2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaBeasaingo CAFeko Enpresa Batzordearen irakurketa empresako zuzendaritzak suspentsio espedientearen bideratzea eraginik gabe...

Beasaingo CAFeko Enpresa Batzordearen irakurketa empresako zuzendaritzak suspentsio espedientearen bideratzea eraginik gabe uzteko erabakiaren aurrean

Gaur, abenduaren 17an, goizeko 07:00etan, Enpresako Zuzendaritzak, Enpresa Batzordeari komunikatu baten bidez, suspentsio espedientearen bideratzea eraginik gabe uzteko erabakia jakinarazi digu.

Era berean, Enpresa batzordeari bihar, asteartea, hilaren 18an, bilera egiteko deia luzatu dio. Bilera horretan eta hurrengoetan, okupazioko orduen defizita landuko da, Enpresa Batzordeak hasiera-hasieratik eskatu zion moduan ( hau da, EREa bertan behera uzteko eta langileen ordezkariekin biltzeko, beste aukera posible batzuk landu eta adostu ahal izateko).

Batzorde honek oso balorazio positiboa egiten du suspentsio-espedientea bertan behera uztearen inguruan. Era berean, langile guztiei aipamen eta errekonozimendu berezi bat egin nahi diegu, gatazka honetan mantendu dugun borroka irmo eta eredugarriarengatik. Horrez gain, balorazio positiboa egin nahi dugu Enpresak emandako urratsarengatik, izan ere, sortutako egoera birbideratzen asmatu eta egoera honen aurrean egon daitezkeen alternatibak aztertu eta akordio bidez adosteko bere prestutasuna agertu duelako. ZORIONAK DENEI!

Batzorde hau osatzen dugunok, langile guztiak beren eskubideen alde borrokatzera animatzen ditugu. Borrokak beti merezi du! Gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu, uneotan beren enpleguen alde borrokan ari diren Euskal Herriko enpresa ezberdinetako langileei.

Enpresariei eskaera hau egin nahi diegu: ez dezatela lan erreforma aplikatu (gu gatazka honetara bideratu gaituena erreforma bera izan bai da). Ez du balio! Ez du arazorik konpontzen; arazoak sortu besterik ez ditu egiten. Benetan arazoak dauden tokian, eseri daitezela, aztertu, negoziatu eta langile guztien artean akordioak adostu ditzatela, betiere, enplegua lehenetsiz.
Bestalde, ez dugu idatzi hau amaitu nahi, babesa eman diguten erakunde publikoei eta, gizarte osoari eskerrak eman gabe.

Amaitzeko, beste behin, zorionak eman nahi dizkiegu langile guztiei. Antolaketari, elkartasunari eta borrokari esker, lortu dugu. ZORIONAK !!

Beasainen, 2012ko abenduaren 17an.
Beasaingo CAFeko Enpresa Batzordea

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.