2024-11-22
HomeEkintza Soziala«Garaia da langileon arteko topaketa, konplizitatea eta aliantza dinamikak sortu, zabaldu eta...

«Garaia da langileon arteko topaketa, konplizitatea eta aliantza dinamikak sortu, zabaldu eta biderkatzeko»

Pertsona migranteen nazioarteko egunean, LAB sindikatuak salatu egiten du langileen jatorriaren araberako oinarrizko eskubideen inguruko diskriminazioen hazkundea, eta horren aurrean, Euskal Herrian alternatibak eraikitzeko beharra aldarrikatzen du.

Politika ekonomiko neoliberalek, kapital handiek eta estatuek inposatuek, eskubide sozialen deseuztapena, langabeziaren hedapena eta gero eta sektore zabalagoen pobretzea ekarri ditu Euskal Herrira. Horrekin batera, Europako politika migratzaileak, Espainako eta Frantziakoak barne, dinamika antisozial horietan eragiten ari dira, diskriminazioak are gehiago zabalduz.

Aurten ikusi ahal izan dugu noraino iritsi diren praktika gutxiesgarri eta baztertzaile hauek. Langileen aurkako eraso orokor honen baitan (lan erreforma, etxe kaleratzeak, pribatizazioak, langabezia,…), izan dira eraso selektiboagoak migranteen sektore zehatz batzuen aurka: osasun asistentziaren ukapena, oinarrizko errentak jasotzeko trabak, poliziaren jazarpena, kanporaketak, oztopo administratiboak,… Lan esku merketzat hartuak izan zirenak, orain krisian dagoen sistema ekonomiko-finantzieroak isilarazi egiten ditu edo presionatu alde egin dezaten, edo instrumentalizatu egiten ditu sistemak sortu dituen gaitz guztien errudun bihurtzeko.

Errealitate honen aurrean, Euskal Herriak estatu frantsea eta espainarraren ukapena jasaten du erantzun sozial justuak eman eta gure herriaren aniztasuna integratu ahal izateko. Ukapena Espainia zein Frantziatik, migrazio fluxuak kriminalizatzen dituen legeei aurre egiteko. Gauzak horrela, pertsona migranteak segurtasuneko auzi edo merkantzia bilakatzen dira eta ezin dute erabaki non garatu nahi dute bere bizi-proiektua.

LAB Sindikatuak dei egiten die langile guztiei inposizio eta ukazio egoera honi aurre egiteko, denok herri eta klase berekoak garen heinean. Aldi berean, uste dugu badela garaia elkarrekin erantzuteko. Bada garaia langileon arteko topaketa, konplizitatea eta aliantza dinamikak sortu, zabaldu eta biderkatzeko Euskal Herrian zehar bi helbururekin: gure arteko aniztasuna integratu eta denon artean Euskal Herriko eremu soziolaborala eraikitzeko, bertan bizi eta lan egiten dugunon eskubideen arteko berdintasuna bermatzeko.

Euskal Herria, 2012ko abenduaren 18an

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.