LABek adineko pertsonen zaintza lanetara dedikatzen den SAR QUAVITAE enpresak bere mehatxuak betez LABeko bi ordezkari kaleratu dituela salatu du gaur Bilbon. Horietako bat, Enpresa Komiteko presidentea zen, eta bestea, Lan Osasun eta Segurtasun Batzordekoa.
LABek jazarpen sindikala eta delegatuen kaleratzea
salatzen ditu Sarquavitaen
«Agerraldi honetan, SAR QUAVITAE enpresak – estatu mailako enpresa, adineko pertsonen zaintza lanetara dedikatzen dena – aldebakarrez bere mehatxuak bete dituela, eta honenbestez LABeko gure bi ordezkariak kaleratu dituela salatu nahi dugu. Horietako bat, Enpresa Komiteko presidentea zen, eta bestea, Lan Osasun eta Segurtasun Batzordekoa. Honenbestez, enpresan genuen ordezkaritza sindikala indargabetu dute, noiz eta oso une garrantzitsuan, kartelerak, lan egutegiak eta herrialdeko hitzarmenaren negoziazioari ekin behar zitzaien unean alegia.
Horregatik, gaurkoan prentsa aurrean azaltzen gara kaleratutako ordezkariak eurak, beraien kideak, eta sindikatuko arduradunak: Oscar de Los Bueis, Bizkaiko Soziokomunitario Sektoreko arduraduna, Arantza Vazquez, sektoreko nazio arduraduna eta Arantzi Sarasola, Zerbitzu Publikoetako Federazioaren nazio arduraduna.
Era berean honakoa ere salatu nahi dugu, zoritxarrez ez dela lehenenego aldia kaleratze eta bizipen txar hauek pairatzen dituguna enpresa honen aldetik, izan ere, uztailaren 16an Enpresa Komiteko presidente ohiak ere – hau ere LABekoa – berdina bizi izan baitzuen. Lurraldeko zuzendaritzak bere lanpostua uztera behartu zuen pairatzen ari zen jazarpenak bere osasunean eragin baitzuen.
Gure bi kide hauek ordezkaritza sindikala betetzen zuten lau ardatz nagusiren gainean:
1.- Lan eskubideetan izaten ziren urraketak salatzeko zein finkoen eta aldi baterako langileen artean dauden bereizkeriak gainditzeko salaketa ekintzak Lan Ikuskaritzaren aurrean.
2.- Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako Ikuskaritzan salaketak: izan ere baziren egoitza honetan zenbait jokaera eta egoera menpekotasun fisiko eta psikikoko solairuan dauden adinekoen duintasun eta ongizatea kolokan jartzen zituztenak. Salaketa hauen ondorioz bisitak eta ikerketak ekarri zituen Bizkaiko Foru Aldundiaren Ikuskaritzaren aldetik eta solairu hori ixtera behartu zuten enpresa (gaur egun altzariak gordetzeko erabiltzen dute).
3.- Lan Osasunean, lan handia egin zuten ebaluazio ergonomikoak eta higienikoak egitea beharrezkoa zela azpimarratuz. Ebaluazio hauek oso datu esanguratsuak ekarri zituzten eta enpresa behartzen zuten urjentziazko neurriak hartzera. Honetaz gain, gure ordezkarien lanaren ondorioz Lan Ikuskaritzak arrisku psikosozialen azterketa egitera behartu du enpresa, eta azterketa honetan gure kideen parte hartzeko bideak hartzera ere behartuz. Honetarako epea abenduaren 31n bukatzen zen.
4.- Bestalde, erabiltzaileen errejistroak manipulatzen ari zirela ikusita barne auditorian egoteko eskatu zuten, baina enpresak ez zien jaramonik egin.
Esku hartze sindikal honengatik – lan baldintzak baina baita adineko pertsonen zerbitzuak zaintzeagatik – gure kideak erasotuak izan dira. Sei hilabetetan zehar lan fisiko eta psikiko gehien zuten solairuetan isolatuak izan dira lehenik. Gero, honela ere ez zutenez gure kideak hondoratzerik lortu, jazarpen neurriak hartu zituzten harik eta detektibe pribatuak jartzera helduz ere. Gure kideak gezur borobila diren era ezberdinetako akusazio oso larriak pairatu dituzte, guztiak erabat faltsuak, berriro ere diogu. Are gehiago, beste lau lankidek ere pairatu dituzte horrelako akusazioak.
Honakoa azpimarratu nahi dugu: Sozialeko 4. Epaitegiak enpresak jarritako amonestazio baten kasuan arrazoia eman dio gure ordezkariari berau arrazoigabea zela esanez, indargabetuz eta helegitea aurkezteko aukerarik eman gabe ere.
Agerraldi honekin enpresaren zuzeneko ardura salatu nahi dugu, baina ere berean Aldundiak duen zeharkakoa ere. Izan ere, Aldundia baita lehenik, zerbitzu hauek baldintza egokietan, unibertsaltasun, doakotasun, eta kalitatez ematen direla bermatu behar duen entitatea, are gehiago, zerbitzu sozialen sare publiko baten bidez egin beharko luke eta bistan da ez dela egiten ari; eta bigarrenik, Aldundia ere bada zerbitzua gutxieneko lan baldintzetan egiten dela eta langileek gutxieneko babesa dutela bermatu behar duena, izan ere prekarietateak ahalbideratzen baitu honelako jazarpen eta mehatxu praktikak eguneroko ogia izatea.
Izan ere, hau horrela baita, sektore honetan dagoen prekarietateak ziurgabetasuna sortzen du langileen artean, eta kalitate txarreko zerbitzua baita ere; sektorean oro har, baina bereziki salatu nahi dugu enpresa honetan dagoen prekarietateak dakarren ziurgabetasuna. Izan ere, enpresa honetako gure ordezkariek zerbitzuaren kalitate txarra salatu dutelako jazarpena pairatu dute, baina jazarpen praktika hauek langile guztiak pairatzen ari dira arrazoi ezberdinengatik, enpresak askotan salatu ditu langileak adinekoekiko tratu desegokiengatik, akusazio erabat faltsuak, baina langileek kaleratuak izateko beldurraren beldurrez asumitu egiten dituztenak.
Zentzu honetan salaketa ekimen ezberdinak egingo ditugula iragartzen dugu, Lan Ikuskaritzara joko dugu, baita Epaitegietara, eta era berean Aldundira ere jo nahi dugu – zerbitzuaren titularra den heinean – bere bete beharrak bete ditzala exijituz, gure ordezkariak berriro ere egoitzara lanera bueltatu daitezela egin behar duen guztia egin dezan, eta aurrerantzean zerbitzuaren zaintza eta lan baldintzak egokiak direla bermatu dezan – eginkizun bat orain artean bakarrik langileen ordezkarien esku egon dena -.
Sektore honetako erabiltzaile, senide eta langile guztiak animatu nahi ditugu batu daitezen, kalitateko zaintza zerbitzu unibertsalen alde borroka egin dezaten, eta guk gure aldetik iragartzen dugu borroka honetan jarraituko dugula, eta gure ordezkariak berriro ere lanera buelta daitezen borrokan jarraituko dugula.
Euskal Herrian, 2012ko abenduaren 13an»