2024-12-19
HomeEkintza Sindikala"2019an egin genuen, eta beharrezkoa bada, berriro egingo dugu"

“2019an egin genuen, eta beharrezkoa bada, berriro egingo dugu”

Bizkaiko metalgintzako zazpi sindikatuok agerraldia egin dugu herrialdeko hitzarmen sektorialaren negoziazioari buruzko gure jarreraren berri emateko, biharko aurreikusitako negoziazio mahaiaren hurrengo bileraren bezperan. Duela hiru urte egindako gatazka gogoan, borrokarako prest gaudela nabarmendu dugu: “Edo patronalak negoziazioa desblokeatzen du eta benetako negoziazioa aktibatzen da mahaian, edo sektoreko langile guztiei dei egingo diegu beraien enpresetatik eta kaleetatik exijitzeko”. 52.000 langileri eragiten die hitzarmenak.

LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, USO eta CGT sindikatuok igorritako oharra, agerraldiaren harira:

Maiatzaren 16an, astelehena, Bizkaiko metaleko hitzarmenaren negoziazio mahaia osatzen dugun 4 sindikatu nagusiek (LAB, ELA, CCOO, UGT) plataforma bateratu bat erregistratu genuen Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan. Erregistro hori negoziazio mahaian ordezkatuta ez dauden sektoreko gainerako sindikatuekin batera egin genuen (ESK, USO eta CGT).

Dagoeneko zazpi bilera egin dira, eta patronalaren blokeoa erabatekoa da. Sektoreko sindikatu guztiek plataforma bateratua aurkezteak blokeo hori haustea du helburu, eta benetako negoziazioa bultzatzea, eta ez patronalak ohitu nahi gaituen edukirik gabeko antzerki hutsa.

Erregistratu dugun plataforma bateratuaren edukiak honako hauek dira:

* Soldata-igoerak KPIaren gainetik eta tauletatik kanpoko langileentzat, % 100eko gutxieneko bermea.

* Antzinatasuna igotzea.

* Lanaldia murriztea eta malgutasuna mugatzea.

* Jarduera guztietarako subrogazioa.

* Errelebu-kontratua aplikatzeko derrigortasuna.

* ABLEen bidezko kontratazioa mugatzea.  

* Ordaindutako lizentziak egokitzea.

* Laneko osasunean, amiantoaren arazoari aurre egiteko neurriak eta lan-istripuak eta lanbide-gaixotasunak eragindako ezintasun eta heriotzagatiko kalte-ordainetan hobekuntzak.

* Beste puntu batzuk: telelana arautzea, berdintasunaren aldeko neurri zehatzak, kontziliaziorako neurriak eta zaintzak.

Metalgintzako sektore hitzarmena 2019an berreskuratu zen sinatu gabe urte gehiago pasatu ondoren, deitutako grebetan parte hartzu zuten milaka langileren mobilizazioari esker. Horregatik, sindikatuok argi dugu langilean ez ditugula botata utziko eta ez dugula onartuko, FVEMek nahi duen moduan, hitzarmena ez berritzea.

Duela urtebete baino gehiagotik guztiok dakigu, horrela sufritzen dugulako, zenbat garestitu den bizitza. Energiaren prezioaz gain, erosketa-saskia esponentzialki garestitu da azken hilabeteetan. Sektore honetan ere, gero eta indar handiagoz agertzen ari da langile txiroaren figura; izan ere, enplegua izanda ere, ezin da iritsi hilaren amaierara, ezta haren oinarrizko premiak asetzera ere. Beraz, sortzen den aberastasunaren bidezko banaketa exijitzen dugu. 

Sektoreko sindikatuok argi daukagu. Edo patronalak negoziazioa desblokeatzen du eta benetako negoziazioa aktibatzen da Bizkaiko metaleko hitzarmenaren mahaian, edo sektoreko langile guztiei dei egingo diegu beraien enpresetatik eta kaleetatik exijitzeko. 2019an egin genuen, eta beharrezkoa bada, berriro egingo dugu.

Ildo horretan, aste honetan bertan, mozioak aurkezten hasi gara sektoreko enpresetan, enpresa-batzordeek eta delegatuek sina ditzaten, Bizkaiko metalaren hitzarmenaren borrokari atxikiz eta enpresetako zuzendaritzei exijituz FVEMi benetako negoziazioa eska diezaioten eta negoziazio-mahaia blokeatzeari utz diezaion.

Bihar hitzarmenaren zortzigarren bilera egingo da. FVEMek aukera bat du aurkeztutako plataforma bateratuari erantzun positiboa emateko. Hemendik zuzenean interpelatu nahi ditugu FVEMeko Batzorde Exekutiboko bazkide direla dakigun enpresak; Tecuni, Arteche, ITP, Sidenor, Eldu, Ormazabal, Murueta ontziolak eta beste batzuk. Negoziazioa blokeatzen jarraitzen baduzue, sektoreko langileei beren lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko aukera ukatzen badiezue, aurrean izango gaituzue eta blokeatu egingo zaituztegu. Zuen esku dago gatazkak saihestea eta grebak eta konfrontazioak saihestea.

Amaitzeko, gogorarazi nahi dugu metaleko langile batzuk jazarpen judiziala jasaten ari direla 2019an egindako azken grebetatik.

Ekainaren 7an, Aitor eta Arkaitz Bizkaiko metalgintzako bi langile epaituko dituzte Audientzia Probintzialean, 23 hilabeteko espetxe-zigorra eskatuz. Hori dela eta, metaleko sindikatu guztiok, lan-gatazketan auzipetutakoen plataformarekin batera, Audientzia Probintzialaren aurrean kontzentratuko gara Aitor eta Arkaitzi elkartasuna adierazteko eta lan sindikalaren kriminalizazioaren aurka.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.