Gureola, Celulosas de Hernani, ataka larrian aurkitzen da. Badira 60 egun argi-indarra moztu zutela eta gas hornitzaileak gas mozketa behin-betikoa burutu du. Uztailaren 31tik kilo bat paper fabrikatu gabe darama Gureolak, hartzekodunak ateetan kolpatzen dira zorrak kobratu nahian baina ezinezkoa da, kontuak hustuta baitaude. Langileok ezinezkoak eta bi egin ditugu gure soldatak jasotzeko baina aukera guztiak amaitu dira uztaileko soldataren % 10, abuztu osoa eta EREa aplikatu bitarteko iraileko zatia zor baitigute.
Soldatak jaso gabe egon ostean, irailaren 18tik EREan gaude. Zaintza txandak akordatu dira lantegia hutsik ez uzteko eta bulegotan ia normaltasunez ari gara lanean ordu hauek kobratuko ez ditugula jakitun izanda.
Enpresa, azaroaren 26an amaitzen den hartzekodun aurre-lehiaketa egoeran aurkitzen da eta ordurako egoera guztiz aldatzen ez bada, hartzekodun lehiaketan (concurso de acreedores) sartuko litzateke lantegia epailearen administraziopean geratuz.
Gureolaren sinesgarritasuna hartzekodun, bezero, langile eta abarren aurrean lur jota dago eta zorrak laukoiztu egin dira azken urte eta erdian.
Denbora aldi hori enpresa jabez aldatu zeneko epeari dagokio. Hori dela eta, Gureolako langileok enpresako zuzendaritza egiten dugu egoera honen arduradun. GURETISUEko FERNAND BRULÉ eta WEBRAYko ALES ARTAZAren esku dagoen zuzendaritzak, enpresaren kudeaketa txarragatik egoera tamalgarri honetara ekarri gaituzte, beraz egoeraren erantzule egiten ditugu.
Zuzendaritzatik trabak besterik ez ditugu izan datu ekonomikoak eskatu ditugunean eta azkenean lortu ditugu lan delegaritzatik eskatu dituztelako. Konponbiderako eman zaizkigun epe guztiak pasa dira eta ez dute hitzik sekula bete, ezta ere, inbertsio eta aurrera begirako plangintzetan. Guzti honek zuzendaritzarekiko mesfidantza izugarria sortu du.
Hau guztiagatik eta egoera salatzeko eta konponbide bat exijitzeko asmoz bi aste baino gehiago daramatzagu kontzentrazioak burutzen Hernanin (Iruditan gaur eguerdian egindakoa). Algortan ere burutu izan dugu kontzentrazioa GURETISUE eta WEBRAY enpresek han baitituzte euren egoitzak.
Langileok konponbide bat nahi dugu orain, lan egin nahi dugu eta horregatik borrokan jarraituko dugu egoera jasanezin honi irtenbide bat aurkitzeko asmoz.
Gureolako langile asanblada