2024-12-22
HomeEkintza Sindikala2008an sinatutakoa betetzeko eta Bizkaia osorako garbitegi publiko bat martxan jartzeko eskatu...

2008an sinatutakoa betetzeko eta Bizkaia osorako garbitegi publiko bat martxan jartzeko eskatu diogu Osakidetzari

Osakidetzako ikuztegiko eta lentzeriako zerbitzu gehienak pribatizatuta daude. Bizkaian, Barrualde ESIak bakarrik mantentzen du garbitegi publikoko zerbitzua Galdakaoko Ospitalean; gainerako ESIetan, berriz, enpresa pribatuak arduratzen dira uniformeak eta ospitaleratutako pertsonentzako oheko arropa garbitzeaz eta kudeatzeaz. Egoera honen aurrean, Osasun Sailak Bilbon duen egoitzaren aurrean mobilizatu gara, Osakidetzari Bizkaia osorako garbitegi publiko bat martxan jartzea eskatzeko.

Beste behin ere, Osakidetzaren funtzionamendu egokirako oso garrantzitsua den zerbitzua, etekina ateratzeari zerbitzuaren kalitateari baino gehiago erreparatzen dioten esku pribatuetan utzi da. Izan ere, zerbitzu pribatizatuta daukaten ESI horietan guztietan arazo ugari sortu dira, bai uniformerik ez izateagatik, txarto garbiturik egoteagatik edota ospitaleratutako pertsonentzako oheko arropa eta manta faltagatik. Azken adibidea Bilbo-Basurtu ESIan dugu, non zerbitzua ILUNION enpresak ematen duen. Enpresa hori ez da behin eta berriz hitzartutako kalitatea eta zerbitzua betetzen ari, eta, aurretik ere beste ESI batzuetan, hala nola Santa Marinan eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetan, arazoak ere sortu ditu.

Osakidetzako zuzendaritzak osasun publikoaren pribatizazioaren aldeko apustu garbia egiten jarraitzen du. Iurretako plataforma logistiko baten lizitazioarekin edo Boroako biltegiarekin ikusten ari gara egunotan. Zerbitzu horiek guztiak Osakidetzako langileek ondo baino hobeto eman ditzakete, kalitate eta segurtasun handiagorekin eta koste txikiagoarekin. Arazoa da horrela diru publikoaren iturria moztuko litzaiekela enpresa lagunei. LABek 160 milioi euroko balioa duten pribatizazioak geldiarazi ditu gaur arte Osakidetzan.

Ikuztegi-zerbitzuarekin, gainera, Osakidetzako Zuzendaritza behin eta berriz eta kontzienteki urratzen ari da 2008an Mahai Sektorialean sinatutakoa. Urteak dira Bizkaian ikuztegi publikoko zerbitzu bat izan behar genuela, lurraldeko Osakidetzako zentro guztien eskaerari erantzuteko. Hala hitzartu zen gaur egun indarrean dagoen 2007, 2008 eta 2009ko Lan Baldintzen Akordioan, 12. atalean, honako hau adierazten baita: “-Zerbitzuen kanporatzea: Osakidetzak, Akordio hau sinatzean, onartu egiten du ente publikoak Bizkairako Garbitegi zerbitzu propioa sortzeko konpromisoa eta Akordio hau indarrean dagoen bitartean jarriko du martxan, euren kontratuak amaitu ahala Osakidetzako zentroek azpikontratatuta dituzten zerbitzuak bere gain hartzeko”.

Osakidetzako zuzendaritzaren sinadurak ez du ezer balio dirua eta etekin pribatua jokoan daudenean.

Kontzentrazio honekin jarrera hori salatu nahi dugu eta Osakidetzako Zuzendaritzari gutxienez adostutakoa eta sinatutakoa bete dezala eskatu nahi diogu. Zehazki, LABek honako hau eskatzen dio Osakidetzako Zuzendaritzari:

• Bilbo-Basurtu ESIan, ILUNIONekin egindako kontratua bertan behera uztea behin eta berriro hitzartutakoa ez betetzegatik.

• Pribatizatuta dagoen ESIetan ikuztegiko eta lentzeriako zerbitzua publiko bihurtzeko prozesua abian jartzea.

• Mahai Sektorialean hitzartutakoa betetzea eta Bizkairako garbitegi publiko bat abian jartzea, betiere Galdakaoko Ospitalean dagoen ikuztegi publikoko zerbitzua mantenduz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...