2024-11-22
HomeEkintza SozialaEkosozialismoaLAB: «Arrazoi ekonomikoak dira zentrala geratzera daramaten arrazoiak»

LAB: «Arrazoi ekonomikoak dira zentrala geratzera daramaten arrazoiak»

Sostengarritasun energetikoaren lege proiektua martxan jarri orduko erabaki du Nuclenor enpresak Garoñako zentral nuklearra iztea. Enpresak, lege honen arabera zerga berriak ordaindu beharko lituzke produkzio elektrikoari dagozkionak, eta gastaturiko erregai nuklearri dagozkionak, 2013an 153 milioi euro suposatuko lekioke enpresari berorrek. Hau horrela ez balitz, Nuclenorrek Estatuko Gobernuari pultsu hau botako ez balio zentrala itxiko ote zen galdetzen du LABek, eta sindikatutik diogu, neurri fiskalen araberako arrazoien gaindikoa izan beharko lukeela zentrala ixteko erabakia.

Beraz, oraingoan ere, ez dira segurtasun arrazoiak kontuan hartu, arrazoi ekonomikoak dira zentrala geratzera daramaten arrazoiak, neurri fiskal berriak. Eta non dira orain arte zabalik mantentzeko erabili dituzten aitzakiak? Orain arte bertako eskualdeko langileentzat horren garrantzitsuak ziren eta diren lanpostuak erabili dituzte ahotan, eta momentu honetara iritsita, langile horiek egoerari erantzungo dion inolako garapen planik ez dago.

Sistema energetiko seguruagoa lortu behar dugu Euskal Herriaren beharrak asetzeko, lanpostu ugari sortuko duena, garapen ekonomiko orekatuagoa, aire garbiagoa eta osasun publiko hobea bermatuko duena. Lehen urratsa, berandu datorren erabaki hau, energia nuklearra baztertzea.

Arabako mugatik hain hurbil dagoen 44 urteko zentral zaharkitu hori lehenbailehen itxi behar zela behin eta berriz eskatu dugu LAB sindikatutik eta Euskal Herriko hainbat mugimendu ezberdinetatik. Ordua da jendartearentzat horren arriskutsua izan den zentrala ixteko. Zentralaren itxieraz pozten bagara ere, ezin dugu esan gabe utzi arduragabekeria itzela izan dela zentral hau, izan dituen gabeziekin, orain arte irekita mantentzea eta bere bizi iraupena luzatzea; momentu honetan ixteko erabakia hartu bada, ezarri beharreko segurtasun neurriak garestiegi egiten zaizkielako da, ez bestelako eredu energetiko batean pentsatzen hasi direlako. Sindikatu garen heinean ere, esan nahi dugu, denbora luze honetan, ez dutela inguruko herritarren bizi baldintza ekonomikoetan ere pentsatu, hori ere ez da administrazioaren kezka edo lehentasunen artean aurkitu, ez dute inolako plangintzarik aurkeztu familia horien etorkizun laborala eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko.
Zentral honek emititu izan duen erradiaktibitatearen pilaketa zeharo arriskutsua izan da osasunerako, inguruan urdail eta biriketako minbizia kasuak ohi baino ugariagoak dira. Baina batez ere, ez dugu ahaztu behar energia nuklearra oso arriskutsua dela. Garoñak izan dituen korrosio arazo, ezusteko eta geldialdiek energia nuklearra segurua dela esaten duten teoria guztiak hankaz gora jartzen ditu, beraz, etorkizunerako ere argi diogu energia nuklearra ez dela energia iturri aukera bezala hartu behar, berau erruleta errusiarrera jokatzen aritzea bezalakoa delako.
Euskal Herriko jendarteak argi dauka energia nuklearra baztertu beharra dagoela eta ez dela erregai fosilen alternatiba. Horri esker ez zen eraiki Lemoiz, ez da ausartzen inongo alkaterik hondakin erradioaktiboentzako biltegia Euskal Herrira ekartzen eta aldarri hedatua izan da Garoña ixteko.
LABen apostua energia nuklearra baztertzea, eta energia aurrezteari eta eraginkortasunari benetako bultzada ematea da, energia berriztagarri garbiak eta instalazio sakabanatuak sustatzeaz gain. Ildo horretan, herri industrialdunok aurrerapausu handiak eman ditzakegu energia aurrezteko, batez ere elektrizitateari dagokionez.

Euskal Herrian, 2012ko abenduaren 17an

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.