2024-12-22
HomeEkintza Sindikala2023ak dagoeneko 51 langile hilik utzi ditu lan istripuz

2023ak dagoeneko 51 langile hilik utzi ditu lan istripuz

Gaur goizean, Etxarri Aranatzen, Armaduras Omnia enpresako 51 urteko langilea prentsa batek harrapatuta hil da. Atzo bertan salatu zuen LABek Euskal Herrian lanean zendutako pertsonen kopurua 50era iritsi zela; bada, dagoeneko handitu da zifra hori. Gertatutakoa gaitzetsi eta neurriak eskatzeko elkarretaratzea deitu dute bihar Altsasun.

Azken egunak lazgarriak izaten ari dira lan osasunaren arloan Euskal Herrian. Urrun joan gabe, atzo bertan beste langile bat hil zen Cintruenigon, altueratatik erorita, eta joan zen astean Iruñeko Labrit pilotalekuan izandako antzeko istripu baten ondorioz beste langile bat larriki zauriturik dago.

LAB sindikatuak samina eta elkartasuna adierazi die hildakoen senide, lagun eta lankideei.

Euskal Herrian urtez urte lan istripu kopurua izugarria da, eta aurten dagoeneko 51 dira lanean zendu diren pertsonak. Nafarroaren kasuan, jada bederatzi dira. Istripu hauen atzean patronalaren ez-betetzeak daudela azpimarratu du LABek. Nahiz eta prebentzio araudiak ia hiru hamarkada abian daramatzan, patronalari oso merke ateratzen zaio legez kanpo jardutea, inork isuntzen ez duelako. Kapitala bizitzaren aurretik ipintzen du patronalak, langileen bizitzen aurretik.

Sindikatuaren esanetan, Nafarroako Gobernuak ardura garbia du egoera honetan. Chiviteren gobernuak behingoz onartu behar du Lan Ikuskaritzaren eskumena, eta esfortzu guztiak araudiaren betearazpenean ipini. Egun, Nafarroan 12 lan-ikuskari baino ez daude, eta hauen presentzia guztiz testimoniala da. Aldiz, ehunka mila euro xahutzen dituzte inongo eraginik ez duten prebentzio kanpaina antzuetan. Heriotza bermatzen duen dinamika honekin amaitu behar dela adierazi du LABek.

Hala, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT/LKN-k osatutako intersindikaletik asteazken honetan 19:00etan, Altsasuko Iortia plazan deitu duten mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...