2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaFUNVERAKO KONTRATAZIOEN HARIRA

FUNVERAKO KONTRATAZIOEN HARIRA

Gauza arraroak ari dira gertatzen lantegian azken aldian, gauza arraroak edo guri behintzat kezka handia sortzen dizkiguten gauzak. Hurrengo lerroetan adierazi nahi duguna, denbora aunitz pentsatzen egon eta gero egindako hausnarketa bat da. Egia da gauza konplexua dela azaltzeko eta are konplexuagoa oraindik soluzioa bilatzea, baina hausnarketa batzuk gure lankide zaretenekin konpartitu nahiko genituzke.
Komenigarria, berriro ere kaleratzeen aurkako borrokaren azken egunak gogoratzea. Gogoratuko duzutenez, kaleratzeen kontra ia bi hilabete borrokan egon eta gero, espedientea onartu arren borrokan segitu eta gero, momentu konkretu batean haustura bat zen ELA eta LAB-en artean. Gogoratuko duzute enpresak lau errelebo kontratuak egitea eta hurrengo lau urteetako kontratazioak kaleratutakoen artean egitea proposatu zuen, tartean mehatsuak eginez. Behin momentua iritsita, LAB-ek ez zuen proposamena onartu, eta ELA-k bai. Bozketa egin ondotik bozkatu zutenen artean gehiengoak erabakita borroka amaitu zen, ahantzi gabe ELA-ko ordezkariek lanera bueltatzeko eskatu zietela langileei.

Horrek guztiak inori gustatu ez zitzaion tentsioa sortu zuen, eta batipat bi sindikatuen artean talka izugarria sortu zuen, gehiago orduan ELA-ko komiteko kide zen bati honako hau aditu eta gero: "badakigu hemendik aintzinera nor ez den sartuko lantegira lan egitera". Gertakizun hauetatik urtebete pasatu denean, errealitate gordina ari gara ikusten lantegian: lantegiak betoa jarri die kaleratuak izan ziren LAB-eko kideei, eta ELA-ko afiliatuak edo jarraitzaileak ari da kontratatzen ia bere osotasunean. Gogoratu behar da, enpresak bere momentuak errelebo kontratuak egin zituenean ELA-ko afiliatuak izan ziren lanera sartu zirenak. Dirudienez gure koherentzia ideologiko-sindikala ordaintzen ari gara.

Lan hitzarmenaren negoziaketa eman zenean, LAB-etik apostu garbia egin genuen behin eta berriz eta ELA-rekin adostutako plataforman ere agertzen zen: inolako bazterketarik egon ez zedin kontratazioak kaleratuen artean aintzinatasunaren arabera eginen ziren. Gure iritziz hori zen demokratikoena eta justuena eta irizpide objetiboenak markatzen zituena, horren alde egin genuen. Zoritxarrez ELA-rentzat ez zen hain garrantzitsua izanen, puntu horren alde deus borrokatu gabe, eta noski hitzarmenean puntu hori agertu gabe hitzarmena sinatu baitzuten. Gazteleraz erraten den bezala "de aquellos polvos, estos lodos".

Argi eta garbi erran nahi dugu, eta kasu honetan errepikatu ere, ez dugula deus ere sartu diren langileen kontra, alderantziz hagitz kontent gaude berriz ere lanean ikusita; gehiago sartzen badira oraindik eta hobe guretzat. Baina salatu nahi dugu zuzendaritzatik diskriminazio sindikal garbia ematen ari dela LAB-en aurka, eta egoera honen arduradunek izen abizenak dituzte. 13 kontratazioak egiteko ez dute LAB-eko inor ere deitu, eta erraten dutenean kriterio profesionala erabiltzen ari direla gezurretan ari dira!

Egoera honetan denon ardura da honi buelta ematea. LAB izaten ari da egoera jasaten ari dena, baina sindikalgintza duin, garbi eta garden batean sinisten dugun ardura da egoera honi buelta ematea eta kontratazio irizpide justuak ezartzearen alde borroka egitea. LAB-etik zuzendaritzari bilera bat eskatuko diogu azalpenak eskatzeko, eta erantzunaren arabera jokatuko dugu. Garbi dugu hala ere hau ezin dela LAB-en borroka bat izan, eta egoeraren aintzinean isilik gelditzen dena inplizituki egoera babesten ari dela. Beraz gure lankide eta langunengatik egin dezagun aintzinera denok batera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.