2025-04-24
HomeEkintza Soziala2014 urterako gutxieneko soldata izoztea Madrilgo Gobernuak pertsonekiko duen mespretxusko jokabidearen erakusle...

2014 urterako gutxieneko soldata izoztea Madrilgo Gobernuak pertsonekiko duen mespretxusko jokabidearen erakusle argia da

2014.urterako Gutxieneko Soldata izoztearekin, Madrilgo Gobernuak agerian utzi du pertsonekiko mespretxua besterik ez duela. Ez dute aski soldatak jeistearekin, bizi dugun langabeziarekin, etxe kaleratzeekin, hipoteken gastuei aurre egiteko, elikadura bermatzeko edota elektrizitate-hornidura mantentzeko zailtasunak sektore askotan eragiten ari diren sufrimendu eta minarekin. Bitarteko ekonomiko eta politikoak maneiatzen dituztenek gutxi batzuren ongizatea eta aberastasuna handiagotzeko baldintza eta berme bilakatu dute jendartearen pobretzea.

Gutxieneko Soldataren izozketak eragin zuzena du prestazio sozialetan (inklusio errentak, diru-laguntzak…). Horrela, prestazioak alditik aldira urriagoak dira eta beraz, gero eta nekezagoa da pertsonen oinarrizko beharrak asetzea. Gutxieneko Soldataren eros-ahalmen galerak berekin dakar behar adinako prestazio sozial duinak galtzea, prekarietatea areagotuz eta gero eta jende gehiago benefizentziara kondenatuz, bestelako alternatiba eta itxaropenik gabe.

Euskal Herrian oinarri-oinarrizko eskubide sozial eta laboralak urratzen ari dira. Europako Gutun Sozialak ezarritako irizpideen arabera, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata gure herrian 1233 eurokoa izan beharko litzateke, Madrilgo Gobernuak ezarritako 645,30 eurotatik urrun, beraz.

LABek neurri zorrotzak eskatzen ditu pobreziari aurre egiteko. Soldata jeitsieraren bidetik eta prestazioak izoztuz edota jaitsiz ez goaz inora. Lana eta ondasuna banatzeko neurriak inoiz baino beharrezkoagoak dira. Gutxieneko Soldata progresibo propio bat ezarri behar dugu, eta ez hori bakarrik, gure herriak bere soldata eta aberastasun errealitatearen araberako pobrezia muga propioa ere behar du izan. Euskal Herriak ezin du onartu, eta gutxiago aurrera egin, gizarte sektore batzuk, herritargoaren zati bat, gaztedia, langabetuak, pentsiodunak…. Pobrezia eta benefizentzia egoeran betikotuz.

Euskal Herrian, 2013ko abenduaren 27an 

LAB sarean
{module[111]}

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek UGTSARIOren X. kongresuan parte hartu du: autodeterminazioaren aldeko borrokarekin konprometitutako elkartasun sindikala

LAB sindikatuak UGTSARIO sindikatu sahararraren X. kongresuan parte hartu du. Mahjub Brahim-i, sindikalismo sahararraren martiria eta erreferente historikoari, eskainitakoa izan da. Bertan 400 ordezkari sahararrek eta nazioarteko 80 ordezkarik hartu dute parte. Hiru eguneko kongresua izan da, eta bertan hainbat herrialdetako sindikalista, aktibista eta militantek beren konpromisoa berretsi dute Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko borrokarekin, Marokoko okupazioaren kontra batasuna adieraziz eta nazioarteko elkartasun sareak sendotuz, eta horien artean izan da LAB.

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak borrokan

Aurten Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena negoziatzen hasi ginen. Momentu honetan negoziazioa blokeatuta dago, Patronalek aurkeztu duten proposamena edukiz hutsa dagoelako. Alde batetik, igoera ekonomikoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren tarifetara baldintzatzen dituzte eta bestetik, sindikatuek planteatu ditugun beste aldarrikapen guztiei ezezko borobila eman diete. Argi geratu da berriro ere, patronalek ez dutela zaintza lanak duintzeko eta zerbitzua hobetzeko intentziorik.

Pasaiako Udalak udal haur eskola zerbitzua bertan behera uzteko hartu duen erabakia okerra da LABentzat

Prentsaren bidez jakin du LABek Pasaiako Udalak eskaintzen duen Lilitegia udal haur eskola zerbitzua bertan behera uztea erabaki duela, EH Bildu eta Podemosen bozkekin. Pasaiako haur eskola zerbitzu hau, lizitazio baten bitartez bertako ikastolak ematen badu ere, udal zerbitzu publiko bat da, hemendik aurrera Pasaiako jendearteak udaletik jasoko ez duena.