2024-11-22
HomeIndustriaFederazioaGatazka ezberdinak, arazo berdina: 352 kaleratze negoziazio mahaiaren gainean

Gatazka ezberdinak, arazo berdina: 352 kaleratze negoziazio mahaiaren gainean

Une honetan indarrean diren hainbat lan gatazkek duten jatorri, arrazoi edo motibazio komuna mahai gainean jartzeko prentsaurrekoa eman dute LAB sindikatuko Industria Federazioko ordezkariek. Egunotan hitzetik hortzera ditugun hainbat gatazka abiapuntu hartuta, Bridgestone edota Guardian Llodio kasu, horien atzean, patronalaren aldetik ezarri nahi den estrategia, inposaketan oinarritutako lan harreman eredua, salatu du eta horren ondorioz sortzen ari den enplegu suntsiketaren arriskuaz ohartarazi du LABek. Modu berean, egoera honen aurrean jarraitu beharreko bidea proposatu du.

LABen irakurketa

Gatazka ezberdinak, arazo berdina: 352 kaleratze negoziazio mahaiaren gainean

«Enpresa eremuan sortzen ari diren gatazkak ikusita agerikoa da Euskal Herrian erreforma laboral eta sozial zikloari alternatiba integrala eraiki behar diogula.

Kapitalak, erreformen bidez, kapital gehiago metatu ahal izateko gaitasuna biderkatu egin du. Erreformek negoziazio kolektiborako eskubidea mugatuz eta kaleratzeak erraztuz, kapitala, eskubide laboralak, soldata eta enplegu lapurreta burutzen ari da. Hau, da krisiaren aitzakiarekin lan harreman eredu berri bat jarri nahi dute martxan eskubide barik, prekarioagoa.

Hainbat adibide ditugu egoera honen adierazle direla. Horietariko bi dira Guardian Laudio eta Bridgestone. Enpresa bi hauek euren eskualdeetako jarduera ekonomikoan funtzio garrantzitsua dute, internazionalizatuta daude, ez dute arazo ekonomikorik, irabazi handiak dituzte eta dibidenduak banatzen diete akzionistei. Dibidendu handiak.

Multinazional biak hitzarmena negoziatzen daude. Orain kaleratzeak aurkeztu dituzten euren plantetarako. Bietan, negoziaketa blokeatu egin da enpresak lanaldia edo flexibilitatea handitzeko eskatu duenean eta komiteek ezetza eman dutenean. Blokeoaren aurrean, enpresa beste bide batzuetatik saiatzen da nahi duena inposatzen. Beste bide hori langileak kaleratzeko espediente tramitea hastea da.

Erreformek kaleratzeak burutzeko ia unilateraltasuna eman diote patronalari (badago errekurtso aukera dagokion Justizia Auzitegi Nagusian), baina lanaldia handitzeko edo flexibilitatea handitzeko enpresa batzordearekin akordioa behar dute oraindik. Ezin dute inposatu, adostu egin behar dute. Horregatik, multinazional bi honek Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) martxan jartzen dute lanaldia edo flexibilitatea inposatzeko. Langileen arteko eztabaidan eragin nahi dute, langileak erabaki honetara eramateko: edo enpresak nahi duena edo kaleratzeak. Edo langile bakoitzak gehiago produzitzen du edo kaleratzeak datoz. Honen ondorio zuzena zera da: enpresa eremuko lan harreman eredua mehatxuetan oinarritzea. Hau da erreformen benetako aurpegia, hau da erreformek lanpostuak sortzeko duten benetako borondatea.

Mehatxuetan oinarritutako negoziaketa eredu berri honen atzean patronalak badu helburu bat: lan kostu txikiagoak gehiago irabazteko. Flexibilitatea handitzeak, lanaldia handitzeak, lan berdina langile gutxiagoekin egiteko aukera sortzen du. Beraz negoziaketetan parte hartzeak honako paradoxa ekarri dezake: lanaldia handitzearen akordioak edo flexibilitatea handitzearen akordioak aukera ematen dio enpresari, langile gutxiagorekin produkzio berdina egiteko. Honen ondorioz, akordio honengatik, kaleratzeak datoz (logika horretan kokatzen dugu Burgosen Bridgestonek komitearekin egindako akordioa).

LABetik honakoa planteatzen dugu egoera hauen aurrean:

Inposaketetan oinarritutako lan harreman baten aurrean langileok dugun aukera bakarra erantzun sendoa da. Gaur flexibilitatea nahi dute, edo lanaldia handitzea nahi dute, bihar auskalo. Beraien helburua gehiago irabaztea bada, gure helburua izan behar da borroka bidez beraien estrategia osoa aldatzea, bai forman eta baita edukietan ere.

Enpresen azken helburua ez dira kaleratzeak, flexibilitatea eta lanaldia handitu nahi dituzte. Kaleratzeak flexibilitatea edo lanaldia handitzearen ondorioak dira. Negoziatzen sartzen bagara, enpresak zuzenean irabazten du. Ezin dugu negoziaketan sartu. EEEa kendu eta hitzarmenaren negoziaketak jarraitu egin behar du. Borroka egin beharrean paseoak planteatzen dituena enpresaren eskeman sartuta dago. Ez dago eztabaidarako aukerarik, enpresek ez dute uzten.

Patronalak epe motzeko irabazietan pentsatuz egiten du erreformen aldeko apustua. Ez du enpleguarekin inongo konpromisorik, ezta eskualdearekin ere. Ez dago erantzukizun sozialik. Erreformen atzean diruzalekeria baino ez dago. Hori da CENek eta Confebaskek nahi dutena.

Botere politikoak, lan erreforma horrenbeste kritikatu duten horiek ezin dira kanpoan geratu. Gasteizen gehiengo argia osatzen dute erreforma hauen kontra kokatutako alderdiek. Zertarako daude ezin badute enplegua eta lan baldintzak babestu? Mehatxuetan oinarritutako lan harremanen alde kokatzen dira? Kontran badaude hau da konpromisoak hartzeko momentua. Geldi egotea patronalaren alde egotea da. Gertatzen ari dena lapurreta hutsa da.

LABek bide propioaren aldeko apustua egiten du, hemen adostuta, inposaketari eta mehatxuei tope jartzen dien bide propioaren alde. Zertarako autogobernua enplegu eta baldintzen lapurreta baten aurrean alternatiba bat eskaintzeko aukerarik ez badu? Eragile politiko eta instituzionalak ezin dira egoera honen aurrean pasiboak izan.

Bilbon, 2012ko abenduaren 4ean»

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.