2024-11-23
HomeI26 - Greba OrokorraGreba OrokorraLAB sindikatuaren erreformaren gaineko balorazioa

LAB sindikatuaren erreformaren gaineko balorazioa

Donostian, uztailaren 18an

Erreskatearen berri izan genuenean salatu genuen egin zaigun iruzur politiko eta sozialik handiena izango zela eta murrizketa ikaragarriak ekarriko zituela. Horrela izan da. Inposatu berri zaizkigun erreformak dira sistema finantzieroaren erreskatearen prezioa. Estatu espainiarrak definitiboki hartu du Greziaren bidea, hartu zezakeen biderik txarrena, krisia betikotu du horrela ez dagoelako egoerari buelta ematerik, bazterketa soziala eta pobrezia egiturazko errealitateak bihurtuko dira (ez dira momentuko egoera bat izango). Eta txarrena, hau ez dela gainbeheraren bukaera, ez baitute interbentzioaren aukera baztertzea lortu.
Bide honi lotuak jarraitzea suizidio politiko eta ekonomiko bat da Euskal Herriarentzat. Eta guztiz antidemokratikoa da gainera, gure etorkizuna goitik behera baldintzatuko duen Estatu Erreforma bat inposatzen ari zaigulako euskal herritarron borondatearen kontra eta Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko dugun eskubidea berriro ere ukatuz.

Estatu Erreforma bortitz eta sakon bat burutzen ari dira

Sakona egiturazko erreforma baten aurrean gaudelako. Ez dira momentuari erantzuten dioten neurriak hartzen ari.

− Estatuaren papera aldatzen ari dira. Aurrerantzean iniziatiba pribatuari laguntzera eta kontrol soziala ziurtatzera mugatuko delako. Gobernuek guztiz galdu dute ekonomiaren kontrola eta elite ekonomiko baten eskutan utzi dute eredu ekonomikoa antolatzeko eta garatzeko ahalmena.

− Hautu honi jarraituz sektore publikoa guztiz txikitzen ari dira bere funtzio guztietan: ekonomia suspertzea, zerbitzu publikoak eskaintzea eta prestazio sozialak ziurtatzea. Erreformak ez du beste helbururik.
− Elite ekonomikoaren zerbitzura jarriz, aberastasuna esku gutxitan oraindik eta gehiago biltzeko eta espekulatzen jarraitzeko neurriak hartzen dituzte etengabe. BEZ zerga igotzea aberatsei amnistia fiskala bermatu eta gero, adibidez.
 
− Marko juridiko eta politikoa erreformaz erreforma aldatzen ari dira Estatuan zentralizazio eta uniformizazioa inposatuz gaur arteko deszentralizazio ereduaren gainetik. Gaur ez dago politika propiorik egiteko inolako aukerarik, debekatu egin dira Madrilgo Gobernuak hartzen dituen neurriak derrigorrez aplikatu behar direlako Autonomia Estatutu guztien gainetik, baita hemengoen gainetik ere.

Bortitza eredu kapitalista bortitzena ezartzea delako helburua, horrek izango dituen ondorio sozialekin.
− Krisi hau sortu duten politika neoliberalei muturreko politika ultraneoliberalak ezarriz erantzutea jendartea bazterketa sozialera eta pobreziara kondenatzea da.

− Krisi ekonomikoa areagotu duten neurriak dira guztiak, badakite murrizketa hauekin ez dagoela ekonomia inondik inora suspertzerik beraz enplegua suntsitzen jarraituko dute sekulan ikusi ez ditugun langabezia mailak emango direlarik.
− Honek guztiak izango dituen ondorio sozialak jakinak izanik ere, Estatuak herritarrei babesa ukatu besterik ez die egiten. Ez dituzte oinarrizko zerbitzu publikoak ziurtatzen eta prestazioak murrizten dituzte. Lehen pentsioak eta orain langabezi prestazioa.
− Espainiar Estatua basamortu bat izango da eskubide sozial eta laboralei dagokionez.
Erantzunaren beharra

Langileok kalera ateratzea eta gure eskubideen aldeko borroka indartzea eta zabaltzea beste biderik ez daukagu eta hori da euskal sindikalgintzatik, eragile sozialekin batera, bultzatu behar dugun bidea.

Baina horrekin batera, goi mailako erabaki politikoak hartzeko momentua da. Urrats politiko berriak emateko garaia da. Euskal alderdi politikoei sakoneko ekimen politikoak egiteko garaia heldu zaie bertako langileriaren eta herritarren interesak benetan ordezkatu nahi badituzte.

Alternatiba badago, hiru erabaki politiko hartzen badira:

− Espainiako Gobernuaren neurriak ez aplikatzea.
− Iruñeako eta Gasteizko Gobernuek aurrekontu publikoetan hartutako neurriak atzera botatzea.
− Plan politiko eta instituzional berri eta oso bat egitea krisitik ateratzeko politikak garatzeko. Lau ardatzen gainean egin behar da horretarako:
− Justizia fiskala. Sistemaren erreforma sakona eginez. Enpresen iruzur fiskala borrokatuz. Aberatsek paraiso fiskaletan duten dirutza berreskuratuz.
− Zerbitzu publikoen sistema indartzea. Gastu soziala nabarmen handituz oinarrizko zerbitzuak guzti guztientzat ziurtatzeko.
− Euskal finantza sistema publikoa eratzea. Kreditua eta aurrezkia sozializatzeko. Espekulatzaileei Euskal Herrian euro bat bera ere ematen ez zaiela bermatzea.
− Bizi baldintza duinak bermatzea. Kalitatezko enplegua sortuz eta oinarrizko errenta ziurtatuz lanaren eta aberastasunaren banaketa justua ezarriz.

Alternatiba existitzen da eta beste bide bat hartzea posiblea da subordinazio hutsa alboratuz gero. Bi aukera horien artean erabakitzeko momentua da eta euskal herritarrei dagokie bi aukera horien artean erabakitzea.

LABetik Herriari hitza ematea eskatzen diegu Gasteizeko eta Iruñeako Gobernuei, herri galdeketak egin daitezela EAEn eta Nafarroan euskal eremuan instituzioek hartu behar duten bideari buruz erabakitzeko. Herriak erabaki dezala subordinazioaren eta bide propioaren artean.

Bada garaia egoerari buelta ematen hasteko eta horretarako eszenatoki berri bat finkatu behar dugu. “Erreformak aplikatuko ditut legeak horrela derrigortzen didalako” atzean utzi eta “beste bide bat hartzen dugu herritarrok horrela agindu didatelako” eszenatokira pasatzeko garaia da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.