2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakEusko JaurlaritzaLABek bere partehartzea eten du EUDELeko Mahai Negoziatzailean

LABek bere partehartzea eten du EUDELeko Mahai Negoziatzailean

Gaur, otsailak 23, udal eta foru administrazioan nagusi diren lau sindikatu eta EUDELeko ordezkarien arteko hirugarren bilera burutu da Udalhitzen negoziazioa dela eta. Gogoratu dezagun Udalhitzek entitate lokaletako 22.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak arautzeko erreferentzia nagusia dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

EUDELeko ordezkariek jada lehenengo bileratik eduki errealak izango dituen negoziazio prozesu bati heltzeko borondate eskasa agertu zuten, negoziazioaren abiapuntuan 2010ean Madriletik PSOEren Gobernuak inposatutako murrizketak jarriz. Bigarren bilkuran LABek eta ELAk osatzen dugun gehiengo sindikalak (sektore honetako langileen ordezkaritzaren %85a, hain zuzen ere) aldez aurretik argitu beharreko bi gai nagusi planteatu genizkion alde instituzionalari bermeak izango dituen negoziazio bati heldu ahal izateko.

– Bertan negoziatuko dena ondorenean entitate lokal ezberdinetan betetzeko bermeak izatea.
– 2010ean zerbitzu sozialen eskaintzan eta langileen lan baldintzetan, ALDEBAKARREZ, emandako atzera pausuei buelta ematea.

Gaur erantzun ofiziala jaso dugu, negoziazioari heltzeko planteatzen dituzten mugapen nagusietan berretsiz. Gauzak horrela, LABek eta ELAk ez ditugu oinarrizko baldintzarik ikusten EUDELeko ordezkaritzarekin momentuz negoziatzen jarraitzeko, eta alde horretatik, gure parte hartzea mahai negoziatzaile horretan eteten dugu. Alde horretatik argi utzi nahi dugu:

– Gehiengo sindikalarentzat lan baldintza duinak eta zerbitzu publikoen garapena bermatuko duen sektoreko lan hitzarmena oinarrizko erreferentzia izaten jarraitzen du.
– Alde horretatik, bi sindikatuok horren aldeko mobilizazio dinamikarekin jarraituko dugu.
– Ustezko mugapen juridiko, legal edota ekonomikoen gainetik, alde instituzionalak, eta beraz, PNVk eta PSE-EEk duten borondate politiko eskasean dago funtsezko arazoa; finean, biek ala biek eredu berdina planteatzen dutelako udal eta foru administrazioari begira: prekarietatea, pribatizazioak eta zerbitzu publikoen eta langile publikoen lan baldintzen ahultzea.

Ostiral honetan, hilak 25, goizeko 11:00etan Donostiako udaletxearen aurrean egingo dugun kontzentrazioan hartu dugun erabakiaren gaineko azalpen gehiago emango ditugu.

Euskal Herrian, 2011ko otsailaren 23an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.