2025-03-17
HomeEkintza Sindikala26 langile hil ziren 2024an Nafarroan, azken hamarkadako kopururik altuena

26 langile hil ziren 2024an Nafarroan, azken hamarkadako kopururik altuena

LAB, CGT/LKN, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuetako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Iruñean, 2024. urtean Nafarroa Garaian gertaturiko laneko ezbeharren kopuruen inguruko txostena aurkezteko, eta salatu dute iaz lanean edo laneko bidean 26 langile hil zirela herrialdean. Sindikatuek beren afiliatu sarearen bidez izan dute heriotza horien guztien berri, Nafarroako Gobernuak datu txikiagoa eman baitu.

Sindikatuek salatu dute istripu kopuruak ez duela etenik. Nahiz eta gero eta jende gehiagok zerbitzuetan lan egiten duen (%70), hau da, istripu traumatiko gehien eragiten dituzten sektoreetatik kanpo.

Istripu larrienei dagokienez, aipatzekoa da azken 10 urteetan gutxienez 612 langile hil direla lan istripuz Euskal Herrian, horietatik 141 nafarrak edo Nafarroan. 2024. urtean 64 hil ziren Euskal Herrian, horietatik 26 nafarrak edo Nafarroan (azken hamarkadako kopururik altuena). 26 horien artean 9 ez-traumatikoak izan ziren, 8 in itinere edo in mision, 5 kolpeen edo harrapaketen eraginez (horietako 4 makinekin lotuta) eta 4 altueratik erorita. Sektoreei dagokienez, aipatzekoa da 9 hildako garraiolariak zirela, 7 Industriakoak eta 4 Eraikuntzakoak.

Datuok erakusten dute sektore batzuetan errazagoa dela hiltzea: Eraikuntzan, Industrian, Garraioan, Basogintzan… Eta beste batzuetan errazagoa da gaixotasun profesionalak garatzea (batez ere afekzio psikosozialak). Azken horietan sektore feminizatuek pairatzen dute egoera bortitzena. Lan batzuek hil egiten dute, beste batzuek, aldiz, ez dute bizitzen uzten.

2024an, enpresek zein mutualitateek 24.000 lan istripu aitortu zituzten, eta horien erdiak egun bat baino gehiagoko bajak eragin zituen. Kopuru altua da, baina halere sindikatuek uste dute istripu asko eta asko erregistratu gabe gelditzen direla. Gauzak horrela, sindikatuen iritziz patronalak zein eskuinak etengabe darabilten “absentismoaren arazoa” ke-laino bat baino ez da, eta arazo nagusia laneko arriskuak dira, patronalak legedia urratuz eragiten dituen arriskuak.

Gobernuak zenbait heriotzaren datuak ere ezkutatzen dituela salatu dute sindikatuek. Laneko heriotzen zerrenda ofizialetatik kanpo gelditu ohi direnak garraiolarienak izaten dira, edo in itinere edo in mision gertatzen direnak. Laneko heriotza bezala 2024an ukatu zirenen artean, kasu zehatz bat aipatu nahi izan dute sindikatuek: irailaren 16ean Irunberrin eraikuntza lanetan ari zen 42 urteko langile bat aldamiotik erori eta zauri larrien ondorioz hil zen; bada, hasiera batean ofizialki lan istripu bezala kudeatu zuten arren, mutualitateak Osasunbideak eginiko autopsiaren datuak eskuratu zituen eta horiek baliatuz eragin laborala ukatu zuen eta istripu arrunt gisa kalifikatu zuen.

LAB, CGT/LKN, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek beren afiliatu sarearen bidez izaten dute lan istripu askoren berri. Horregatik beren datuak Gobernuak ematen dituenen ezberdinak izaten dira. Arestian aipatu bezala, sindikatuen datuen arabera, 2024an Nafarroa Garaian 26 langile hil ziren lanean edo laneko bidean; datu ofizialek diote 22 izan zirela.

Ia 30 urte dira lan osasunaren inguruko araudi orokorra onartu zela, ia 30 urte dira patronalak inpunitate osoz ez duela araudi hori betetzen, eta ia 30 urte dira gobernuek ez dutela araudi hori betearazten. Horren guztiaren aurrean, LAB, CGT/LKN, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek jarraituko dute salaketa ekintzak egiten eta mobilizatzen, jarraituko dute mutualitateak publifikatzearen aldeko borrokan, eta jarraituko dute gobernuei exijitzen NOPLOIri isunak jartzeko gaitasuna emateko eta Nafarroan lan ikuskatzaile askoz ere gehiago jartzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mahai Orokorreko sindikatuok greba deitu dugu apirilaren 9rako Nafarroako Administrazio osoan

LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok prentsaurrekoa eman dugu Mahai Orokorrean langile publikoen lan-baldintzen benetako negoziazioa eskatzeko, foro horrek baitu langileen zilegitasuna eta babesa.

Marinaledan egindako SAT sindikatuaren IV. Kongresuan parte hartu du LABek

Sindikatua eraiki, herria eraiki lelopean egin du bere IV. Kongresua Andaluziako SAT sindikatuak; ekintza sindikalean jauzia emateko eta kapitalismoa gainditzeko Andaluzia burujabearen norabidean aurrera egiteko bokazioarekin.

LABentzat Osasun Mahaian erabakigarria izango da publikotasun eredua, eta hori bermatzeko presio sozialaren alde egiten du

Hamar lantaldetan parte hartuko du sindikatuak, baina Lankidetza Publiko Pribatua eta Hitzarmenaren araubidea izenekoan gertatzen denaren arabera hartuko ditu 3. faserako erabakiak.