2025-04-22
HomeEkintza Sindikala2024 urteko lehen bi asteetan 4 hildako Euskal Herrian

2024 urteko lehen bi asteetan 4 hildako Euskal Herrian

Gaur goizean, Nafarroako Arriben, 42 urteko langile bat hil da eraikuntzan, altuerako erorketa baten ondorioz. Joan zen astean, Gipuzkoako Aginagan kokatuta dagoen Viveros de mariscos Viuda e Hijos de Jerónimo Izagirre enpresan gertatutako altuerako istripu baten ondorioz langile bat oso larri dago. Dagoeneko 2024ak, bere lehen bi asteetan, 4 hildako utzi ditu Euskal Herrian. 

Urtearen hasiera latzak ohiko joera ziklikoa berretsi besterik ez du egin. Iaz, urtea 58 hildakorekin itxi genuen, aurrekoan baino gutxiagorekin. Aurtengo joera ikusita berriro ere hilkortasun tasaren gorakada baten aurrean geundeke. Istripu guzti hauen atzean neurri prebentiboen eza dago. Segurtasun bitartekorik gabeko altuerako erorketak ohikoak dira gurean.   

Nahiz eta altueretako lanek baduten araudi propioa, zorrotza, errealitatean patronalak inpunitate osoz saihesten du langilearen bizitzarako bermeak eskaintzea, araua hautsiz. Honen aurrean administrazioek ez dute nahikoa neurri hartzen eta isunak, istripua gertatu ostean soilik egoten dira, inoiz ez aurretik egondako ez betetzeengatik.

Patronalaren inpunitateak iaz 58 hildako utzi zituen Euskal Herrian, inpunitate honek berak aurten dagoeneko 4 langile erail ditu. Zenbat hildako langile behar ditu patronalak bere diru gosea asetzeko?

Langile klase antolatuak soilik lortuko ditu aldaketa sakonak. Egoera hau salatzeko eta langileriaren elkartasuna adierazteko, datorren asteazkenean, urtarrilaren 17an, mobilizazioa egingo dugu LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT/LKN sindikatuok, eguerdiko 12:00tan, Iruñean, Gobernuaren egoitzaren aurrean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.