2024-11-23
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaAHT: Negoziazio Kolektiboa ez betetzeak hildakoak eta txirotasuna sortarazten du

AHT: Negoziazio Kolektiboa ez betetzeak hildakoak eta txirotasuna sortarazten du

ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta elkarretaratzea egingo da astelehenean, hilak 16, Arrasaten, azken heriotz istripua salatzeko.
Atzo, uztailak 12, A.A.R. “Tierra Armada de Prefabricados” enpresan lan egiten zuen 55 urteko behargina hil zen Arrasateko Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanetan. Tierra Armada de Prefabricados Amenabar eta Sacyr-Vallehermoso osatzen duten UTE AVE Mondragon enpresako azpikontrata da. Prefabrikatuak jartzen ari zela hormigoi pieza bat bat gainera erori zitzaion langileari.

LAB sindikatutik elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu A.A.R.-ren familia, senide eta langile guztiei.

Azken urteotan 6 langile hil dira AHT-ren lanetan: Lehendabizikoa, 2008an izan zen Lukun. 2010ean bi langile hil ziren, bat Eskoriatzan, leherketak egiteko erabiltzen duten materialak ustekabean eztanda egin ondoren, eta bestea Duranan. 2011n beste bi behargin zendu ziren, Antzuolan eta Tolosan. Heriotza hauei guztiei gehitu behar zaie zenbatzeko ezinezkoa suertatzen diren istripu guztiak, izan ere, estaltzen saiatzen dira.

Langileen osasunean eragiten duten ezbehar eta heriotza hauek guztiak beharginek pairatzen dituzten lan-baldintza kaxkarretan dute oinarria. Prekarietatea, azpikontratazioa, aldi baterakotasuna etab. istripu eta gaixotasunen oinarrian kokatu behar dira. Are eta argiago geratzen da hau eraikuntzaren hitzarmen sektoriala eta probintziala betetzeari uko egiten diotelako sistematikoki. Araututakoa ez betetzeak prekarietateari ateak zabaltzen dizkio. Honen ondorio dira AHT-ren obretan gertatzen ari diren heriotz istripuak eta suertatzen diren gainerako istripu guztiak.

LABek zera salatzen du: soilik elite ekonomiko eta politikoei interesatzen zaizkien lan eta azpiegitura erraldoiak inposatzen dizkigutela, euren etekinak mantendu eta handitzea beste helbururik gabe, ondorioz langileen pobretzea areagotzen duten bitartean. Are gehiago, azpiegitura horiek ingurugiroa suntsitzea, lurraldea desorekatzea eta langileen bizitzak arriskuan jartzea dakarte, kasu honetan bezala, —eta AHTaren lanetan jada badira sei— langileak hiltzeraino. Hori dela-eta, lan horiek bertan behera uztea exijitzen dugu.

Garai hauetan gastu publikoa minimoetara murrizten ari dira, eta sistemaren propagandistek egoerak “arduraz jokatzea eta austeritatea” eskatzen duela diote. Baina Abiadura Handiko Trenaren obrekin guztiz kontrako jarrerari eusten diote: behin eta berriro errepikatzen dute aurrera eramango dituztela, kosta ahala kosta, aurreikusita baino gehiago bada ere, eta pentsatutako denboran. Eurentzat garrantzia duen bakarra negozioa da, ez besterik.

Erakunde publikoek, patronal gisara aritzen direnean, errezeta neoliberalak ezartzen dituzte: denbora laburrenean ahalik eta gehiena egin, eta ahalik eta merkeen. Lanak burutzeko epeak mozten dira, horren ondorioz presak eta erritmoak azkartu eta ordu extrak nagusitzen direlarik. Katean egindako azpikontratazioa eta behin-behinekotasuna arau bilakatzen dira; lan hitzarmen kolektiboak ez dira betetzen, etab… Hau da, langileon eskubideen defendatzaile omen direnek lan merkatuaren prekarizazioa areagotzen dute, nahiz eta jakin badakiten prekarietatea nagusitzen denean lan ezbeharrak ugaldu egiten direla. Baina berdin die, izan ere, gure osasuna eta gure bizitza ez zaie batere axola.

Aldaketa mobilizazioan eta borrokan datza. Horretarako, apirilaren 16an, astelehenean, ELA, LAB, HIRU, EHNE eta STEE-EILAS sindikatukook elkarretaratzea egingo dugu. Arrasateko plazan izango da, goizeko 11,30etan. Bertan, politika horien ondorioz eman den osasunaren galera eta langileen heriotzak gure salaketa adieraziko dugu. Izan ere,

AHTak gure osasuna larriki kaltetzen du. LAN ISTRIPU GEHIAGORIK EZ!

Euskal Herrian, 2012 uztailaren 13an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.