2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaLABen ustez ADEGI aitzakia bila dabil negoziaketak denboran luzatzeko

LABen ustez ADEGI aitzakia bila dabil negoziaketak denboran luzatzeko

Atzo, abenduak 27, Gipuzkoako metalgintzako mahaiak bildu behar zuen Donostiko CRLren egoitzan. LABek bertan egindako kontzentrazioa aitzakitzat hartuta, ADEGIko mahaiko partaideak ez ziren agertu bilera lekura. LABentzat hori aitzakia merke bat besterik ez da eta beraien asmoa, langileon kaltetan negoziaketak denboran luzatzea dela salatzen du.

Kanpoaldean, 11:00etan, LAB sindikatuko metaleko delegatuen kontzentrazioa egin zuen ADEGIren akordioetara iristeko borondate gabezia salatzeko. Kontzentrazio hori aitzakitzat hartuta, ADEGIko mahaiko partaideak, Nerea Zamacola eta Juan Ramón Apezetxea, ez ziren agertu bilera lekura. Beraien esanetara, kanpoaldean kontzentrazioa burutzea negoziaketarako fede onaren aurkakoa da. Kontzentrazioak burutzen baldin badira ez direla mahai baten inguruan eseriko esan dute.

Gure ustez, diotena aitzakia merke bat besterik ez da. Beraien asmoa, negoziaketak denboran luzatzea da. Metalgintzako langileok argi dugu denbora faktorea gure aurka doala. 2013ko Uztailaren 8rako akordioa erdiesten ez badugu, Estatu mailako metaleko hitzarmena edo langileen estatutua aplikatuko digute horrek gipuzkoako metalgintzako langileontzako dakartzan ondorio kaltegarri guztiekin.

Guk abenduaren 3an mahaia desblokeatzeko eta azken lan erreformaren ondorioak ekiditeko proposamena eraman genuen mahaira baina ADEGIk ez dio Espainiar Gobernuak oparitu dion lan erreforma erabiltzeari uko egin nahi eta ez ditu LABek aurkezturiko blindaia klausulak onartzen.

Gure aburuz, ADEGIko arduradunak gaur bilerara ez agertu izana oso larria da. Arduragabekeria larria. Lan harremanen marko iraunkor bat nahi dutela esaten dute baina gero, aitzakia merkeak erabiliz ez dira bilerara ere agertzen.

Argi daukagu, beraien borondatez ez dutela negoziatuko. LABek hitzarmenaren aldeko apustu garbia egiten du. ADEGIren jarrera ezkorra eta itxia ikusita mobilizazioak gogortzea beste aukerarik ez zaigu geratuko. Gainontzeko sindikatuek ere beraien jarrera argitu beharko dute. Alde batetik CCOO eta UGT sindikatuek estatu mailako esparrua edota herrialdeko esparruaren arteko hautaketa egin beharko dute. Ezin da herrialdeko hitzarmenaren alde zaudela esan eta aldi berean herrialdeko hitzarmena hankaz gora utziko duen estatu mailakoaren alde egitea.

Bestetik, % 40a baino gehiagoko ordezkaritza duen ELA sindikatuak, herrialdeko hitzarmenaren alde zer egiteko prest dagoen azaldu beharko du.

LABentzat herrialde mailako hitzarmenak eta enpresa mailako paktu edo hitzarmenak, biak ala biak beharrezkoak dira eta bata bestearen osagarri.

LABek herrialdeko hitzarmenaren alde egiten jarraitzen du eta hitzarmen horrek gipuzkoako metalgintzako langileen lan baldintza minimoak arautu behar dituela uste du, enpresa mailako negoziaketetan, konbenioaren azpitik ezer ere negoziatzen ez dela bermatzeko.
Hurrengo asteotan negoziaketak ez badu aurrera egiten mobilizazioak gogortzea beste erremediorik ez zaigu geratuko eta horretarako gainontzeko sindikatuekin batasun sindikala lortzen saiatuko gara.

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.