2024-11-23
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaLAB sindikatuak bukatutzat eman du EUDELekin negoziazioa

LAB sindikatuak bukatutzat eman du EUDELekin negoziazioa

LAB sindikatuaren iritziz, EUDELekiko negoziazio bidea antzua da, ez delako benetako negoziaziorik onartzen, baizik eta, negoziazio mahaiak lege espainiarra nola beteko duten ezagutarazteko baino ez du balio. Ondorioz, LABek gobernuan dagoen Batzorde Eragilea norabideaz aldatu arte EUDELeko negoziazio mahaia uztea erabaki du.

EUDELek Gobernu espainiarraren 20/2012 Errege Dekretuaren murrizketak aplikatuko ditu
LAB sindikatuak bukatutzat eman du EUDELekin negoziazioa

«Gaur, hilak 28, EUDELeko Negoziazio Mahaia batzartu da, alde instituzionalaren ekimenaz, 20/2012 Errege Dekretuaren azterketa gai bakarra izanik.

EAJ, PSE-PSOE eta PP alderdiek osatzen duten Batzorde Eragilearen ordezkariek 20/2012 Errege Dekretuak ezartzen dituen murrizketak aplikatuko dituztela esan dute, neurriok, legez, derrigorrez bete behar direlako eta ondorioz eurek men egingo dute. Aipatutako Errege Dekretuak, murrizketa sozial larriak ezartzeaz gain (langabeziaren prestazioa eta menpeko pertsonen eskubideak murrizketa, BEZaren igoera, merkataritza ordutegien liberalizazioa…), langile publikoen lan-baldintzak okertzen ditu (abenduko aparteko paga kentzea, oporrak eta baimenak gutxitzea, gaixotasunegatiko bajen kasuan prestazio ekonomikoak jaistea, zenbait eskubide sindikal ezabatzea…), negoziazio kolektiboa, eta udal eta foru sektorearen UDALHITZ hitzarmena, gogor erasotuz.

EUDELeko Batzorde Eragileak udalei lege espainiarra betetzea aholkatuko die, lege-dekretuaren interpretaziorik makurrena eginez, euskal instituzioen eskuduntzei bizkar emanez eta langile publikoen eskubideen murrizketarekin bat eginez.

Gauzak horrela, LAB sindikatuaren iritziz, EUDELekiko negoziazio bidea antzua da, ez delako benetako negoziaziorik onartzen, baizik eta, negoziazio mahaiak lege espainiarra nola beteko duten ezagutarazteko baino ez du balio. Ondorioz, LABek utzi egingo du EUDELeko negoziazio mahaia, gobernuan dagoen Batzorde Eragilea norabideaz aldatu arte.

Are gehiago, LABek gogor salatzen ditu Batzorde Eragilea osatzen duten PNV, PSE-PSOE eta PP alderdiak, murrizketak ez onartzeko eta Madrileko neurrien aurrean planto egiteko irailaren 26ko grebaren bitartez euskal gizartearen gehiengoaren aldarrikapenari muzin egin diotelako. Beraz, langileoi dagokigu, udal bakoitzean baina modu kolektiboan neurrien aplikazioari aurre egitea, mobilizazioa eta borrokaren bitartez.

Eraldaketa sozio-ekonomikoaren eta politikoaren bidean instituzioek LAB bidelagun izango gaituzte, baina murrizketen aplikazioan eta Espainiarekiko menpekotasun jarreretan aurrez aurre.

Euskal Herrian, 2012ko irailaren 28an»

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.