2024-11-23
HomeEtxe kaleratzeakBat egin dezagun Euskal Herrian bizi garenok, euskal instituzioek behingoz etxebizitza eskubide...

Bat egin dezagun Euskal Herrian bizi garenok, euskal instituzioek behingoz etxebizitza eskubide errealearen alde egin dezaten

PPren Gobernua marra gorri guztiak gainditzen ari da eskubide sozialak eta pertsonen duintasuna zanpatzeko orduan. Azken froga dugu iragarri berri den neurria: egoitza baimena lortzeko aukera ematea etxebizitza bat erosiz gero.

Modu horretan, beste behin ere, agerian geratu da espainar Estatuak nola ulertzen dituen migrazioa eta pertsona migranteen eskubideak. Eskulan merkea eta eskubiderik gabea behar duenean ez ikusiarena egiten du. Murrizketa sozialak aplikatzen dituenean, hainbat sektore migrante errudun bihurtzen ditu. Bizirauteko oinarrizko diru-sarrerak eman behar direnean, errolda-urteak luzatzen ditu. Etxebizitza eskubidea babestu behar denean, etxe-husteak eta gehiegizko alokairuak baino ez ditu eskaintzen. Osasun-zerbitzuen beharra dutenean, prezioa jartzen diete: 710 euro. Eta orain, egoitza baimena lortzeko, prezio berri bat: 160.000 euro.

Begibistan da PPren politikaren muina: erabilkeria, alegia erabili eta bota. Bai Estatuan bai Euskal Herrian, langileok, langabeak, pentsiodunak, gazteak,… haien politikaren jomuga bilakatu gara, eta besteak beste, langileon jatorria erabili egiten dute hainbat sektore migranteen kontra: kanporatzeak bultzatzeko, osasun, etxebizitza eta prestazio sozialetarako eskubideak ukatzeko,… Hain zuzen ere, milaka gazte, lan eskubidea ukatuta, gure herritik alde egiteko bilatzen duen politika berbera.

Beraz, haien etxebizitza merkatua salbatzeko neurri hau, aurreko egunotako gertaeren azken katebegia da. Etxebizitza eskubidearen ukapenak eta etxe-husteen aldeko erabakiek milaka laguni eragiten diote Euskal Herrian, haien artean makina bat pertsona migranteri. Espainar Estatuaren botere finatzieroa eta politikoaren borondatea ezin argiago ikusten da eskubide sozialak erauzteko orduan. Etxebizitza galtzen duen edo galtzeko mehatxupean bizi direnen aurrean, Gobernua eta Banketxeak elkarren eskutik daude. Hor ditugu Gobernuaren azken neurriak etxe-husteen inguruan, arazoari muinetik heltzeko intentzio falta ezkutatu nahian. Eta hor ditugu banketxeak mehatxatuak, Hipoteka Legea aldatuz gero, maileguak gogortuko dituztela etab. Egiten ari direna estortsio hutsa.

LAB sindikatuak dei egiten langileoi etxebizitza sistema ustel hau errotik aldatzeko. Ezin dugu onartu Euskal Herrian, edozein izanda gure jatorria, kaleratuen etxebizitzak espekulatzaileen eta banketxeen objektu bihurtzea, hauen jatorria edozein izanda ere. Bat egin dezagun Euskal Herrian bizi garenok euskal instituzioek etxebizitza eskubide errealearen alde egin dezaten, etxebizitza eskubidearen kontura negozioa egiten ari direnen interesak babesteari utzita.

Euskal Herrian, 2012ko azaroaren 20an

 

 
 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.