, beraien hitzetan, “oinarrizkoa ez den beste guztian” murriztuko dutela onartu digute. Baina zer da beraientzat “oinarrizkoa ez den hori”? Jada gainezka dauden ikasleen ratioak handitzea ez al da oinarrizkoa? Edota Osakidetzako osasun langileen ordezkapenak ez betetzea ere ez da oinarrizkoa? Edo ordezkapenak ez betez langile berrien kontratazioari bide ez ematea? Hauek jada Eusko Jaurlaritzaren menpeko sektoreetan ematen ari diren arazo larriak ditugu eta PNVko ordezkarien hitzetan ez dugu hauen konponbiderako biderik ikusten. Are gehiago, PNVk oinarrizko zerbitzu publikoetan murriztuko du eta gizarte arazo hauek areagotuko direlakoan gaude.

Honi gainera, Madriletik etorri daitezkeen murrizketa berrien gurpil zoroa gehitu behar diogu. Zer egingo du Urkulluk zuzendutako gobernu berriak inposizio hauen aurrean? PNVk bere gobernu ibilbide laburrean botiken berrondainketan eta langile publikoen gabonetako ordainsarien aferetan jada erakutsi du Espainiako legalitateari men egin eta hori saihesteko urratsik ez duela emango. Gauzak horrela Mahai Orokor honen menpeko langileok ez dugu inongo bermerik bertan negoziatu eta adostu ditzakegun akordioak ondorenean beteko direnaren inguruan.

Lehenik eta behin, LABek hori jarriko du mahai gainean osteguneko bileran: bermeak izango dituen negoziaziorako eskubidea errespetatu dadila. Horrekiko konpromiso politikoa eskatuko diogu Erkoreka Sailburuari, sektore publikoan ere negoziaziorako euskal esparruarekiko konpromisoa erakutsi dezala. Baina ez soilik adierazpen instituzional gisa, baizik eta urrats praktiko eta zehatzen bitartez, horretarako azken hilabete luzeetan Madriletik inposatu diren dekretu ezberdinak ez ezartzeko urratsak emanez:
• Lanaldiaren luzapenik ez ematea eta jai egunak errespetatzea; langileen eskubideak okertzeaz gain kontratazio berriak ekiditeko bidea diren heinean.
• Ordezkapenak betetzeak eta errelebo kontratuei eustea; lanpostu berriak sortzeko bide bezala.
• Lan Eskaintza Publikoak adostea; enplegu publiko berria sortzeko eta dagoena egonkortzeko tresna gisa.
• Lan kontratudunen eremuan Lan Erreformak planteatzen dituen ondorioak ez aplikatzea: Enplegu Erregulazio Espedienteak (EREak), deskuelgeak, ultraktibitatea eta abar.
• Eros-ahalmenean egondako galera (%20koaren ingurukoa azken bi urteetan) berreskuratzeko planak adostea.

Baina LABentzat ez da nahikoa izango 2010eko egoerari eustea; azken egunetan entzun dugun bezala, lan astea ez luzatzeak esaterako, ez du bere horretan enplegu berria sortzen, dagoena mantendu egiten du. Egungo egoera sozialak eta ekonomikoak zerbitzu publikoak era integral batean garatzeko plan bat adostea eskatzen du. Administrazioaren eskutik eskaintzen diren zerbitzu publikoek herritarron eskubide sozialak bermatu behar dituzte eta horiek inoiz baino gehiago babestu eta indartzeko urratsak eman behar ditugu. Zentzu horretan azken hilabeteetan zerbitzu hauen eskaintzan eta langile publikoen lan baldintzetan eman diren erasoetan atzera egiteko eskariaz gain, LABek Euskal Sektore Publikoaren garapenean estrategikoa den eskaintza eraman nahi du EAEko Mahai Orokorrera. Horretarako:
• Enplegu publikoaren sorrerarako plana adostea eskatuko dugu;
◦ zerbitzu publikoen eskaintza zabaldu eta kalitatea hobetzea helburu, horri begirako neurri zehatzak finkatuz.
• Zerbitzu publikoen sistema berrosatu behar dugu:
◦ Pribatizazio berririk ez dugu onartuko eta jada pribatizatuta dauden zerbitzuak esku publikoetara itzultzeko diseinua era gradual batean egin nahi dugu.
• Langileen parte hartzea bermatuko duen eredua behar dugu;
◦ azken hamarkadetan arduradun politiko ezberdinen eskutik administrazio publikoaren funtzionamenduan kudeaketa iluna eta ez-parte hartzailea nagusitu da, kasu askotan negozio partikular edota pribatuen mesedetan. Neurri haundi batean hau guztia langileoi eta bere ordezkarioi honen funtzionamenduan parte hartzea ukatu zaigulako gertatu da.
• Sektore publikoa euskalduntzeko neurri eraginkorrak hartu behar ditugu;
◦ 30 urte baino gehiago igaro dira Gernikako Estatutuak babestuta zerbitzu hauek eskaintzeko eskumen hauek martxan jarri zirenetik eta alde horretatik ez zaigu onargarria iruditzen hiru hamarkada geroago zerbitzuok euskaraz jasotzeko eskubideak bermatuta ez egotea. Horretarako, gehienetan betetzen ez diren sasi-euskalduntze plangintzez harago urrats eraginkorrak eman behar dira.

Hauek dira LABek osteguneko bileran mahai gainean jarriko dituen eskaera nagusiak. Jakitun gara neurri hauek edo adostu daitezkeen bestelakoak aurrekontuei lotuta daudela. Alde horretatik aurrekontu proiektuari lotuta egongo den negoziazio eskatuko diogu PNVren gobernuari, bestelakoan, beste behin ere, iruzur egin nahi izango digulako.

LABek gai hauen inguruan hitz egiteko eta adostasunetara iristeko prest dagoen edozein instituziorekin negoziatuko du. Hori bai, murrizketa berriak aplikatu edota mahai gainean daudenak nola aplikatuko dituzten azaltzeko ez dezatela gurekin kontatu. Jakin dezatela bide horretan LAB, eta euskal langileen eta herritarren gehiengoa, parez pare izango gaituztela, euskal sektore publikoa babestuz eta bertako langileen eskubideen defentsan.

 

LAB SAREAN
{module[111]}

    

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.